Transferentzien egutegia gaurkotzea xede, Erkoreka gaur bilduko da Dariasekin

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lehen bilkura izango da. Hiru helegiteren inguruan ados jarri nahi du Josu Erkorekak

Jaurlaritzako kideak, Transferentzien Batzorde Mistoan, iazko apirilean. BERRIA.
jon olano
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua gaur batzartuko da Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin, 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen transferentziaz hitz egiteko. Bi gobernuen arteko lehen bilera instituzionala izango da, 12:00etan, Madrilen. Erkorekaz gain, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea eta Tatiana Gonzalez Kabineteko zuzendaria joango dira batzarrera. Espainiako Gobernuaren aldetik, Dariasek Francisco Hernandez Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu idazkaria eta Jose Moya Kabineteko zuzendaria izango ditu alboan.

Haatik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du Erkorekak eta Dariasek landuko dutena: Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean esan duenez, Dariasek, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren enkarguz, eskumenak eskualdatzeko egutegi berri bat landuko du Erkorekarekin.

Erkoreka bera ere mintzatu da bileraz, Jaurlaritzaren gobernu kontseilu osteko agerraldian. Azaldu duenez, hiru helbururekin joango da bilerara: transferentzien egutegia gaurkotzea, horiek gauzatzeko lantaldeak osatzea eta eskumen gatazkei lotutako hiru helegite indargabetzea.

Helegiteei dagokienez, Erkorekak adierazi du bi gobernuak bat datozela «desadostasunen judizializatzea» akordio politikoekin «ordezkatu» beharrean, eta biharko bileran aztergai izango dituzte Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dauden hiru helegite: bi, euskal erakundeek emandako arauen kontrakoak—Polizia Legearen erreforma eta Merkataritza Gune Handien Lurralde Antolaketarako legea—, eta, bestea, Espainiako Gobernuaren Segurtasun Digitalari buruzko Errege Dekretua —155 edo mozal lege digitala esan izan zaiona; horren arabera, gobernuak baliogabetu egin ditzake sareko domeinuak eta komunikazio zerbitzuak, badaezpadako neurri gisa—.

Bestalde, transferentzien egutegia izango dute mahai gainean. Duela urtebete, bi gobernuek egutegi bat adostu zuten, negoziaziotik kanpo uzten zituena Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoko eskumenak. Hain justu, eskumen horiek ziren Jaurlaritzak 2016-2020 aldirako gobernu programan jasotako lehentasunetako bat. Egutegian, eskumenak hiru bloketan bereizi zituzten; aurrenekoan, «aurrerapauso handiak» egin zituzten, Espainiako Gorteetarako apirileko hauteskundeen aurretik; beraz, Erkorekak espero du orduan eginiko lana aintzat hartzea orain. Erkorekak azaldu du estatutua osorik betetzea «premiazkoa eta lehentasunezkoa» dela Jaurlaritzarentzat, eta espero du bilerak balio izatea «aldebiko lan bide etengabea zabaltzeko».

Soilik, kudeaketa

Ikusteko dago gaurko bileran lekurik egiten dioten gizarte segurantzari buruzko eztabaidari. Mendiak aitortu du, estatutua betetzeko, eskumen horiek ere Jaurlaritzaren esku utzi behar direla, gainerako transferentzia guztiak gauzatu ostean. Nabarmendu du Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren kudeaketa dela soilik transferitu beharrekoa, pentsioak Jaurlaritzak kudeatuta ere horiek «Espainiako pentsio sistema publikoaren parte» izan daitezen aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.