Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Aurreiritziak gainditu» eta ezkerra batzera deitu du Miren Gorrotxategik

Ahal Dugu-ko hautagaiak agindu du Iriarteri eta Mendiari hots egingo diela, «beste hazkunde eredu baten» aldeko gobernua osatzeko. Equok gaur erabakiko du bozetara aurkeztuko den

Miren Gorrotxategik atzo egin zuen lehendakarigai aukeratua izan ondorengo lehen agerraldia, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
«Beste hazkunde eredu bat behar dugu, ongi komunean eta zaintzan oinarritutakoa». Mezu horrekin eta ezkerreko alderdiei ados jartzeko dei eginez abiatu du bere hautagaitza Miren Gorrotxategik, Ahal Dugu-ren lehendakarigai gisa eginiko lehen agerraldian. «EAJren hegemonia» amaitzera eta ezkerreko indar politikoen arteko aliantza batera deitu zuen atzo arratsaldean, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuenaliantza hori galarazten duten «aurreiritziak eta beldurrak» auzitan jartzea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, Ahal Dugu-k herenegun eman zituen Jaurlaritzako lehendakarigaia aukeratzeko primarioen emaitzak. 2.829 afiliatuk emandako botoetatik 1.519 eskuratu zituen Gorrotxategik (%56), eta 1.181 Rosa Martinezek (%43). Martinezek Ahal Dugu-ren Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritzaren babesa izanik, eta Gorrotxategi nagusituta, ostegunean bertan dimisioa eman zuen Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Harekin, ardura postuak utzi dituzte beste kide batzuek ere.

Gorrotxategik batasun mezua bidali zuen: «Inor ez dago sobera. Zaintzan oinarritutako gizarte solidario bat nahi duzuen guztiak eta horretarako lan egin nahi duzuen guztiak ongi etorriak zarete; hau da zuen etxea». Etxetik kanpora, gogora ekarri zuen ezkerreko hiru indar politikoetako lehendakarigaiak emakumeak direla: «Ezin dut bermatu lehen aldiz lehendakari emakume feminista eta ezkertiar bat izango dugunik; Bilduk eta PSEk EAJren aldera begiratu izan dute. Baina gauza zailak ez dira lehenengoan lortzen». Horretarako, hitzeman zuen, ezkerrak botoetan eta ordezkarietan gehiengoa badu, Maddalen Iriarte eta Idoia Mendia EH Bilduko eta PSE-EEko lehendakarigaiei hots egingo diela, «aldaketa gobernu bat adosteko».

Izan ere, Gorrotxategik beharrezkotzat jo zuen aldaketa hori: «Ez dut euskal oasiaren ipuina sinisten. Klientelismo sare eta ustelkeria dauzkagu hemen».

Equori «betoa»

Ahal Dugu Ezker Anitzarekin koalizioan aurkeztuko da berriro ere bozetara, baina, 2016an ez bezala, aliantza horretan ez da egongo Equo. Koalizioan sartu ezinik geratu eta gero, hitzordu garrantzitsua dute gaur alderdi ekologistako kideek, gaur erabakiko baitute bozetara aurkeztuko diren. Jose Ramon Becerra legebiltzarkide eta Equoko kideak atzo Radio Vitorian esan zuenez, «Madrilgo Podemosi edo Pablo Iglesiasi deserosoa iruditzen zitzaion berdeak Podemosen egotea»; salatu du «betoa» ezarri diotela alderdiari.Becerrak azaldu du «Euskadik ezkerreko proiektu berde bat merezi» duela, «gillotinarik, garbiketarik eta barne gatazkarik gabe politika egin ahal izateko».

Bestalde, EH Bilduren zuzendaritzak proposatutako hautagaitzak berretsi dituzte oinarriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.