Torturaren ikerketan sakontzeko asmoa azaldu du gobernuak

Kriminologiaren Euskal Institutuak ondorioztatu du tortura «sistematikoa» izan zela 1960tik 1978ra. Ana Ollok esan du tratu txarren errealitatea ezagutzeko lehen urratsa dela

EH BIlduko Bakartxo Ruiz, eta, hari begira, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza kontseilaria, Ana Ollo kontseilaria eta Carlos Perez Nievas. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Oztopoen gainetik, lehen urratsa egin da Nafarroan 1960tik 1978ra bitarteko tortura kasuak ikertzeko. Nafarroako Gobernuaren ekimenez, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako ikerketak ondorioztatu du frankismoaren hondarrean eta trantsizioaren hasierako urteetan tortura «sistematikoa eta orokortua» izan zela: 204 kasu aztertu ostean, 169 baieztatu ditu. Martin Zabalza Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariak gehiago sakontzeko nahia azaldu du, eta Ana Ollo Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak ez dio atea itxi epea zabaltzeko aukerari. «Ikerketa osatu nahi dugu. Ez da egia, baina egiaren ezagutzan aurrera egiteko balio du ikerketa honek».

Ikerketaren nondik norakoak azaltzeko, parlamentuko batzordean izan ziren atzo goizean Ana Ollo eta Martin Zabalza, EH Bilduk hala eskatuta. Sarreran, Bakartxo Ruizek galdetu zien ea asmorik ba ote duten ikerketa zabaldu eta 1978tik aurrerako kasuak ikertzeko.

Nahiz eta txostenaren ondorioetan jaso «komenigarria» litzatekeela ikerketaren epea 2014ra arte zabaltzea eta denbora gehiago ematea kasuen osotasuna aztertzeko, Zabalzak ez zuen irakurri azken ondorio hori. Aldiz, Ollok adierazi zuen bat egiten duela proposamen horrekin: «Aurten, Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak aurreikusia du hainbat ekintza garatzea eta Memoriaren Euskal Institutuan hainbat txosten biltzea». Tartean, 1978tik aurrerako ikerketa garatzeko aukera aipatu zuen.

Halaber, Ollok nabarmendu zuen tortura «justifikaezina» dela. Pozik agertu zen agerraldiaren amaieran talde guztiek ideia hori nabarmendu zutelako eta iragana aztertzeko borondatea azaldu zutelako. Ollok ohartarazi zuen lehen urrats hori oztopo handien artean egin dela.

Izan ere, 2015eko polizia indarkeriaren biktimen legearen babespean, Barkosen gobernuak,2017an, 30.000 euroko deialdi bat ireki zuen giza eskubideen urraketen ikerketak sustatzeko. Kriminologiaren Euskal Institutuari 17.000 euroko laguntza eman zioten orain arteko kasuak ikertzeko; baina, Auzitegi Konstituzionalak 2015eko legea baliogabetu ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen deialdia, eta Gorenak berretsi egin zuen erabakia. Epaitegietatik jasotako kolpearen ondorioz, gobernuak enkargu bera eman zion institutuari, baina ikerketa 1978ra arte mugatuz.

Txostenaren ondorioak

Azterlana oraindik ez da argitara atera, konfidentzialtasun datuak zaintzeko gainbegiratzen ari direlako, baina BERRIAk edukia eskuratu du —ikus alboan—. Ikerlanak ondorioztatu du Segurtasun Indarrek «behin eta berriz» erabili zutela tortura frankismoaren disidenteen aurka. Halaber, txostenaren arabera, garaian egindako salaketek «ez zuten inolako ikerketa eraginkorrik izan». Gehiago ikertu beharko litzatekeela ere aipatu dute agirian. Martin Zabalzaren arabera, epeak eta finantzaketa ikusita, «amaitu gabeko azterlan bat da».

Alderdien txanda iritsita, Ruizek nabarmendu zuen gai horretan sakontzen jarraitu behar dela, tortura ez aitortzea «demokraziaren kalterako delako». PSNko Inma Juriok ere sakonago ikertzeko beharra azaldu zuen. Navarra Sumako Iñaki Iriarteren ustez, tortura «krimen nardagarria da, eta ikertu egin behar da, kosta ahala kosta». Halaber, beharrezkotzat jo zuen «atzera begiratzeko ausardia». Dena den, ikerketa «lan txarra» dela esan zuen, eta ikerlarien inpartzialtasuna kolokan jarri, Francisco Etxeberriak torturaren inguruan 2012an egindako aipu batzuk oinarri hartuta. «Auzi mediku ona izan daiteke, baina ez da objektiboa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.