Washingtonek bonbardaketekin erantzun die Teheranen erasoei

AEBetako armadak esan du «eraso olde gogorra» burutu duela Iranen azpiegitura militarren kontra. Irango hedabideen arabera, eztandak entzun dira Persiar golkoko kostaldean, eta gutxienez hiru lagun hil dira.

Donald Trump AEBetako presidentea hilkutxa batean irudikatzen duen horma irudi bat Teheranen, duela bi aste. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea hilkutxa batean irudikatzen duen horma irudi bat Teheranen, duela bi aste. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko uztailaren 30a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irango Guardia Iraultzaileak misil balistikoz eraso zion herenegun gauean Ameriketako Estatu Batuetako armadak Jordanian duen base militar bati; hori zuen asmoa behintzat, aireko defentsa sistemek eztanda egin baino lehenago eraitsi baitzituzten. Bada, Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak jakinarazi du ohar bidez ezen bart «sekulako erantzuna» eman diela bezperako eraso saiakerei, eta zehaztu du islamiar errepublikako armadaren azpiegituren kontrako «eraso olde gogorra» burutu duela: agintaritza zentroak, misilen eta droneen biltegiak, kostaldea zaintzeko guneak eta itsas armadaren baliabideak, besteak beste.

Eztandak entzun dira Persiar golkoko kostaldean, Irango hedabideen arabera: familia bateko gutxienez hiru lagun hil dira Qexm irlan, tartean haur bat, etxebizitza baten kontrako erasoan; eta Buxehr eskualdeko hiru hiritan bonbardaketak izan dira, baita Khuzestan eta Fars eskualdeetan eta Kix irlan ere. Jordaniako armadak jakinarazi du bart, herenegun bezala, Irandik jaurtitako bost misil balistiko eraitsi dituela herrialdeko aire eremuan; hori jaso du Petra albiste agentziak.

Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazi du gaur bertan «zigortuko» duela «erasotzailea». Ohar batean, ziurtatu du Ormuzko itsasarteak itxita jarraituko duela AEBek «gehiegizko erretorika eta mehatxuak» alde batera utzi arte.

Joan den asteburuaz geroztik aipatutako horiexek dira Washingtonen eta Teheranen artean egon diren lehenbiziko erasoak, sinatu gabeko eten gisako bat egin baitute bi aldeek, diplomaziak zer ekarriko ere. Hutsean geratu da, ordea, beste behin, eta hori iradoki zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Etxe Zurian kazetarien aurrean atzo egin zuen ohartarazpenak: «Indarrez egingo diegu eraso, orain gure txanda da eta . Badakite badatorrela. Haiek egin zuten tiro. Orain gure txanda da, hortaz, eta ikusiko dugu halakoren batean akordio bat adosten dugun». Ondoren heldu da AEBetako armadaren erantzuna.

Gogoratzekoa da akordio bat lortu, lortu zutela. Ekainaren erdialdean, memorandum bat sinatu zuten AEBek eta Iranek Pakistanen bitartekaritzari esker, eta behintzat erasoak eten zituzten hiru astez; baina uztailean sartuta, Washingtonek amaitutzat eman zuen tregoa, eta aldeen arteko erasoek ia bi aste iraun zuten, joan den asteburura arte. Orain, beste behin ere, are gehiago areagotu da gatazka Ekialde Hurbilean.

Eskualdean ere izan da erasorik azken egunotan: herenegun gauean, AEBek eta Saudi Arabiak Iranen alde Iraken jarduten duen talde armatu baten azpiegiturak bonbardatu zituzten, eta hogei miliziano hil. Irango Atzerri Ministerioak gaur salatu du eraso horiek Iraken subiranotasuna eta lurralde osotasuna urratzen dituela: «Kriminalak, krudelak eta probokatzaileak dira ekintza horiek».

Gaur eman duen prentsaurreko batean, Pakistango Atzerri Ministerioko bozeramaile Tahir Andrabik adierazi du «ahalak eta bi» egiten ari direla aldeak mahaiaren bueltan berriro eser daitezen, eta ekaineko memorandumera itzul daitezen. Nabarmendu du, erasoak gorabehera, negoziazioak bere horretan dirautela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA