Krisia Nafarroako Gobernuan. PSNren bilera saila

PSOEk ez du babestuko zentsura moziorik Nafarroan

Gaur 18:00etan biltzekoa da PSNko lurralde batzordea, baina PSOEtik zentsura mozioa ez aurkezteko agindua aurreratu zaioAralar NaBairekin amaitu ditu bilerak PSNk, eta adostasuna zuten bozak aurreratzeko

Patxi Zabaleta eta Xabi Lasa Aralar NaBaikoak eta Pedro Rascon, Roberto Jimenez eta     Samuel Caro PSNkoak, atzoko bileran. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
PSNk jarritako doinuan dantza egin du Nafarroako politikagintzak asteon. Baina Madrilgo Ferraz kalean dago zuzendaritza nagusia, eta dantzaldia hondatu diote. PSNk atzo amaitu zituen bilera sortak eta Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko adostasuna zegoen Nafarroan. Baina atzo PSOEren zuzendaritzak bilera egin ostean, zentsura mozioa «ez formalizatzea» erabaki dute, «ez dago aukerarik zentsura mozio bat aurrera ateratzeko Bildurik gabe». Atzo aurreratu zuten albistea Ser irrati kateak eta El Pais-ek. Beraz, PSNri zentsura mozioa aurkeztea debekatu diote. Baita besteren batek aurkeztutakoa babestea ere.

PSOEren zuzendaritzak uste du Nafarroako blokeoaren erantzule nagusia Yolanda Barcina dela, gehiengorik gabe eta egomkortasunik gabe aurrera egin nahi duelako. Horregatik, PSOEtik eskatzen diotena da dimiti dezan eta bozak maiatzaren 25erako dei ditzan. PSOEk uste du dimititzeari uko eginda «Bilduren eserlekuen babesarekin» gobernatzen segitzea erabakitzen duela, ea Nafarroan eguneroko kudeaketa zailtzen duela gutxiengoan dagoelako.

Nafarroan aldaketa oztopatu beraz Ferrazek. Agindu argia etorri zaio beraz PSNri. Eta ikusteko dago gaur PSNk erabakiko duena, lurralde batzordeak arratsaldean hauteskundeak aurreratzearen alde egitea espero baitzen. Ordezkaritza sozialistak atzo bertan Aralar NaBai parlamentu taldeari aitortu zionaren arabera, aho batez hartu asmo zuten erabakia, PSOEri presio egiteko.

PSNk herenegun Geroa Baik zein Ezkerrarekin eta atzo Aralar NaBairekin egindako bilerek ere bere funtzioa izan zuten. Horietan, PSNk helarazi zien zentsura mozioa aurkeztearen alde lan egingo zutela. Dena den, Patxi Zabaleta Aralar NaBaiko ordezkariak atzo eguerdian kazetariei adierazi bezala, hori dena PSNren eta PSOEren arteko elkar ulertzean datza. «PSNkoek adierazi digute espero dutela Lurralde Batzordeak hartzen duten erabakia errespetatuko duela PSOEk». PSOEren zuzendaritzaren erabakiaren aurreko hitzak ziren.

PSOEren presioa Barcinari

PSOEk argi utzi nahi izan du solaskide politiko izateari utziko diola Yolanda Barcinak. Eta atzoko mezuan berretsi zen azken egunotan Barcinaren aurka esandakoak. Ez PSNk ez PSOEk espresuki ez dute aipatzen UPNren izena, Barcinarena berarena baizik. PSNrekin akordioak lortzearen aldeko UPN barruko sektore politikoak mugiarazi nahi dituzte, eta, Miguel Sanzen mugimenduak ikusita, eraginkorrak izan dira. Nahiz eta postuari gogor eutsi azkenean Barcinak amore eman eta dimisioa aurkeztuko balu, alderdi sozialistarentzat irtenbide egokiena litzateke.

Hala, atzo Aralar NaBairekin izandako bileraren ondotik, Barcinaren aurka gogor mintzatu zen PSNko Pedro Rascon. Yolanda Barcinak aurretik esana zuen krisi instituzionala PSNren erruz dela eta UPNk ez duela Bildurekin itunik egingo. «Ez dakit nafarrak ergeltzat hartzen gaituzten. UPNk Bildurekin itunik ez duela esanda ez da jabetu Tafallako alkateak jendaurrean onartu duela Bildurekin ituna egin zutela? Ala horrek balio du? Nahikoa da. Tafallarentzat ona dena txarra da Nafarroarentzat? Gezurra besterik ez du esaten», esan zuen Rasconek.

Barcinak, ordea, bere postuari eusten dio, eta denbora amaitzen ari da. Pedro Rascon eledun sozialistak aurreratu du gaurko lurralde batzordeak hartuko duela erabakia eta PSNren jarrera ofiziala zehaztuko duela. Baina erabaki hori ia baldintzatua etorri zaie Madriletik.

Hiru ordu laurdenez bilduta izan ziren atzo Aralar NaBaiko Patxi Zabaleta eta Xabi Lasa eta PSNko Roberto Jimenez, Samuel Caro eta Pedro Rascon. Bileran Patxi Zabaletak argi utzi die EH Bilduko beste bazkidea, Bildu koalizioa, elkarrizketa horietatik kanpo uztearen aurka dagoela. Zabaletaren irudiko, «bazterketa eza ezinbesteko printzipio demokratikoa da», eta, horregatik, desadostasuna azaldu dio PSNri: «Ezin du bazterketarik egon, Barcina orain hainbeste indarrez heltzen zaion Nafarroako erregimenaren ikur baita», arrazoitu du Zabaletak.á

Mozioa bozak aurreratzeko

Patxi Zabaletaren esanetan, bileran Nafarroako egoera politikoak eta aurrean dituzten erronka ekonomikoak izan zituzten hizpide. Zentsura mozioaren aukerari buruz ere hitz egin zuten, baina, Zabaletaren esanetan, ez zituzten haren baldintzak argitu.

Dena den, Aralar NaBaiko eledunak zehaztu du zer funtzio jokatu behar lukeen balizko zentsura mozioak: «Sinatu gabeko lerro arteko akordio bat badago, eta, horren arabera, zentsura moziotik ateratzen den gobernuak instrumentala izan behar du. Ez du denboran iraun behar». Zabaletaren esanetan, oposizioko alderdi guztiak «erabat ados daude» horri buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.