Autogobernu Lantaldeak hurrengo pausoa zehaztu gabe itxi du adituen fasea

Legardak testu artikulatuari buruzko azalpenak eman ditu. EAJk dio lantaldeak «lan fase berri bat» abiatuko duela. EH Bilduk EAJ, PSE eta EPri eskatu die beren testua legegai gisa erregistratzeko

JUANAN RUIZ / @FOKU.
jon olano
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoa eguneratzea helburu duen batzordeak, atzo amaitu zuen 1979ko estatutua erreformatzeko testu artikulatu bat landu duen batzorde teknikoko kideen agerraldien fasea. Adituek hamahiru hilabeteko lanari buruzko azalpenak eman dituzte urtarrilean, eta, EAJk atzo jakinarazi zuenez, lantaldea «lan fase berri» batean sartuko da orain, nahiz eta lantaldeak ez duen zehaztu zein izango den fase berri horren egitekoa eta funtzionamendua.

Jaime Ignacio del Burgo PPk proposatutako aditua ez beste guztiak igaro dira lantaldetik, eta atzo Mikel Legarda EAJk proposatutako kidearen txanda izan zen. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostuta, agerraldiak ateak itxita egin dira, eta hala egin zuen atzo Legardak ere. Gero ez zuen adierazpen publikorik egin, baina, ohar batean, EAJk eskerrak eman dizkio «proposamen bideragarria eta adostasunezkoa aurkezteko» eginiko lanagatik.

Beraz, orain, zer? Adituen agerraldiak amaituta eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak lau hilabete barru izateko aukera aintzat hartuta, ikusteko dago Autogobernu Lantaldeak zer pauso eman dezakeen datozen asteetan. EAJk azaldu du lantaldearen «lan fase berri» horretan EAJk «ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko borondate onenarekin» ekingo diola: «Une horretatik aurrera, taldeek lantaldean aurkeztutako dokumentu guztiak aztertu beharko dituzte, eta estatus berriaren proposamena idatzi, legebiltzarrean izapidetzeko». Jeltzaleek erantsi dute «sakonean inplikatuko» direla «Euskadiren errealitate nazionala aitortzea eta estatuaren nazio-aniztasuna onartzea ekarriko duen akordio bat zabaltzeko eta indartzeko».

Agerraldien fasea amaituta, adituek egindako erronda honetan «ez da berebiziko ekarpen politikorik egin», Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, «aurretiaz ere beren posizioak idatziz bidali zituztelako». Halere, nabarmendu du «konstatazio bat» egon dela: «EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek erdietsi duten akordioa bere garaian parlamentuak emandako aginduaren kontrako norabidean doala». Izan ere, lantaldeak batzorde teknikoari eginiko enkarguaren arabera, Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioekin «bat» zetorren testu artikulatu bat osatzea zen adituen zeregina, eta, ahal izanez gero, adostasunak topatzea oinarri horien eta alderdiek aurkeztutako boto partikularren artean.

EH Bilduk amaitutzat jo du «eztabaida hau eremu pribatuan mantentzearen fasea», eta, beraz, EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die hiruren artean adostutako testua lege proposamen gisa erregistratzeko: «Pauso hori eman behar dute eztabaidari bide emateko, azken helburu gisa estatus politiko berri bat lortzeko, baina, bestetik, egiten ari garen saio hau gizarteratzeko». Urruzunok azaldu du EH Bilduk «neurriak» hartuko dituela eztabaida kaleratzeko. Bere testu artikulatua sozializatzeko kanpaina bat abiatuko du herritarrekin eta eragileekin, «jendeari azaltzeko zertan oinarritzen diren proposamenen edukiak».

Eduki horien artean dago erabakitzeko eskubidea, eta gai hori hartu du Urruzunok adibide gisara, adierazita atal hori ez dagoela jasota hiru indarrek adostutako testu artikulatuan: «Konstatazio bat izan da; bertatik igaro diren aditu gehienek hala adierazi dute. Aditu batek esan zuen EAJk xedapen gehigarrian jasotako formulazioa «desideratum eta autoengainu» bat dela».

«Azpijoko politiko bat»

PP ere mintzatu da gaiaz, eta hura ere kritiko agertu da Autogobernu Lantaldearen jarduteko erarekin. Carmelo Barrio legebiltzarkideak salatu du adituen agerraldiak «edukirik eta gardentasunik gabeko azpijoko politiko bat» direla: «EAJk denbora irabazi nahi du, egiazko negoziazioa Madrilen dagoelako». Aldiz, nabarmendu du lantaldeak agerian utzi duela 1979ko estatutua dela «euskal herritarren arteko elkarbizitza politikoa artikulatzeko gai den tresna bakarra».

Legardaz eta Del Burgoz gain, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok eta Alberto Lopez Basagurenek hartu dute parte batzorde teknikoan, eta Legardak azken bi horiekin adostu du testuaren bizkarrezurra; beraz, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk proposatutako adituekin, hurrenez hurren. 2018ko urrian lanean hasi eta gero, iazko abenduaren 2an aurkeztu zuten txosten osoa, eta hirukoak adostutako testuan jasota daude hiruren arteko adostasunak, baita desadostasunak ere —boto partikularren eta formulazio alternatiboen bidez—, besteak beste, naziotasunaren aitortzan eta erabakitzeko eskubidean. Urrutiak eta Del Burgok, berriz, testu propioak aurkeztu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.