Sanchez: «Nire babes osoa Zapatero presidenteari»

Zapatero inputatu eta biharamunean egin dute gobernuaren kontrol saioa Espainiako Kongresuan. PPk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka egin du, baina hark baztertu egin du dimisioa ematea.

Pedro Sanchez, gaur, Espainiako Kongresuan. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Pedro Sanchez, gaur, Espainiako Kongresuan. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 20a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gobernuaren kontrol saioa egin dute gaur Espainiako Kongresuan, eta gai bakarra izan da denen ahotan bolo-bolo: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente (2004-2012) izandakoa inputatu izana. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Zapatero alderdikidearen alde egin du, eta errugabetasun presuntziorako eskubidea aldarrikatu. PPk gogor egin du PSOEren aurka, eta Sanchezi dimisioa emateko eskatu dio. Sanchezen inbestidurari bide eman zioten blokeko alderdiak, berriz, mesfidati agertu dira.

«Lankidetza erabatekoa justiziarekin, errespetu erabatekoa errugabetasun presuntzioari, eta nire babes osoa Zapatero presidenteari». Sanchezen hitzak dira, gobernuaren kontrol saioan esandakoak. Espainiako Gobernuko presidenteak lehen aldiz hitz egin du jendaurrean atzo Zapateroren inputazioaren berri jakin zenetik, eta ez du zalantzarik izan alderdikideari babesa emateko orduan.

PPk gogor egin du sozialisten aurka, eta, Koldo auziak eztanda egin zuenean egin bezala, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook Sanchezi eskatu dio dimisioa eman dezala. Era berean, galdetu dio ea Zapaterok zer eragin izan zuen beraren gobernuan, eta «gobernu ustel baten burua» izatea leporatu dio: «Epailearen autoa irakurrita ikus daiteke Sanchezen ministroen kontseilurik gabe Zapaterok ezingo lukeela deliturik egin».

«Ustelkeriari begiratu nahi badiozu, begiratu iezaiozu ispiluari. [...] Hainbeste gauza ezkutuan eta gordeta edukitzeko beharra dutenen irakaspenik ez, bat ere ez»

PEDRO SANCHEZ Espainiako Gobernuko presidentea

Sanchezek baztertu egin du dimisioa ematea, eta argi esan du Espainiako presidentetzarako hauteskundeak datorren urtean egingo direla —beranduenez, 2027ko abuztuan izango dira—. «Gobernura botoen bidez iritsi behar da, ez bidezidorretatik», adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta zuzenean mintzatu zaio Feijoori: «Ustelkeriari begiratu nahi badiozu, begiratu iezaiozu ispiluari. [...] Hainbeste gauza ezkutuan eta gordeta edukitzeko beharra dutenen irakaspenik ez, bat ere ez».

Gerora, Feijook kazetarien aurrean adierazi du Espainian ez dela inoiz halakorik izan —Espainiako Gobernuko presidente ohi bat inputatu duten aurreneko aldia da—, eta egoera aldatzeko bere eskuetan dagoen guztia egingo duela adierazi du: «Hori da gure egitekoa». Era berean, gehitu du Sanchezen inbestidurari bide eman zioten alderdien teilatuan dagoela pilota. «Gobernuaren bazkide diren alderdiak ustelkeria sostengatzen ari dira».

Bazkideak, mesfidati

Feijook aipatu dituen alderdi horien artean, Esquerra Republicanaren (ERC) Espainiako Kongresuko bozeramaile Gabriel Rufianek kongresuan bertan hitz egin du, eta mesfidati agertu da. «Hau egia bada, kaka hutsa da. Eta egia ez bada, are gehiago. Askotan ikusi dugu, gehiegitan. Baina erantzuna merezi du».

Era berean, adierazi du «izorratuta» dagoela Zapatero inputatu dutela-eta, «errespetu eta estimu handia» diolako, eta esan du halaxe dagoela Espainiako ezkerraren aldeko jende andana ere. Zehaztu du Zapatero ez luketela inputatuko hauteskundeetan ezkerrarentzako «aktibo garrantzitsu bat» izango ez balitz, eta «ehizaldi judizial bat» dagoela tartean. «Baina nik ere baditut begiak», gaineratu du, kasuaren larritasuna agerian utzi nahian. «Ezkerra beste gauza bat da», amaitu du.

Podemoseko buru Ione Belarrak, berriz, atzo esan zuen «gerra judizial zikina» egiten ari direla. Gaur, ordea, mesfidati agertu da bera ere kazetarien aurrean, Espainiako Kongresura sartu berritan: «Ez dauka itxura onik». Beranduago, kongresutik ateratzerakoan, beste adierazpen batzuk egin ditu, eta esan du Espainiako Gobernuari «maldan gora» jarri zaiola kontua: «Orain arte zabaldu den informazioa konfirmatuz gero, argi dago hori guztia ezin dela egin Espainiako Gobernuren laguntzarik gabe». Nolanahi ere, ERCk eta Podemosek uko egin diote zentsura mozio batean parte hartzeari. 

Compromis alderdiko diputatu Alberto Ibañezek adierazi du epailearen autoak ez duela «usain onik», eta IU Izquierda Unidako diputatu Enrique Santiagok esan du Zapaterok gestio politikoak egiteko diru kopuru bat kobratu badu hori «delitua» dela.

Espainiako Gobernuko presidente ohiari antolakunde kriminal bateko kide izatea, influentzia trafikoan aritzea eta agiriak faltsutzea egozten diote. Zapaterok, ordea, ukatu egin ditu leporatzen dizkiotenak. Atzo egin zuen hori, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez.

Jose Luis Calama instrukzio epaileak dioenez, duela bost urte Zapaterok esku hartu zuen Espainiako Gobernuak 53 milioi euro erabil zitzan Plus Ultra aire konpainia erreskatatzeko. Eta, horrekin lotuta, egotzi diote 1,5 milioi euro kobratu izana legez kanpoko komisioak erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE