Xose Manuel Beiras hil da, azken hamarkadetan Galiziako politikagintzako erreferentziarik handienetako bat izandakoa. BNG Bloke Nazionalista Galiziarra alderdiaren sortzaile eta Galiziako mugimendu abertzaleko buruzagi izan zen, eta beti egon zen politikari lotua: klandestinitatean, elkarteetan eta politika instituzionalean militatzen eman zuen bizia.
Duela hamar urte, agur esan zion politikaren lehen lerroari, baina duela bi buru-belarri aritu zen hala Galiziako nola Europako Parlamentuko bozetan.
Ikusi gehiago
1936ko apirilaren 7an sortua zen, eta jaio zeneko efemeride hura gogoan izaten zuen beti. «Fronte Popularrarekin sortu nintzen, iraun zuen denbora gutxi horretan». Hala aipatu zuen 2018an BERRIAri emandako elkarrizketa batean.Â
Haren aita, Manuel Beiras, Espainiako Bigarren Errepublikaren hastapenetan Manuel Castelaok sortutako Alderdi Galiziarreko kide izan zen, 1935era arte, eta Santiago de Compostelako hautetsi. Galiziaren aldeko alderdi hura, baina, zatitu egin zen: kide batzuek altxamendu faxistarekin bat egin zuten, baina Beirasen aita, besteak beste, leial izan zitzaion errepublikari. Halere, alderdiko beste kide batzuk ez bezala, ez zen erbestera joan. Xose Manuel semea eskola frankistatik aldendu nahian, haren hezkuntza irakasle errepresaliatu baten esku utzi zuen.
Xose Manuel Beirasek Zuzenbide ikasketak hasi zituen Santiago de Compostelan, eta, gero, Parisko Sorbona Unibertsitatean osatu, bai eta Frantses Filologia ikasi ere. Diktaduraren eraginpetik aldendu nahian, erbesteko mugimendu galiziarrak kultur erresistentzia defendatzen zuen, eta testuinguru horretan hasi zuen Beirasek bere ibilbide politikoa. Gerora, Parisko ezkerreko munduak eta Marxen testuak irakurtzeak ikuspegia aldarazi zioten, ezkerrerantz.Â
1963an, PSG Galiziako Alderdi Sozialistaren sorreran parte hartu zuen. Behin diktadura amaituta, PSGren autonomia aldarrikatu zuen, eta PSOErekin bat egitearen kontra azaldu. 1977ko hauteskunde orokorrak, baina, porrot handia izan ziren —27.197 boto eta ordezkaririk ez—, eta, alderdiarekin batera, krisi sakonean murgildu zen Beiras bera ere, gerora aitortu izan zuenez.
Trantsizio betean izan zen krisi hura, eta Beirasek ez zuen batere iritzi onik trantsizioaz: «Ilargiak aurpegi bat itzalean duen bezala, trantsizioan badago ezkutuko alde bat. Trantsizioari buruzko pentsamendu zuzenaren arabera, eredugarria izan zen, baina trantsizioa iruzur politiko bat izan zen, eta iruzurrezko ordezte bat. Proiektua haustura demokratikoa zen, erregimen frankistaren eraikuntza osoa bota eta prozesu konstituziogile bat irekitzea, aktore guziek Espainiako herrien autodeterminazio eskubidea onartuta», esan zion BERRIAri 2018ko elkarrizketan.
1982an, Coruñako Riazor frontoian, BNGren sorreran parte hartu zuen, eta hiru urte geroago, 1985ean, Galiziako parlamentari hautatua izan zen, BNGko ordezkari bakarra.
Hiru legealditan, Manuel Fraga PPren sortzaile eta Galiziako gobernuburuaren kontrako oposizioaren erreferentzia nagusi bilakatu zen, PSOEri berari aurre egin eta Galizian lehia nagusia PPren eta PSOEren artekoa den ideia hautsita. 1997an lortu zuen marka historikoa: hemezortzi legebiltzarkide. Ana Pontonek 2024ko bozetan baizik ez du lortu ordukoa haustea.
2004an, Galeusca koalizioa hitzartu zuen EAJrekin eta CiUrekin batera, Europako Legebiltzarrerako bozei begira.Â
Urte batzuk lehenago, Galiziako Legebiltzarrean ordezkari bat galdu zutela eta, barne mugimenduak hasi ziren BNGn, eta auzitan jarri zuten Beirasen lidergoa. Hala, 2005ean albo batera egin eta BNGko presidente izateari utzi zion. Hala, barne korronte kritiko bat bultzatu zuen alderdi barruan, Encontro Irmandiño. BNGk Galiziako Alderdi Sozialistarekin (PSdeG) batera koalizio gobernua osatu ostean, haustura etorri zen 2012an. Encontro Irmandiño korronteko hainbat kidek erabaki zuten BNGtik ateratzea, zuzendaritzarekin eta haren estrategiarekin zituzten desadostasunengatik: «BNG jada ez da nazionalista guztien etxe komuna».Â
Ikusi gehiago
Haustura hura traumatikoa izan bazen ere, egungo BNG sendoagoaren hazia ere izan zen. Beirasen eta Encontro Irmandiñokoen erabakiak eragin zuzena izan zuen Galiziako ezkerreko alderdien indar orekan; Anova-Irmandade Nacionalista alderdia sortu zuten, gerora Podemosekin eta Esquerda Unidarekin elkartuta hainbat hauteskundetara aurkeztuko zena, eta arrakasta handia izan udaletako, probintziako eta nazio mailako bozetan. 2024an etorriko zen BNGren eta Anovaren arteko lankidetza akordioa.
Beirasek akordio hura bultzatu bazuen ere, ordurako utzia zuen politikaren lehen lerroa, 2016an esan baitzion agur. Â
Erreferentziazko politikaria izateaz gain, Galiziako intelektual nagusietako bat ere bazen, eta bi arloak uztartu zituen. Urteotan guztiotan 11 entsegu argitaratu ditu Galiziako garapen ereduari buruz, biztanleriaren egiturari buruz, nazionalismo galiziarrari ikuspegi sozialista emateari buruz, Prestige petroliontziaren hondamendiari eta haren osteko Nunca Mais mugimenduaren esanahi politikoari buruz...Â