Albistea entzun

Ur berdea kudeatu ur urdina ez faltatzeko

'Ur berdearen garrantzia krisi klimatikoaren aurrean' izeneko hitzaldia eman zuen atzo Ane Zabaleta geologoak Udako Euskal Unibertsitatean, azaltzeko ezinbestekoa dela lurzoruaren hezetasuna kudeatzea zerbitzu hidrologikoak bermatzeko.
Lorea Agirre <em>Jakin</em> aldizkariko zuzendaria eta Ane Zabaleta geologoa, atzoko hitzaldian.
Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria eta Ane Zabaleta geologoa, atzoko hitzaldian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko uztailak 16 - Usurbil

Lurzoruan dagoen ura ongi kudeatzea, lur gainean eskura duguna falta ez dadin. Hori da, funtsean, Ane Zabaleta geologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak proposatzen duen ideia. UEU Udako Euskal Unibertsitateak Usurbilgo Udalarekin (Gipuzkoa) eta Jakin-ekin batera antolaturiko Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? izeneko ikastaroan, Zabaletak ur berdeari buruz hitz egin zuen atzo, klima aldaketaren ondorioak arintzeko izan dezakeen garrantzia seinalatzeko.

Irakasleak berak azaldu zuenez, lurzoruan dagoen hezetasunari esaten zaio ur berdea; landareek bizi eta hazteko erabiltzen dutenari, alegia. Halaber, ur urdina esaten zaio ibaietan, aintziretan eta hezeguneetan ikusten den gainazaleko ur gezari, eta azken horrek, hain zuzen, berebiziko garrantzia du gizakien eguneroko bizitzan, industriarako, nekazaritzarako eta etxebizitzak hornitzeko ezinbestekoa delako.

Bada, berotze globalaren ondorioz gertatzen ari den klima aldaketarekin, eskura dugun ur urdina gutxitzen ari da, prezipitazioen gorabeherek desorekak sortzen dituztelako eta tenperaturen igoerak lurruntzea eta landareen transpirazioa areagotzen dituelako. Horiek horrela, prezipitazioetan eta tenperaturan eragiteko gaitasunik gabe, gizarteari ur urdinen emaria mantentzen saiatzeko tresna bakarra geratzen zaiola azaldu du Zabaletak, eta tresna hori ur berdearen kudeaketa da.

Landaretza mota da gakoa

Lurzoru baten hezetasuna handiagoa den heinean, bertatik igarotzen den ibaiaren emaria murriztu egiten da. Hau da, zenbat eta ur berde gehiago izan, orduan eta ur urdin gutxiago geratuko da, eta gakoa, hortaz, lurraldearen erabileran datzala azpimarratu du irakasleak.

«Erabilera hori landaretza motan eta haren kudeaketan oinarritzen da», azaldu du, «ez baita berdina izango ur asko kontsumitzen duen espezie bat edo gutxiago kontsumitzen duen beste bat izatea». Hala, ibaiaren arroan zehar dagoen baso batek ibaiaren emaria belardi batek baino gehiago murrizten duela zehaztu du irakasleak: «Basoek askoz ur gehiago kontsumitzen dute, biomasa handiagoa dutelako, atmosferarekin truke handiagoa dutelako, eta, sustraiak sakonago doazenez, ur gehiago hartzen dutelako».

Orobat, basoak belardiak baino ur gehiago kontsumitzen duen moduan, baso mota batzuek beste batzuek baino hezetasun handiagoa eskatzen diote lurzoruari. Eta, alde horretatik, Zabaletak pinuz edo eukaliptoz osaturiko basoak nabarmendu ditu, hosto erorkorretakoek baino «askoz ur gehiago» xurgatzen dutelako.

Iturburuak babestea

Lurraldeko ibaiak aztertuta, azken 60 urteetan Euskal Herriko ur urdinaren emaria murriztuz joan dela berretsi du Zabaletak, eta, tarteka gora egin dezakeen arren, etorkizunean ere beherantz jarraituko duela iragarri du: «Modelo batzuek esaten digute 2030eko udaberrian eta neguan emarien gorakada bat egon daitekeela, baina, horizonte hori pasatuta, urteko sasoi guztietan ur gutxiago izango dugula esaten digute modelo guztiek».

Ibaiaren arroak eskaintzen dituen zerbitzu hidrologikoak mantentzeko, ordea, «ura kantitatean, kalitatean eta urte osoan» izatea ezinbestekoa dela gogoratu du irakasleak, eta azkenaldian gero eta udal gehiagok horrekin loturiko kezkak agertu dizkiotela jakinarazi du.

Bada, arroa zaindu eta, horrekin batera, ekosistemak babestu eta herrietako ur hornidura bermatu nahi bada, arreta ibaien iturburuetan jarri behar dela azpimarratu du Zabaletak: «Kontu handia izan behar da ibaiaren arroaren goialdean egiten dugun lurraren erabilerarekin, gerora horrek finkatuko baitu zenbat ur urdin eta berde geratuko zaigun». Edo, beste hitz batzuekin azalduta, hobe da gaur arduraz jokatu eta lurraldeko ur iturriak zaintzea, diru iturriak lehenetsi eta etorkizunean lehor geratzea baino.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Sendagileek Donostia ospitalearen aurrean egindako protesta, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sendagileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak ez diela erantzun beren deiei

Arantxa Iraola - Gotzon Hermosilla

Elkarretaratzea egin dute Donostia ospitaleko atarian. Urkulluk uste du aferan «beste interes batzuk» egon daitezkeela. Oposizioak gogor kritikatu du egoera

Andre bat autobusera sartzen, maskararekin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hegoaldeko garraio publikoetan maskara erabili beharko da oraino

Oihana Teyseyre Koskarat

Espainiako Gobernuak ez ditu neurriak kenduko adituek «kontrakorik erraten ez duteno». Bronkiolitisak gora egin du Baionako ospitalean
Bilketa eguna, Basaurin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Gizartearen erantzuna eskertu du Elikagai Bankuak

Olatz Silva Rodrigo

2019ko datuak gainditu dituzte Hegoaldean. 77.000 lagunen artean banatuko dute emaitza.

Baionako Hazkurri Bankuaren urteko bilketa. ©Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Herri elkartasun premiatsua

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Urteko bilketa egin berri du Lapurdi eta Baxenabarreko Hazkurri Bankuak. Iaz baino doi bat gutiago bildu badu ere, araberan beste lekuetan baino gehiago eman du bertako jendeak. Beharrak emendatuz doaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.