Bruselak uste du Ukrainak eta Europak badutela zer esana Errusiaren inbasioa amaitzeko elkarrizketetan

Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan du Moskuk ez duela «kontzesiorik» egin. AEBetako armadako buruak Zelenskirekin biltzekoak dira gaur, Kieven.

Ukrainako erreskate zerbitzuetakoak, gaur, Errusiak atzo goizaldean bonbardatu zuen eraikinean.  MAXIM MARUSENKO / EFE
Ukrainako erreskate zerbitzuetakoak, gaur, Errusiak atzo goizaldean bonbardatu zuen eraikinean. MAXIM MARUSENKO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko azaroaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsak harrotu dituzte Washingtonek eta Moskuk Ukrainako gerrari buruz beren kasa egindako negoziazioek, baita gatazka amaitzeko ondu duten planak ere, Ukrainak eta Europak ez baitute zer esanik izan haren inguruan. Axios AEBetako hedabideak atzo eman zuen plan horren berri, eta biharamunean, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak agerian utzi du Errusiaren inbasioa ezin dela amaitu alde guztiak kontuan izan gabe: «Bakeak justua eta iraunkorra behar du izan, eta ukrainarrek eta europarrek ere ados egon behar dute», adierazi die gaur kazetariei, Bruselan, EBko Atzerri ministroekin bildu aurretik.

Gerra bukatzeko «esfortzu oro» estimatzen dutela ziurtatu du Kallasek, baina, «edozein planek» funtziona dezan, «nahitaezkoa» deritzo Kieven eta Europako aliatuen iritzia kontuan hartzea: «Erasotzaile bat dago, eta biktima bat», esan du, «eta ez dugu entzun Errusiak kontzesiorik egin nahi ote duen. Errusiak bakea nahi izango balu, baldintzarik gabeko su etena onartuko zukeen aspaldi».

Errusiak eutsi egin nahi izan die 2022ko otsailean inbasioa hasi eta zazpi hilabetera anexionatu zituen eskualdeei; alegia, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson eskualdeei. Baina badirudi amore eman duela: zenbait hedabidek eta albiste agentziak kaleratu dutenez, AEBek eta Errusiak ondutako planean zehazten da Zaporizhia eta Kherson Ukrainaren esku geratuko liratekeela. Hori bai, Errusiak bere gain hartuko lituzke Luhans eta Donetsk probintziak, de facto —gainera, gune desmilitarizatuak izango lirateke, eta Errusiak ezingo lituzke tropak hara bidali—.

Bai alde baten eta bai bestearen kontzesioena ez da gauza berria: Donald Trump AEBetako presidentea Vladimir Putin Errusiako bere homologoarekin bildu zen abuztuan, Anchoragen (Alaska, AEB); hortik gutxira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bisita egin zion Etxe Zurira, eta Trumpek «lurralde truke posibleez» hitz egitera deitu zuen, gerra amaitzearren.

Besteak beste, neurri hauexek ere aipatzen dira planean: Ukrainako armadaren tropak erdira murriztea; zenbait arma erabiltzeari uko egitea, adibidez, irismen luzeko misilak; Mendebaldeak Ukrainara soldaduak bidaltzeko debekua —AEBen «segurtasun bermeak» jasoko lituzke, horiek zehazten ez diren arren—; eta Kievek errusiera hizkuntza ofizial gisa onartzea.

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak mezu bat idatzi du gaur sare sozialetan, eta adierazi «ideia errealistak» behar direla Ukrainako «gerra konplexu bezain hilgarria» buka dadin: «Bi aldeek ados jarri beharko dute, eta kontzesioak egin. Horrexegatik ari gara eta arituko gara ideia potentzialen zerrenda egiten, bi aldeen ekarpenetatik abiatuta».

AEBetako armadako buruak, Kieven

Duela hiru aste, Steve Witkoff Errusiarako eta Ekialde Hurbilerako Etxe Zuriaren ordezkaria eta Kiril Dmitriev Kremlinen ordezkaria Miamin (AEB) elkartu ziren, eta, Axiosen arabera, bi horiek parte hartu dute plana adosteko elkarrizketetan. Are, Zelenski eta Witkoff atzo biltzekoak ziren Turkian, hau da, maiatzetik uztailera gatazkako bi aldeen arteko negoziazioak egin zituzten herrialdean. Azkenean, baina, AEBetako ordezkaria ezin izan zen joan Turkiara.

1.000

Zenbat soldaduren gorpuak jaso dituen Ukrainak Kievek eta Moskuk gerra presoak trukatzea adostu zuten duela urte erdi inguruko negoziazioetan, baita frontean hildako soldaduen gorpuak trukatzea ere. Elkarrizketa horiek bertan behera geratu ziren, baina trukeaz arduratzen den Ukrainako organoak jakinarazi du mila hilotz jaso dituela gaur, AFP berri agentziak kaleratu duenez.

Gaur, berriz, AEBetako armadako zenbait arduradun biltzekoak dira Zelenskirekin, Kieven. Goizean, Julia Svrividenko Ukrainako lehen ministroa Daniel P. Driscoll AEBetako Armada idazkariarekin bildu da. Lehen ministroak ez du aipatu Washingtonek eta Moskuk ondutako plana: «Errusiak herritar errugabeak hiltzen jarraitzen du, etxeak suntsitzen, eta azpiegitura kritikoei eraso egiten. Baina Errusiari presio egiteko estrategia efektiboa da; ezinbestekoa da energia eta finantza arloetako zigorrak areagotzea, erasotzaileari buru egiteko».

Bien bitartean, fronteko lerrotik urrun ere Ukrainari eraso egiten segitzen du Errusiak; atzo goizaldean Ukraina mendebaldeko Ternopil hiriko etxebizitza bloke bat bonbardatu zuen, eta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur jakinarazi duenez, jada 26 dira hildakoak, eta 22 lagun desagertuta daude oraindik. «Erreskate zerbitzuetakoak gau osoan aritu dira lanean, eta bilaketa lanetan jarraituko dute», esan du sare sozialetan idatzi duen mezu batean.

POLONIAK ESKATU dU BI UKRAINAR ESTRADITATZEKO trenbide baten aurkako igandeko erasoa dela eta

Poloniak bi ukrainar estraditatzeko eskatu dio Bielorrusiari, uste baitu zerikusia dutela igandean Polonia Ukrainarekin lotzen duen trenbideari egindako erasoarekin. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak asteon esan duenez, gertatutakoa ikertzen ari direnek jakinarazi diote bi susmagarri horiek udazken honetan iritsi direla Bielorrusiatik Poloniara, eta uste dute Errusiako zerbitzu sekretuentzat lan egiten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.