Iker Markinezek antxoak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.Â
Antxoa, 500 g Zerbak, lau hosto handi Ziazerbak, 200 g Cherry tomateak, 300 g Tipula gozo bat Baratxuri aleak, 2 Gatza Modena ozpina Oliba olioa
Lehenengo, barazkiak prestatzen hasiko gara, horrek kenduko baitigu denborarik gehiena. Tipula zuritu eta juliana moduan zatitu. Zartagin bat oliba olio txorrota batekin jarri eta bertan tipula erregosten jarri, su motelean. Baratxuri aleak ere zuritu eta puska txikietan moztu. Ondoren, zartaginera bota. Dena ordu erdi batez ondo erregosi, taparik jarri gabe, horrela zartaginean zuku gutxi geldituko zaigulako.
Zerba hostoak garbitu eta orri mamiak bakarrik hartu. Hostoak gorde beste egun batean erabiltzeko. Orri mamiek dituzten hariak kendu, eta makila finetan moztu. Lapiko batean ura eta gatza ipini. Sutan jarri, eta, irakiten hastean, hara bota orri mamien makilatxoak. Horiek hamabost bat minutuz egosi ondoren, ur hotzetara pasatu.
Tipula dugun zartagina su bizian jarri, eta ziazerbak hara bota. Hasieran bolumen handiegia hartzen duela ikusiz gero, lasai, segituan zartaginaren beroarekin jaitsi egingo da bolumen hori guztia. Orduantxe zerbaren orri mami egosiak gehitu; sua itzali, eta gorde.
Antxoak garbitu eta hezurra kendu. Sukaldeko paperean zabaldu eta ondo lehortu. Ondoren, antxoa bakoitza bi xaflatan banatu. Adi, xafla batean hezurtxoak agertuko dira, eta komeni da horiek ondo kentzea.
Cherry tomateak erditik moztu. Tomatetxoak zartagin batean jarri, moztutako hazitxoen aldea zartaginaren kontra dugula. Oliba olio txorrotada txiki bat bota, eta su motelean jarri. Lau bat minutuz sutan eduki ondoren, itzali, guztiei banan-banan buelta eman, eta zartaginean gorde.
Plantxa bat sutan jarri, eta, ondo berotuta dagoenean, antxoak bertan jarri, azalaren aldea plantxaren kontra dutela; batere oliorik gabe jarri hasieran eta itxoin plantxa oso bero egon arte. Ondoren, gatz pitin bat bota eta oliba olio txorrotada bat gehitu. Antxoak ez ukitzea eta mugitzea da garrantzitsuena, azala ondo txigortuta eduki arte. Gutxi gorabehera, pare bat minutuan eduki hor. Ondoren, guztiei buelta eman, eta sua itzali.
Platera osatzeko, barazkiak erdian ipini, eta gainean jarri antxoak, azala gora begira dutela. Ondoren, tomatetxoak plateraren bueltan ipini. Bukatzeko, modena eta oliba olioarekin prestaturiko ozpin-olioa koilararekin platerean zabaldu.
Euskal Herrian antxoak jateko ohitura handia dugu, eta gure arrainik gogokoenetakoa da. Askotan modu berean prestatzen ditugu etxean, eta, gaurkoan, barazkiekin batera jateko beste modu bat proposatzen dizuet. Ea gustatzen zaizuen!




