Akordioak «guztiekin»

Estatus politikoaren oinarrien bidetik jotzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari. PPk babesa eskaini dio, «azeleragailu subiranista» sakatzen ez badu. PSE-EEk «egonkortasunerako» itunak nahi ditu

Iñigo Urkullu eta Alfonso Alonso hizketan, Eusko Legebiltzarrean, iazko otsaileko saio batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Igaro dira Espainiako Gorteetarako, udaletarako, Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Gobernurako hauteskundeak, eta orain arretaguneetako bat izango da ea Eusko Jaurlaritzak amaieraraino eutsiko dion legealdiari —2020ko udazkenean da bukatzekoa— edo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bozak aurreratzea erabakitzen duen. Jaurlaritzan bazkide diren EAJ eta PSE-EE legebiltzarkide baten faltan daude Eusko Legebiltzarrean gehiengoa izateko, eta aliatuak beharko dituzte legealdi hasieran agindutako 28 lege proiektuak aurrera ateratzeko. Horiek bururaino eramate aldera «benetan negoziatzen hasteko» eskatu zion atzo Urkulluri Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Giro horretan, datozen hilabeteetan akordioak talde politiko «guztiekin» lortzen saiatzeko borondatea adierazi du Urkulluk.

Izan ere, Urkulluk ezker-eskuin jaso zituen atzo eskaintzak, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. PPko bozeramaile Alfonso Alonsok egonkortasuna eskaini zion, betiere «azeleragailu subiranista» sakatzen ez badu: «Zapaltzekotan, zaila izango da PPrekin elkarlan egonkor batlortzea». Aldiz, Alonsok «erreformak» egiteko sostengua adierazi zion, bai eta «gauza zehatzen inguruan» hitz egin dezala eskatu ere.

Adi jarraitzekoa izango da PPren jokabidea datozen hilabeteetan. Izan ere, iazko ekainean EAJk Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa posible egin zuenetik, EAEko PPk gogortu egin duJaurlaritzaren aurkako posizioa; hainbat bozketatan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin bat egitera ere iritsi dira. Herenegun, ordea, PPk EAJrekin eta PSE-EErekin bat egin zuen hiru bozketatan, eta horren biharamunean heldu zen Alonsok atzo eginiko lankidetza proposamena. Denborak esango du ea azken orduetako jokabidea popularrek estrategia politikoan abiarazi duten norabide berri baten ondorio den.

EH Bilduk PPren kontrako norabidera eraman nahi ditu jeltzaleak. Izan ere, Maddalen Iriarte indar subiranistako bozeramaileak dei egin zion Urkulluri pausoak ematera estatus politiko berri baten bidean. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostu zituen estatus politiko-juridiko berri horren oinarriak, eta aditu batzorde bat lanean ari da oinarri horiei testu artikulatu baten forma emateko; Iriartek, ordea, azaldu zuen lan horiek «nahikoa geldirik» daudela. Atzoko saioan, Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak ere balioa eman zien oinarri horiei, eta bide horretan sakontzeko eskatu zion Urkulluri, «herritarren borondate demokratikoan oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko, estatu espainolarekin berdinen arteko harreman eredu bat garatzeko eta, finean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren esku jartzeko gizarte justu eta aurrerakoiago bat eraikitzeko behar ditugun tresna guztiak».

«Abenturarik» ez

Aliantzen osaketan, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako sailburu eta PSE-EEko kideak argi azaldu zituen zer lehentasun izango dituzten sozialistek: nahiago ditu erakundeei «egonkortasuna» emango dieten akordioak, uste baitu euskal gizarteak ez duela aurrera egingo «desberdintasunak nabarmenduta edo aldebakarreko abenturetan arriskatuta».

Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, EAJ-PSE koalizioak gora egin zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan; baita Bilboko eta Gasteizko udaletan ere. Datuok eskuan, Arriolak uste du hauteskundeek azaleratu dutela «euskal gizartearen izaera askotarikoa dela eta ezberdinen arteko akordioak aniztasun hori kudeatzeko modurik onena direla, gure historiak erakusten digun bezala».

Arriolaren iritziz, sozialistek «agenda soziala lehenesteko» asmoa dute «tentazio baztertzaileen aurrean», horrek «aukera berdintasunean eta herritarren arteko arrakalak desegitean» eragiten duelako: «[Agenda soziala] denon topagune izan daiteke; denok egin dezakegu ekarpena desberdintasunak gainditzeko bidean aurrera egin dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.