Steilasek dio 21 herritan eskaintza publikoa ez dela %35era iristen

Steilas sindikatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2 urteko haurrentzako dagoen eskaintzaren berri eman zuen atzo txosten batean. Haien esanetan, eskaintza publikoa eta itunpekoa dauden herrietan itunpekoak dira postu gehienak, eta eskola publikoari «eginkizun subsidiarioa» uzten diote. Datuak eman dituzte esanak berresteko: eskaintza publikoa eta itunpekoa dagoen herrietatik hamahirutan eskaintza publikoa ez da %35era iristen, eta 27tan %45ekoa baino txikiagoa da. Zortzi herritan, berriz, itunpeko eskaintza besterik ez dago.
Sindikatuak hiru kasu aztertu ditu: eskaintza publikoa baino ez duten udalerriak, eskaintza publikoa eta pribatua «lehian» daudenak eta eskaintza publikorik ez duten udalerriak. Lehenengoekin hasita, Steilasek eman dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2 urteko umeentzako eskaintza duten 187 udalerrietatik 113tan eskaintza publikoa baino ez dago. Azaldu dutenez, horietatik 43 eskola txikiak dira. Ondorioz: «Erraz ondoriozta dezakegu hezkuntza eskubidea negozioa ez den herri txikietan hezkuntza publikoak bermatzen duela eskubide hori». Sindikatuaren irudiko, beraz, «sare publikoaren eta pribatuaren arteko talka» herri jakinetan dago, bereziki 10.000 biztanletik gorakoetan.
Herri horien azterketa sakonagoa egin du. Nabarmendu dute eskaintza publikoa ez dela %35era iristen hamahiru herritan eta, 27tan ez da %45ekoa ere. Areago. Salatu du zortzi udalerritan itunpeko eskolak baino ez daudela.
Eskaintzaren eta benetako beharraren arteko erlazioa ere aztertu dute. Sindikatuaren arabera, hamalau herritan itunpeko eskaintza nahikoa izango litzateke eskaintza osoa asetzeko. Alabaina, hamahiru herritan ez dago eskaintza nahikorik herriko 2 urteko haur guztiak matrikulatzeko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.