Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak atzo jakinarazi zuen bere onera itzuli dela argindar azpiegituraren %75 eta ur hornidurako katearen %68. Rodriguezek azaldu zuenez, azken orduetan bizirik atera dituzte hainbat lagun hondakinen artetik, eta, beraz, aurrera jarraituko dute erreskate lanetan. Dena den, bizirik atera direnei aterpea ematea da orain lehentasuna.
Lurrikarek erabat hondatu dituzte La Guairako eraikin ugari, baina zutik daudenek ere kalte handiak izan dituzte. Hori dela eta, Venezuelako Gobernuak iragarri du batzorde berezi bat osatuko dutela eraikinak nola dauden egiaztatu eta herritarrak ahalik eta azkarren etxera itzul daitezen. Horrez gain, behin-behineko kanpalekuak eraikiko dituzte etxerik gabe geratu direnentzat, eta «berehala» hasiko dituzte etxeak eraikitzeko lanak.
Lau egun igaro dira bi lurrikara gogorrek Venezuela jo zutenetik, eta salbamendu lanetan segitzen dute, baina desagertuak bizirik aurkitzeko itxaropena apalduz doa. Ofizialki 1.450 dira hildakoak, eta 3.150 zaurituak, baina, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, baliteke 50.000 inguru izatea desagertutakoak.
Desagertuen artean Koro Badiola dago. Haren familiak azaldu duenez, eraikin berean bizi zen emakume bat bizirik topatu dute azken orduetan. Jon Sustatxa ingeniari bilbotarraren gorpua atzo aurkitu zuten, La Guairan zeukan etxean.
Nazioartea laguntza bidaltzen ari da oraindik ere. Nazio Batuen Erakundeak, esaterako, behin-behineko erietxe bat eraikitzeko materiala bidali du La Guairara; izan ere, oinarrizko azpiegiturak suntsituta dauden honetan, gaitzak zabaltzeko arrisku handia dago. Gobernuak militarizatu egin du kaltetutako eremua, eta herritarrei eskatu die ez joateko hara. Asteburuan 2.600 tona janari eta ur banatu dituzte militarrek kaltetuen artean.
Gaur-gaurkoz, 25 herrialdek bidali dituzte erreskate taldeak Venezuelara, eta ia 2.400 langile dabiltza lanean; bestak beste, eroritako eraikinen hondakinen azpian dauden pertsonak eta gorpuak ateratzen.
Horrez gain, Venezuelako Hezkuntza Ministerioak gaur jakinarazi du Venezuelako ikastetxeak itxita egongo direla gutxienez uztailaren 5era arte, lurrikaren ondorioen eraginez. Era berean, ministerioak familiei eta hezkuntza sektoreari adierazi die «soilik erakundeen kanal ofizialetan ematen diren argibideei» jarraitzeko.