Tere Maldonado.

Eztabaidan dagoena

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gai batzuk aipatu nahi nituzke berriki BERRIAn argitaratu duten Ikastolen ekarpena artikuluari buruz. Inork ikastolen ekarpena ukatu ez duenez, hobe dugu ados ez gauden puntuak zehaztea. Eta Hezkuntza Akordioak eragina EAEn izango duenez, ni bakarrik honi buruz arituko naiz.

1.- Publiko/pribatuaren dikotomia gainditu behar dela diote artikuluaren sinatzaileek. Dikotomia batetik harago joan behar dela dioenak bere burua kokatzen du aurretiko bi polo kontrajarriak barne hartzen dituen sintesi gorago batean, hegeliarki horiek «gaindituz». Automatikoki, badirudi bera dikotomia erabiltzen jarraitzen dutenak baino konplexuagoa eta sofistikatuagoa dela. Hezkuntzan publiko/pribatua bereizketa gainditu behar dela? Barkatu: zuek gainditu behar duzue, zuen proposamena (zentro pribatuak publikoki ordaintzea) mantendu ahal izateko. Ez guk.

Jakina, aurreko parentesian idatzi dudanak zentzua guztiz galtzen du publiko/pribatua dikotomia desagertuz («gaindituz») gero. Publikoa eta pribatua bereiztea beharrezkoa da, ordea, publikoaren espoliazioa salatu ahal izateko. Publikoaren kontzeptua guztiz desitxuratuz eta lausotuz, txas! desagertu egiten da publikoaren espoliazioaren posibilitatea bera. Baina esku-jokoa tranpatia da.

Hain kritikatuak diren dikotomiek orientatzeko balio digute: ezkerra/eskuina, pobreak/aberatsak, erlijiosoa/laikoa, zapalduak/zapaltzaileak. Egia da ia dikotomia guztien barnean Ongia/Gaizkia bereizten dituen dikotomia nagusia ezkutaturik dagoela. Manikeismo erredukzionistaren arriskuaz jabetu behar dugu, eta erne egon. Baina bereizketa guztiak ezabatzeak ez du ezertarako balio: beste batzuk agertuko dira haien ordez.

2.- Ikastolak elitismoa sustatzeko jaio ez izanak ez du esan nahi gero sustatu ez dutenik (kontuz, kontrakoa ere ez). Aurrekariaren ukazioa izena duen falazia da.

3.- Buesak esan zuela aurrerantzean ez zela ikastolarik egongo, ikastetxe publiko eta pribatuak baizik? Eta? Urliak «x» esan du; ez duzu Urlia gogoko; hortik ondorioztatzen duzu per se «x» arbuiagarria dela. Berriro ere, dedukzio problematiko samarra, ezta? Agerian da, bestalde, ez zuela inolako arrakastarik izan, sailburua izanik ere. Hezkuntzako publiko/pribatuaren eskemak jatorria Buesa legean izan zuela? Nik uste nuen hezkuntza publikoaren agerpenetik zetorrela, aurretik hezkuntza guztia pribatua baitzen. Eta hori duela bizpahiru mende gertatu zela, lekuen arabera.

4.- Honako hau ere badiote artikulugileek: «Eztabaidaren markoa definitzea lortzen duenak eztabaidaren zati handi bat irabazia dauka». Ados, baina ez dakit nori esaten dioten, egungo debatearen markoak, askorentzat behintzat eta zoritxarrez, abiapuntu eztabaidaezin gisa hartzen baitu ikastolak pribatu mantentzea (kristau eskolak barne), kosta ahala kosta (hemen kostuaren aipamena ezin hobea izanik).

5.- Seguru sinatzaileek ez dutela pentsatzen estatu propioa izango dugunean zoriontsuak izango garela, ekonomia- edo hezkuntza-ereduei buruzko eztabaidarik egongo ez dela, orain egin ezin dugun guztia egin ahal izango dugula. Baina artikulua irakurrita, zalantza sartzen zait. Hego Euskal Herriko eskola Espainiako Estatuaren eskola dela? Bada, gauza bera gertatzen da osasun sistemarekin, udalekin, legebiltzarrarekin, lehendakaritzarekin eta abar luze batekin. Horixe da estatu propioa ez edukitzea. Ez dut ukatzen horren alde borroka politikoa egitea zilegi dela, baina bai errefusatzen dut estatu propiorik eza aitzakia gisa erabiltzea hezkuntzan sistema duala mantentzeko, zergekin ordainduta.

6.- Estatu propiorik ez izatea aitzakia hutsa dela ezin hobeto ikusten da laikotasunaren gaian. Espainiako Estatuak Vatikanoarekin akordioak izateak gauza batzuk behartzen ditu, baina ez EAJ gehitzen joan den beste asko. Talde parlamentarioek Hezkuntza Laikoa taldetik helarazi genizkien proposamen zehatzak dituzte. Hor agertzen den guztia gaurtik egin daiteke. Akordioaren testuan ez dago horren arrastorik ere. Jakina, Kristau Eskola agian ez da oso ados egongo.

7.- Estatu guztien helburua abertzaletasuna indartzea izan daiteke, eta Wertek nahi zezakeen espainolismoa sustatu, baina horixe dela egiten duguna pentsatzea, jeltzaleek hamarkada askotan kudeatutako Euskal Eskola Publikoan (abertzaleen presentzia handia duena), harrigarria da. Euskal Eskola Publikoari buruzko ezjakintasun handia adierazten du.

8.- Ikastolak gaur existitzen ez den egoera bati aurre egiteko jaio ziren, hainbat hamarkadatan hezkuntza sistemaren kudeaketa nazionalistaren ondoren. Euskararen kontrako diglosia egoeran jarraitzeak, urteetan inbertitutako diru kopuruaren ondoren, hausnarketa zabal, sakon eta lasai batera eraman beharko gintuzke, ez bi egunetan egiten den horietako bat; honetan, hezkuntza-sistemak funtsezko pieza izan behar du, baina ez bakarra. (Zergatik ez sartu eskua enpresa pribatuan?).

9.- Estatu propio bat dagoen egunean ondo legoke hori izatea, estatu bat, ez komunitate bat (ez parrokia bat, ez familia handi bat, ez kuadrilla handi bat, ez «gu ta gutarrak»). Indibidualismo ultraliberalari aurre egin behar izan zaio komunitarioaren aldarrikapenarekin, bai, baina ez ditugu ahaztu behar komunitate sakralizatuak ere badituen arriskuak. Herri-ekimenak eta gizarte-mugimendu oso aktiboak, hau da, gizarte zibil antolatua, oso komenigarria da estatua demokratikoa eta bermatzailea dela ziurtatzeko eta zaintzeko. Baina zer gizarte zibil izango da hori estatuak (espainolak, gainera) finantzatuta? Feministok, trantsizioan, abortuak ezkutuan egin behar genituen, baina helburua ez zen abortuak ezkutuan egiten jarraitzea, osasun publikoak bere gain hartzea baizik.

10.- Ageriko sekretua da Hezkuntza Akordioan ikuspuntu abertzalea nagusitu dela osagarri ezkertiarraren kalterako. Paradoxikoki, aldarrikatutako herrialde-proiektua herrialdearen zati baten proiektuan geratzeko arriskuan dago. Zelako pena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.