Presarik ez espetxe eskumena betetzeko

Eskumenen transferentzia negoziatzeko egutegi bat igorri dio Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. Gizarte Segurantza kanpoan utzi du Madrilek, eta amaierarako laga ditu kartzelak

Meritxell Batet eta Josu Erkoreka, Transferentzien Batzorde Mistoak azaroaren 26an eginiko bileran. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jon olano
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Atzerapenarekin, eta osatu gabe. Eusko Jaurlaritzari horrela iritsi zitzaion, atzo, 1979ko estatutua betetzeko falta diren eskumenak eskualdatzeko asmoz Espainiako Gobernuak bidalitako egutegia. Atzerapenarekin, Eusko Legebiltzarrak iazko ekainean 2018 amaierara arteko epea eman ziolako Madrili agenda hori bidaltzeko; eta, osatu gabe, falta diren 37 transferentzietatik 33 baino ez dituelako jaso egutegian, alde batera utzita Gizarte Segurantzaren arlokoak. Jaurlaritzaren lehentasuna duen beste gaia —espetxeen eskumena—, berriz, egutegiaren azken lerroetarako utzi du Pedro Sanchezen gobernuak.

Jaurlaritzarekiko begirune eskasa erakutsi du Madrilek atzo bidalitako egutegiarekin, bi horiek baitziren EAJk eta PSE-EEk 2016an Jaurlaritzaren gobernu programan berariaz jasotakoak. Horrela dio gobernu programaren 173. konpromisoak: «Eusko Jaurlaritzak, berori eusten dioten alderdi politikoen babesaz eta adostasunez, lehentasuna emango die transferentzia hauek erreklamatzeari eta negoziatzeari:a) Espetxeak; b) Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa, Gernikako Estatutuak aldi baterako bosgarren xedapenean xedatzen duen moduan».

Hortaz, ziurra da Jaurlaritzak ez duela beteko Gizarte Segurantzaren eskualdaketari dagokion konpromisoa, eta ikusteko dago kartzelen kudeaketa bereganatuko duen ere. Izan ere, bi gobernuak otsaileko lehen astean hasiko dira lehen blokeko zazpi eskumenen inguruan negoziatzen, eta PSOEren gobernuak urtebeteko epea zehaztu du 33 eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko. Guztira, hiru bloke: lehena, martxorako; bigarrena, uztailerako; eta hirugarrena, datorren urteko urtarrilerako. Espetxeak azken blokerako utzita, ikusteko dago Pedro Sanchezen gobernuak ordura arte iraungo duen, kontuan izanda 350 diputatutik 84ren babesa baino ez daukala eta 2019rako aurrekontuak aurrera ez ateratzeak kolokan jar dezakeela gobernuaren etorkizuna.

Egoera «gazi-gozoa»

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo eman zuen egutegiaren berri, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Aitortu zuen «sentsazio gazi-gozoa» utzi diola Madrilen eskemak: gazia, ez dituelako eskumen guztiak jasotzen, baina gozoa, gainerakoen inguruan hitz egiten hasiko direlako: «Ez dugu aukera galduko estatutua erabat betetzeko bidean aurrera egiteko». Erantsi zuen gobernuen artean «desadostasun erabatekoa» dagoela Gizarte Segurantzaren arloan, eta atsekabea azaldu zuen espetxe sistemaren kudeaketari buruzko eskumena ez dagoelako «lehentasunen» artean, gogorarazi baitzuen Jaurlaritzarentzat «premiazkoa» dela.

PSOErekin kritiko agertu zen Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea, «onartezina» iruditzen baitzaio egutegi proposamena. Azpimarratu zuen «mendetasunik gabeko» estatus politiko bat behar duela Euskal Herriak: «Hori da modu bakarra euskal gizartearen ongizatea hobetzeko bidea gutxieneko bermeekin egiteko». Urizarren arabera, «argi dago PPk ez ezik PSOEk ere ez duela inolako asmorik Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta Gizarte Segurantzaren eskumena transferitzeko».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, ordea, interpretazio baikorragoa egin zuen PSOEren gobernuak prestatutako dokumentuaz. Ontzat jo zuen bi gobernuek «bide leial eta zorrotz bat» zabaldu izana eskumenen transferentziari buruzko «desadostasun teknikoak eta ekonomikoak konpromiso partekatu batetik konpontzeko», eta balioetsi egin zuen sozialistak «mahaiaren bi aldeetan» egotea: «Erakundeetako presentzia sozialista da ahalbidetzen ari dena transferentziak betetzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.