Iker Markinezek babarrun zuriak eta txipiroiak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Babarrun zuriak, 200 g Txipiroiak, lau (neurri ertaina) Tipula bat Azenario bat Kalabazin bat Piper gorri bat Tomate heldu bat Oliba olioa Gatza Perrexila Baratxuria
Lehenik eta behin, babarrunak prestatuko ditugu. Horretarako, arrocina motako babarruna erabiliko dugu. Gau osoan beratzen utziko dugu, ez egun osoan. Beraz, behin beratua dugunean, ura kendu eta ur berriarekin jarri lapikoan. Sutan irakiten jarri, eta irakin arte mantendu. Irakitean sortuko duen aparra kendu.
Bitartean, barazkiak prestatuko ditugu. Garbitu eta karratu txikietan moztu; denak, tomatea izan ezik.
Babarrunak irakiten ari diren lapikora bota barazkiak, eta baita oliba olio txorrotada bat ere. Baina adi: bukaerara arte ez bota gatzik. Zergatik? Lekaleei gatza hasieratik botaz gero, errazago apurtzen direlako. Gutxi gorabehera, ordubetean mantendu irakiten, eta, ondoren, gatz pitin bat bota. Babarrun mota hau ez denez hain ohikoa, besteetan baino salda lodiagoa ateratzen utziko diogu. Irakiten ohi baino denbora gehiago utzita eta ur gehiago ez botata lortuko dugu hori. Sua itzali eta bertan utzi.
Txipiroiak garbitu, baina barrutik bakarrik. Ahal bada, kanpoko azala ez kendu. Txipiroiak tamaina ertainekoak direnez, labanaren laguntzarekin mozketa txiki batzuk egingo dizkiogu, prestatzeko garaian berotasuna barrura errazago sar dadin, baina alderik alde guztiz moztu gabe. Baratxuria eta perrexila, biak txiki-txiki zatitu, eta platertxo batean prest utzi.
Zartagina hartu, eta, ondo berotuta dagoenean, txipiroiak bertan jarri; lehenik eta behin, mozketa txikiak egin ditugun aldea beheraka jarri, zartaginaren alderaka. Gatz pitin bat bota eta oliba olio txorrotada bat ere bai. Minutu batean su bizian eduki ondoren, buelta eman eta baratxuria eta perrexila bota. Beste oliba olio txorrotada bat bota eta berriz ere minutu batean mantendu su bizian. Ondoren, plater batera atera, eta zartagina itzali. Lapikoan ditugun babarrun zuriak zartaginera bota, eta dena nahastu, bertako txipiroien zaporea ere xurgatu dezaten.
Azkenik, platereratzeko, behean babarrunak jarri eta gainean txipiroi puska ipini. Oliba olio txorrotada bat bota, eta prest izango dugu platera. Oliba olioaren ordez, ozpin-olioa ere egin daiteke, eta hori ere bota dezakegu.
On egin!
Gaurko aukeratu dudan platera erabat osoa da, propietate guztiak dituelako. Gainera, gurean hain ezaguna ez dugun konbinazioa egin ahal izango dugu: hau da, lurra eta itsasoa uztartuko ditugu. Gehienbat, Katalunia aldean da ezaguna konbinazio hori. Gurean ez gaude hain ohituta lekaleak horrela jatera, baina itsasoko hainbat produkturekin (otarrainxkak, itsas zapoa, almejak...) nahastuta oso emaitza goxoa lortuko dugu.




