Hezkuntza lege berriari begira, kristau eskolak eta ebanjelizazioa

Elena Cardenas, Fernandez de Pinedo eta Kattalin Legarda de la Fuente
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ondoko lerroetan irakurriko dituzun esaldiakausaz aukeratutako Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko eskola katolikoen webguneetatik hartuak dira (batzuk erdaraz zeuden jatorrian, web orria hizkuntza horretan soilik zabaltzen dutelako!):

«Gure ahalegin guztiak bideratzen ditugu Hezkuntza-Pastoral Komunitate bat osatzeko, aldi berean hezkuntzarako eta ebanjelizaziorako subjektu eta giroa izango dena».

«Elkargoarentzako Pastoral Plan hau azken norabide bakarrarekin sortu da: hiritar zintzoak eta kristau onak prestatzea».

«Otoiztegiak giro eta metodologia egokia eskaintzen du Jainkoaren esperientzia bat eta otoitzaren hastapen bat egiteko».

«Egun on-eguneroko otoitza: atal honetan DBHko eta batxilergoko ikasleekin egunero egiten dugun otoitza kontsultatzeko aukera eskaintzen dizuegu».

«Jainkoa ikusten gauza guztietan. Barruko askatasunetik hezi nahi dugu. (...) Gainera, gure eskolako prozesu ebanjelizatzaileak ikasleei lagundu nahi die Jesusenganako fededunen komunitatean sartzen, Elizako kide izateko zentzua, Jainkoaren herria bidean, harekin eta hartan aurkitu».

«Gure ikastetxeetan berezkoa den gazte mugimendu kristaua da, Jesusen estiloko pertsonak egin nahi dituena».

«Pastoralak osatzen du Ikastetxearen bihotza. Eta horixe da gure zereginaren arrazoia. Izan ere, gure jarduera guztien helburua baita ikasle bakoitzak, Jainkoak bere izate sakonean erabat maite duela sentituz...»

«Gizakiaren kristau garapenari buruz: Kristo pertsona bezala ezagutu eta Berengana hurbildu, elkartasunezko zentzua piztuarazi, konpromezuari hasiera eman, elizako elkartearen kide izatea sustatu».

Gaur egun, itunpeko ikastetxe katolikoek euskal hezkuntza-sistemaren %35a osatzen dute (harritzeko kopurua hezkuntza sistema batean!); diktadura frankistaren babesarekin elizak garatu zuen hezkuntza sarea gure egunetara heldu da, demokraziaren botere publikoek esku-hartu gabe. Izan ere, ikastetxe horiek guztiak diru publikoz finantzatuak dira, baina kudeaketa pribatukoak, eliza katolikoaren kudeaketa, hain zuzen.

PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk EAJrekin hezkuntza-akordio bat sinatu zuten martxoan, eta, aurrera jarraitzen badu akordio horrek —alegia, alderdiek babesten jarraitzen badute—, mota horretako eskolak eta mezuak datozen 30 urteetan bere horretan mantenduko dira (akordio hau Hezkuntza Lege berriaren oinarria izanik).

EAJrekin itun hau sinatu duten alderdietako batzuek nola esan dezaketen ezkertiarrak direla, horixe galdetzen diogu geure buruari. Zeren truke onartu dute? Hezkuntza salerosten, zer trukatzen ari dira? Akordioa sinatzearekin batera, hezkuntza laikoaren aldeko talde politikoek diru publikoarekin finantzatutako eskola katoliko pribatu eta doktrinatzaileak barne hartzen dituen itun bat onartu dute. Mezu katekista horiek ez dira inolaz ere uztartzen gure garaiak eskatzen duen aniztasunarekin.

Hau gutxi balitz, kristau sareko ikastetxeetan aurkitzen dira euskararen ezagutza bermatzen ez duten hezkuntza ereduen proportziorik handienak, A eta B ereduak hain zuzen.

Lege berria abian jarri ostean ez da ezer aldatuko; aipatutako ikastetxeei mesede egiten jarraituko zaie, hezkuntza publiko laikoaren kaltetan. Hori frogatzen duten neurri batzuk ikasturte honetan jada martxan jarri dira: nahiz eta jaiotza-tasak behera egin, aurten blindatu egin dira 2022-2028 aldirako itun ekonomikoak itunpeko eskolen mesedetan (ikasle gutxiago, itunpeko plaza gutxiago izango litzateke logikoena, ezta?); planifikazio dekretu berri baten bidez itunpeko ikastetxeetan gelak ireki ahal izateko ratioak jaitsi egin dira, eta abuztu hasieran, irakasleen moduluak %6 inguru gehitu dira, %8,5 Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko moduluak, eta %25 igo da mantenimenduko finantzaketa.

Datorren Lege berri honen bidez, baztertzen, ebanjelizatzen eta segregatzen duen sistema bat egonkortzea eta blindatzea lortuko da.

Oraindik ere sinistuta gaude gure hezkuntza-sistema hobetu daitekeela, baina zaila egiten zaigu sinestea politikariek hala nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.