«Atzerriko aktoreek, narkoterroristek eta kriminalek» Venezuela «mehatxatu» ez dezaten, akordio militarra sinatu dute gaur Caracasek eta Washingtonek. Pete Hesgeth AEBetako Gerra idazkariak iragarri du, urtarrilean Venezuelaren aurkako erasoa zuzendu zuen departamentuaren buruak hain zuzen ere. Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea alboan zuela egin ditu adierazpen horiek, Miraflores Jauregian. Caracasek beste urrats bat egin du AEBen aldera, Nicolas Maduro New Yorken atxilo duten presidentearen lorratzak atzean utzita.
Ikusi gehiago
Rodriguezek esan du garrantzitsua dela akordio militarra berriz abiaraztea, elkarlan horrek teknologia berriak eskuragarri jartzen dizkiolako Venezuelako armadari. Gainera, gaur egindako agerraldian, berretsi du Venezuelaren eta Washingtonen arteko harremana erabat aldatu dela: «Hilabete gutxiren buruan, egoera oso gogorrak atzean utzi, eta elkarlanerako eta bi aldeen onurarako eremuak sortzeari ekin diogu».
Urtarrilean AEBek Maduro eta haren emazte Cilia Flores bahitu ostean hartu zuen presidente kargua Rodriguezek —ordura arte presidenteorde zen—; ordutik, gero eta gehiago hurbildu da AEBengana. Martxoan bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berrezarri zituzten; orain, 2005ean Hugo Chavez presidente ohiak (1999-2013) hautsitako akordio militarra jarri dute indarrean berriz ere.
Caracasen norabide aldaketa txalotu du Hesgethek Rodriguezekin bildu ostean, AEBen Caracaseko enbaxadan egindako agerraldian: «Venezuela eskualdeko mehatxurik handiena zen orain arte; orain, berriz, segurtasun arloko bazkidea da». Trumpen Gerra idazkariaren arabera, bi herrialdeetako armadak «elkarlanean» aritu ahal izango dute gaur sinatutako itunari esker. Horrela, uste du lortuko dutela segurtasuna areagotzea Venezuelaren «muga subiranoen barnean», baina baita Amerika osoan ere.
Halere, kontuan hartu behar da AEBetako armadak jada jardun duela aurten Venezuelan egindako hainbat operaziotan. Maduroren aurkako erasoa albo batera utzita, Washingtonen indarrek parte hartu dute Tren de Aragua taldeko buru Niño Guerreroren aurkako erasoan eta, berriki, Kolonbiako ELN Nazioa Askatzeko Armadaren aurkako operazio batean ere bai. Ez dute argitu bi eraso horietan zenbat pertsona hil dituzten.