Pikillo piperrak bakailaoz beteak

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Markinez.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT
20 piper gorri.
300 g bakailao gezatu (tako garbia).
Oliba olio birjina.
Gurina.
4 koilarakada irin.
3/4 litro baserriko esne.
Ziazerba sorta bat.
Tipula 1.
Esnegaina.
Gatza.

1
Errezeta hau bi egunetan egingo dugu. Lapiko bat olio txorrotada batekin eta gurin koilarakada batekin berotzen jarri. Tipula ongi xehetua gehitu, eta ordu laurden batez erregosi. Ondoren, lau koilarakada irin gehitu, nahastu, eta pixka bat egosten eduki ondoren, esnea gehitzen joan, poliki-poliki guztia bukatu arte (esnea aurrez beroa badago hobeto). Gatz pittin bat bota, eta ondo nahastu; horrela, bexamel krematsua lortuko dugu.

2
Zartagin bat oliba olio txorrotada batekin berotu, eta bakailao xehetua gehitu, baita ziazerba hostoak ere, txikituta horiek ere. Guztia bost bat minutuz erregosi, su ertainean. Ondoren, bexamela dugun lapikora gehitu, guztia nahastu, eta hozten utzi.

3
Errezetarako ibiliko ditugun pikillo piperrak freskoak eta aurrez etxean erretakoak dira; oraintxe hasten baita denboraldia. Dena den, kontserbakoekin ere goxoa aterako zaizue. Beraz, piperrak hartu, eta banan-banan bakailao bexamelez bete, koilara txiki baten laguntzaz. Labeko erretiluan jarri bata bestearen ondoan, eta oliba olio txorrotada fin bat bota gainetik. Labea 180 gradutan berotzen jarri, eta ondo beroa dagoenean, bertan sartu piperrekin erretilua. Bost edo zazpi minutu inguruz bertan eduki.

4
Bitartean, seguruenik piper batzuk puskatu zaizkigula, beraz, horiek aprobetxatuko ditugu, krematxo bat egiteko. Horretarako, lapiko batean esne-gain basokada bat irakiten ipini, piper puskak gehitu, gatz pittin bat ere bai. Lau bat minutuz mantendu, eta guztia ongi irabiatu; horrela, pikillo krema lortuko dugu.

5
Piperrak labetik atera, plateretan banatu, eta pikillo kremaz ongi busti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.