Arbuio irmoa estatutua urratzeko eskaerari

Eusko Legebiltzarrak «erabateko gaitzespena» azaldu du Senatuak herenegun onartutako mozioa dela eta. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «inboluzio demokratikoaz» ohartarazi dute

jon olano
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Senatuak herenegun gobernuari eskatu eta gero ez ditzala Jaurlaritzaren esku utzi legez hari dagozkion eskumen gehiago, Eusko Legebiltzarrak «erabateko gaitzespena» adierazi zion atzo Senatuko mozioari. Adierazpen instituzional bat adostu zuten EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta, besteak beste, nabarmendu zuten Senatuaren adierazpena «jauzi kualitatiboa» dela «birzentralizazioaren eta inboluzio demokratikoaren bidean». Era berean, Eusko Legebiltzarrak berretsi du Gernikako Estatutua «derrigorrean bete beharreko legea» dela eta, ondorioz, «osorik bete» dadila exijitu du.

Eusko Legebiltzarraren iritziz, Senatuaren adierazpenak «agerian utzi du 1978ko Konstituzioan zehaztutako lurralde eredua agorturik dagoela eta, beraz, beharrezkoa dela eredu berri bat diseinatzea, estatuaren nazio aniztasunean eta modu libre eta baketsuan adierazitako herritarren borondate demokratikoan oinarriturik».

«Muga guztiak» gaindituta

1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen daude oraindik Madrilen esku, eta horietatik 33 eskualdatzeko egutegi bat prestatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak. Horren aurrean, ordea, Senatuak estatuko gobernuari eskatu zion ez diezaiola eskumen gehiagorik eman Eusko Jaurlaritzari, «erkidego batek eskumen gehiago izateak espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako». PPk aurkeztu zuen egitasmoa, eta aurrera atera zuen, alderdi horrek Senatuan gehiengo absolutua duenez gero.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak «oso larritzat» du Senatuaren mozioa. Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura hasi aurretik hedabideei eginiko adierazpenetan, Urkulluk esan zuen «muga guztiak gainditzen dituen hanka sartze bat» dela «ganbera legegile batek eskatzea autonomia estatutua, legea eta Espainiako Konstituzioa ez betetzeko». Joseba Egibar EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere «larritzat» jo zuen mozioa, eta PPri leporatu zion bere burua «legaltasunetik kanpo» kokatu izana. Egitasmoa «loteslea» ez bada ere, Egibarrek uste du «borondate politiko bat» adierazten duela eta «kualitatiboki garrantzitsua» dela: «39 urtez estatutua hainbeste denboran ez bada bete, zein berritasun dakar PPren adierazpenak? Kualitatiboki garrantzitsua da PPk ezkortasun horrekin eta estatutua ez betetzeko jarrera politikoarekin bat egitea».

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak «eskandalagarritzat» jo zuen mozioa, uste baitu «de facto, autogobernuaren garapena bertan behera» utzi nahi dutela: «Tamaina honetako eraso baten aurrean, euskal erakundeek modu tinkoan erantzuteko beharra ikusi dugu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskal herritarron eskubideak defendatu behar ditugulako». PPren kontra jardun zuen Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ere, iritzita popularrek «jomugan» dutela euskal autogobernua: «Euskal Herrian berriro ere gatazka bat zabaltzen saiatzen ari dira. Haien erasoak ez dira EAJren aurkakoak, euskal herritarren eta euskal autogobernuaren aurkakoak baizik». Legebiltzarraren adierazpenak ez du PSE-EEren babesa izan, baina Idoia Mendia idazkari nagusiak ere PPri egin dizkio kritikak; zehazki, eskatu dio «argitu» dezala Espainiarentzako «zein proiektu» defendatzen duten: «Ez diezagutela adarra jo».

Kritiken erdigunetik, «itsaski interesatua» arbuiatu zuen PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakari Alfonso Alonsok, eta EAJri leporatu zion «Espainiaren presentzia oro desagerrarazi» nahi izatea Euskal Herrian. PSE-EErekin ere gogor aritu zen Alonso, eta «EAJren interpretazioak erostea» egotzi zion: «Hori dagokio, inork ez diolako kosk egiten jaten ematen dion eskuari».

UPNren «maila apala»

Eztabaidak oihartzuna izan zuen Nafarroako Parlamentuan ere, Maria Solana gobernuko bozeramaileak UPN kritikatu baitzuen Senatuko mozioa babesteagatik. «Inor besteen kontuetan sartzearen aurka nabarmendu izan diren horiei» aurpegiratu zien Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkion eskumenetan sartzea, horrela «galarazi nahi izatea erkidego batek aurrera egin dezan» eta, hori eginez, «maila politiko apala»erakutsi izana. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak ere nabarmendu zuen «foruaren eta autogobernuaren aurkako» botoa eman zuela UPNk: «Nafarroarena bainoago, Espainiaren defendatzaile gisa aurkezten ari da bere burua».

Javier Esparza UPNko bozeramaileak azaldu zuen bere alderdiaren botoaren zergatia. «Euskal independentismoaren, Espainiaz baliatu nahi dutenen eta Espainia izena duen proiektu komunarekiko etengabe bidegabe jokatzen dutenen» aurkako bozketa bat izan zen Senatukoa, Esparzaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.