Noiz sortua: 2020-02-26 00:30:00

Torturaren ikerketan sakontzeko asmoa azaldu du gobernuak

Kriminologiaren Euskal Institutuak ondorioztatu du tortura «sistematikoa» izan zela 1960tik 1978ra. Ana Ollok esan du tratu txarren errealitatea ezagutzeko lehen urratsa dela
EH BIlduko Bakartxo Ruiz, eta, hari begira, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza kontseilaria, Ana Ollo kontseilaria eta Carlos Perez Nievas.
EH BIlduko Bakartxo Ruiz, eta, hari begira, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza kontseilaria, Ana Ollo kontseilaria eta Carlos Perez Nievas. IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar -

2020ko otsailak 26

Oztopoen gainetik, lehen urratsa egin da Nafarroan 1960tik 1978ra bitarteko tortura kasuak ikertzeko. Nafarroako Gobernuaren ekimenez, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako ikerketak ondorioztatu du frankismoaren hondarrean eta trantsizioaren hasierako urteetan tortura «sistematikoa eta orokortua» izan zela: 204 kasu aztertu ostean, 169 baieztatu ditu. Martin Zabalza Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariak gehiago sakontzeko nahia azaldu du, eta Ana Ollo Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak ez dio atea itxi epea zabaltzeko aukerari. «Ikerketa osatu nahi dugu. Ez da egia, baina egiaren ezagutzan aurrera egiteko balio du ikerketa honek».

Ikerketaren nondik norakoak azaltzeko, parlamentuko batzordean izan ziren atzo goizean Ana Ollo eta Martin Zabalza, EH Bilduk hala eskatuta. Sarreran, Bakartxo Ruizek galdetu zien ea asmorik ba ote duten ikerketa zabaldu eta 1978tik aurrerako kasuak ikertzeko.

Nahiz eta txostenaren ondorioetan jaso «komenigarria» litzatekeela ikerketaren epea 2014ra arte zabaltzea eta denbora gehiago ematea kasuen osotasuna aztertzeko, Zabalzak ez zuen irakurri azken ondorio hori. Aldiz, Ollok adierazi zuen bat egiten duela proposamen horrekin: «Aurten, Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak aurreikusia du hainbat ekintza garatzea eta Memoriaren Euskal Institutuan hainbat txosten biltzea». Tartean, 1978tik aurrerako ikerketa garatzeko aukera aipatu zuen.

Halaber, Ollok nabarmendu zuen tortura «justifikaezina» dela. Pozik agertu zen agerraldiaren amaieran talde guztiek ideia hori nabarmendu zutelako eta iragana aztertzeko borondatea azaldu zutelako. Ollok ohartarazi zuen lehen urrats hori oztopo handien artean egin dela.

Izan ere, 2015eko polizia indarkeriaren biktimen legearen babespean, Barkosen gobernuak, 2017an, 30.000 euroko deialdi bat ireki zuen giza eskubideen urraketen ikerketak sustatzeko. Kriminologiaren Euskal Institutuari 17.000 euroko laguntza eman zioten orain arteko kasuak ikertzeko; baina, Auzitegi Konstituzionalak 2015eko legea baliogabetu ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen deialdia, eta Gorenak berretsi egin zuen erabakia. Epaitegietatik jasotako kolpearen ondorioz, gobernuak enkargu bera eman zion institutuari, baina ikerketa 1978ra arte mugatuz.

Txostenaren ondorioak

Azterlana oraindik ez da argitara atera, konfidentzialtasun datuak zaintzeko gainbegiratzen ari direlako, baina BERRIAk edukia eskuratu du —ikus alboan—. Ikerlanak ondorioztatu du Segurtasun Indarrek «behin eta berriz» erabili zutela tortura frankismoaren disidenteen aurka. Halaber, txostenaren arabera, garaian egindako salaketek «ez zuten inolako ikerketa eraginkorrik izan». Gehiago ikertu beharko litzatekeela ere aipatu dute agirian. Martin Zabalzaren arabera, epeak eta finantzaketa ikusita, «amaitu gabeko azterlan bat da».

Alderdien txanda iritsita, Ruizek nabarmendu zuen gai horretan sakontzen jarraitu behar dela, tortura ez aitortzea «demokraziaren kalterako delako». PSNko Inma Juriok ere sakonago ikertzeko beharra azaldu zuen. Navarra Sumako Iñaki Iriarteren ustez, tortura «krimen nardagarria da, eta ikertu egin behar da, kosta ahala kosta». Halaber, beharrezkotzat jo zuen «atzera begiratzeko ausardia». Dena den, ikerketa «lan txarra» dela esan zuen, eta ikerlarien inpartzialtasuna kolokan jarri, Francisco Etxeberriak torturaren inguruan 2012an egindako aipu batzuk oinarri hartuta. «Auzi mediku ona izan daiteke, baina ez da objektiboa».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak ohartarazi du ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jende pilaketak saihesteko eta hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Aisialdirako bada, garraio publikoa ez erabiltzeko eskatu du, «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Eguneko udalekuak baimenduko dituzte hirugarren fasean Hegoaldean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertuko dira. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna