Pobreziarekin lotuta daude Arartekoak haurren arloan jasotako kexen %41

Jaurlaritzaren familia plana txalotu du Lezertuak, haur pobreziaren aurka «apustu argia» dakarrelakoan. Etorkinentzat leku gehiago eskatu ditu
Haurrak etxetik kanpo gutxi jolasten direla deitoratu du Lezertuak.
Haurrak etxetik kanpo gutxi jolasten direla deitoratu du Lezertuak. JAIZKI FONTANEDA / AGENTZIA

Maite Asensio Lozano -

2019ko ekainak 4
Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak iaz jasotako kexa guztien %30ek loturaren bat izan zuten haurrekin edo nerabeekin: 730 txostenetan izan ziren adingabeak tartean. Eta horietan, pisu handia du haurren pobreziaren itzalak: kexen %41 bizi baldintza materialen ingurukoak izan ziren, batik bat diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako laguntza kentzeko irizpideen ingurukoak. «Erreklamazio gehienetan, auzia da arazo ekonomikoak dituzten etxeetan adingabeak bizi direla», azaldu zuen atzo Manuel Lezertua arartekoak Eusko Legebiltzarrean.

Haur eta nerabeen bulegoaren iazko jardunaren berri eman zuen Lezertuak. Onartu zuen instituzioen artean «iritzi diferenteak» daudela laguntza sozialak emateko edo kudeatzeko irizpideen inguruan. Hala ere, baikor mintzatu zen Eusko Jaurlaritzak adingabeen alorrean bultzatutako politikei buruz. Familia Babesteko IV. Plana aipatu zuen: «Adingabeen babesa familiaren barruan ezarri arren, diagnostikoa eta jarduera printzipioak egokiak dira. Haur pobreziari aurre egiteko apustu argi bat dago, umeen desberdintasunaren paradigmatik, gainera».

Edonola ere, familien baliabide ekonomikoekin lotuta, zenbait proposamen egin ditu: guraso bakarreko sendiei estatus berezi bat ematea, gurasoen banaketa liskartsuetarako «guraso koordinatzailearen» figura ezartzea, edo kontziliazioetako izapideak argitzea eta erraztea. Bestalde, adingabeen interesa legedian txertatzeko, arauek haurrengan duten eragina aztertzeko irizpideak aplikatzeko eskatu du; eta horretarako metodologia bat zehaztu bitartean, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio «trantsizio formulak» lantzea.

Beste gai batzuen inguruko kezka ere plazaratu du Lezertuak, hala nola haur eta gazteen buru osasunaren eremuan dauden gabeziak, eskola kirola sexuaren arabera hartzen ari den «norabide desberdina», edota adingabeen aisialdiko joerak. «Oso gutxi jolasten dira naturaltasunez eta etxetik kanpo; garrantzitsuena ez da jostailuz inguratuta egotea, baizik eta jolasteko eremuak izatea», adierazi du.

Era berean, luze jardun da etorkin adingabeen zentroez. «Ezinbestekotzat» jo du leku gehiago jartzea seniderik gabe heldu direnei harrera egiteko eta haien emantzipazioa lantzeko, baita nerabe horiekin diharduten langileak zaintzea ere. Egoitzetan izandako liskarren inguruan, ohartarazi du egoera batzuk zuzendu eta «denbora gutxian» okertu izan direla.