Borondatea bai, eperik ez

Bat egin ez arren, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua prest azaldu dira transferentziak adosteko

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramailea, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jon olano
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bi aldeek adierazi dute borondatea, baina, negoziazio mahaian ados jarri ezinda, epe zehatzik finkatu gabe jarraituko dute hizketan. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak katramilatuta segitzen dute 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Madrilen esku dauden eskumenak eskualdatzeko prozesuan, azken egunetan «sakoneko desadostasunak» agertu baitira transferentzia horiek negoziatzeko mahai teknikoan.

Ekonomikoak dira desadostasunak, eta horiek xehatu zituen atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak: «Elkarrizketak akordiorik gabe bukatu genituen, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera berdina da; gu ez gaude hauteskunde kanpainan, prest gaude datozen egun eta asteetan negoziatzen jarraitzeko, bidean dauden transferentziak gauzatu ahal izateko». Herenegun «ezinezkoa» zen akordioa, baina ezein gobernuk ez ditu elkarrizketak apurtutzat eman, Erkorekaren arabera. Halaber, elkarrizketen konplexutasunaz ohartarazi zuen, esanez kontuan hartu behar dela eskualdaketa guztiak «artisautza lan bat» direla: «Hemen, gure eskumenak, arlo askotan, bereziak dira, eta eskualdaketak ere modu berezian diseinatu behar dira. Bestalde, gure finantzaketa sistema itunpekoa da. Biengatik, eskualdaketa guztiak banan-banan landu behar dira».

Lanketa horretan «aurrerapauso nabarmenak» eman dituztela azpimarratu zuen Erkorekak: «Arlo juridikoan asko aurreratu dugu, eta posizioak hurbildu dira, baina arlo ekonomikoan ez dira oraindik behar adinako hurbilketak gauzatu». Atal horretan, Jaurlaritzak «azken 30 urteetan defendatu izan duen planteamendu bera» babestu du, «eskualdaketa guztietan orain arte jaso izan dena, duela bost hilabete eginikoetan barne». Bestelako irakurketa bat egin du, ordea, Madrilek.

Bizkaiko eta Arabako AP-68aren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteen eraginez kaltetutakoentzat eta eskola asegurua: horiek dira mahai gainean dauden eskumenak, eta eskualdatzeko «borondate irmoa» azaldu zuen atzo Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Bi gobernuen arteko desadostasunen neurria txikitu zuen Zelaak; haren arabera, lau eskumenetako bat adostuta daukate, eta «xehetasun batzuk» baino ez dira falta beste hiruretan.

Eskumenen negoziazioari buruz mintzatu zen atzo Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea ere: «Utzi egin behar diogu denbora galtzeari; estatus berri baterako jauzia egin behar dugu». Era berean, esan zuen ezin dutela onartu «eskola aseguruak lortzeko borroka epiko bat eduki behar izatea». Horregatik, beharrezkotzat jo zuen Espainiako Estatuarekin «berdintasunezko harreman bat» izatea, «etorkizuna erabakitzeko ahalmena» izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.