Noiz sortua: 2019-01-25 00:30:00

Hezkuntza grebekin elikatzen

Pello Igeregi Santamaria - ELA sindikatuko Negoziazio Kolektibo Arduraduna

2019ko urtarrilak 25

Euskal oasian ez dago urik Hezkuntzarako. Hezkuntzako langileak, behintzat, itolarrian daude. Ur falta Eusko Jaurlaritzaren erabaki politikoa da, horregatik bideratzen du hezkuntzara barne produktu gordinaren %3,55 soilik. Europan Bulgaria eta Irlandak bakarrik bideratzen dute sortutako aberastasunaren proportzio txikiagoa. Are gehiago, egun 2009an baino aberastasun gehiago sortzen dugu, eta garai hartan aberastasunaren %4,34 bideratzen zen hezkuntzara. Bestela esanda, orduko gastu maila mantendu balitz, 632 milioi euro gehiago izango genituzkeen erabilgarri.

Murrizketa politika basati horren ondorioak langileek jasan behar izan dituzte bere bizkar gainean. Era berean, profesionalek eginahalak eginagatik, ikasleek ere pairatu dute finantzaketa falta eta ez dute merezitako heziketa jasotzerik izan. Murrizketaren tamainarekin jabetu gaitezen, gizaki arrunt batentzat kuantifikaezina den dirutza horrekin 10.000 langiletik gora kontratatu daitezke, esaterako.

Zentzu honetan, Hezkuntza Itunaren eztabaida oso kuriosoa izan da, elementu asko azaltzen dira hezkuntza hobetzeko ezinbestekoak direnak, baina proiektu horiek praktikara eramateko beharrezko diren baliabideak ez dira zehazten, ezta proiektu horien kalitatea bermatzeko finantzaketa ere. Hezkuntzako eragile anitzek eztabaida horretan parte hartu dute hezkuntzarako beharrezkoa den inbertsio publikoa eztabaidatu gabe, itunpeko patronalek, adibidez. Filosofiaz hitz egitea ondo dago, baina «hezur-haragizkoa da gure festa». Errealitateari loturik bizi gara, eta errealitate horretan langileek gehiegizko lan-karga, lanorduetatik kanpo lan andana egin beharra, behin-behinekotasuna, masifikazioa edo erosahalmenaren galera garrantzitsua pairatzen dute. Ohituta gaude gatazkak sortzen direnean Cristina Uriarte Sailburua hezkuntzarekin arduratsu plantak eginez sindikatuon aurkako esaldi gogorrak entzutera. Iaz ikasleak bahitu omen genituen eta aurten gatazka ikasgeletara eraman ei dugu. Aipatutako errealitate hori da gatazkatsua, eta Eusko Jaurlaritzak eragin du, bereziki azkeneko hamarkadan. Eusko Jaurlaritzak sartu du gatazka ikasgelen barrunbeetara.

Hezkuntza Sailari bost axola zaizkio langileak. Azken adibidea aurreko astean izan genuen. Sailak Eskola Jangelen balizko aldaketa planteatu zuen, bertan lanean ari diren langileekin zer gerta daitekeen argitu gabe. Kontuan izan behar dugu Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatzen dituen langileen artean behin-behinekotasuna aurten %70ekoa dela eta kaleratuak izateko arriskua izan dezaketela. Esparru horretan langileen gehiengo oso zabala emakumeak dira; hau da Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 8rako konpromiso feminista. Hori bai, ondoren irakasleak berdintasunaren aldeko balioak hedatzeko programa berritzaileak ezartzera behartuko ditu, horien prestaketa lanorduz kanpo egin behar badute ere.

Azaldutako politika horien aurrean kalitatezko hezkuntzan sinisten dugunontzat greba da jarduera arduratsu bakarra, gure seme-alaben etorkizuneko hezkuntza bestelakoa izan dadin eman dezakegun berme bakarra. ELArentzat harritzekoa da Itunpeko Irakaskuntzako patronal guztien jarrera, beren finantzaketa Hezkuntza Sailaren menpe dagoela diote, baina hori horrela dela onartuko bagenu ere, era berean, ez dute ahotsik altxatzen bere proiektu pedagogikoen kalitatea erabat mugatzen duen marko honen aurrean. Erosoagoa da hezkuntza publikoko finantzaketarekin konparaketak egitea Eusko Jaurlaritzak hezkuntzara bideratutako finantzaketa osoa eztabaidatzea baino. Salaketa honetan bakarrik uzten gaituzte, baina grebak deitzen ditugunean gurekin kexu azaltzen dira.

Eusko Jaurlaritzak sindikatuoi eskatzen digu sakoneko arazoak konpondu gabe mobilizazioak bertan behera uztea. Iaz Hezkuntza Publikoan behin-behinekotasuna, erosahalmen galera, lan-kargak edo ordezkapenen arazoa konpondu gabe bake soziala ematea nahi izan zuen. Itunpeko irakaskuntzan negoziazio tranpatiak planteatzen dituzte batzuek eta besteek, patronalek esaten digute Eusko Jaurlaritzarengandik jasotakoa emango dietela langileei eta kontzertuen negoziazioa beraiek monopolizatu nahi dute ondoren, jadanik grebarik ez dagoela. Hau da, sindikatuok gure autonomia galtzea planteatzen dute, gure papera beraiek adostutako diru-trukaketa bati oniritzia ematea bailitzan. Horregatik ez genuen Ikastoletako akordioa sinatu, Erkoreka sailburua horrek harritu arren. ELAk ez du onartuko murrizketa politiken ondorioen kudeatzaile bihurtzea. Aitzitik, guk langileak antolatu nahi ditugu gizarte eredu justuago baten alde, eta, bide horretarako akordiorik ez dagoen bitartean, ez dugu akordiorik sinatuko, eta ahal dugun neurrian grebak antolatzen jarraituko dugu hezkuntzako esparru guztietan. Gurea ez da notariotza lana, gustatzen ez zaigun errealitate bat egiaztatzea, mobilizazioarekin errealitate hori aldatzea baizik.

Hezkuntza publikoan zein itunpekoan langileek erosahalmena serio berreskuratzen hastea, behin-behinekotasuna %8tik behera ezartzea, lana lanorduetan egin ahal izatea, jaiotza tasen ondorioz ikasgelak itxiko balira birkokatzerako bermeak izatea edo lan-kargak murriztea justizia kontua da. Hezkuntza hezur eta azal utzi duen finantzaketa publiko honek ez badu horretarako aukerarik ematen Eusko Jaurlaritzak planteatu beharko du diru-sarrerak nola handitu, besteak beste kapital errentetan tarte handia du honetarako. «Batek gose diraueno ez gara gu aseko», ELA behintzat ez da ase izango langileek lana duintasunez egin eta horretarako baliabideak ezarri arte, hezkuntza behar bezala elikatu arte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna