Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Azalaren azpiko talkak

Mikel Gurreak bikote baten harremanean arakatu du 'Suro' bere lehen lan luzean. Dolua nerabe baten ikuspegitik landu du Christophe Honorek 'Le Lycéen'-en

'Suro'. Ezker-eskuin, Ilyass El Ouahdani, Vicky Luengo eta Pol Lopez aktoreak, Mikel Gurrea zuzendariarekin, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Hiritik landa eremura jo du bikote batek, beren bizi proiektua naturaren erdian eraikitzera. Izebaren etxalde zaharra hartu du Helenak (Vicky Luengo), eta bera eta Ivan (Pol Lopez) hura zaharberritzeko eta inguru berrian bizitzeko ilusioz daude. Etxaldeko basoetako artelatzen azala, kortxoa biltzea izango dute lehen zereginetako bat. Eta zuhaitzei geruzak erantzi ahala joango dira azaleratzen bikotekideen arteko tentsioak. Baita pertsonaia bakoitzarenak ere, norberak izan nahi duenaren eta benetan egiten duenaren artekoak. Iaz Veneziako festibalean Heltzear film laburra aurkeztu ostean, Mikel Gurrea zinemagile donostiarra sorterrian lehiatuko da Suro bere lehen film luzearekin.

Ikusi gehiago:Kritika. Andoni Imaz: 'Suro'

Herrialde Katalanetan eta katalanez ondu du filma Gurreak, eta, azaldu duenez, 2010ean du abiapuntua. Bartzelonan zen orduan, karrera amaitu berritan, eta nora jo erabaki bitartean, udan han geratzea erabaki zuen. Kortxoa biltzeko kanpainan lan egitea proposatu zioten. «Han deskubritu nuen testuraz eta soinuz liluragarria egin zitzaidan mundu bat, eta sentsazio kontrajarriak ere eduki nituen: lur jabeen partetik nindoan lanera, baina ez nintzen lur jabea; katalanez hitz egiten nuen, baina ez naiz katalana; eta sasoikako langile modura arituko nintzen, baina gero ni joan eta haiek han geratuko ziren. Eta pentsatu nuen ideia kontrajarri horiek eta unibertso hori, niretzat oso zinematografikoa zena, egunen batean film batean jarriko nituela».

Urteetara, bere proiektua Ikusmira Berriak programarako hautatu zuten, ideia lantzeko «espazioa eta denbora» eskaini zizkiona. «Bikote harreman luze batean nengoen, eta hainbat galdera suertatu zitzaizkidan: Hirian bizi nahi dugu? Naturarekin harremanetan egon nahi dugu? Era jasangarriago batean bizi gaitezke? Haurrak izan nahi ditugu? Magma horretatik atera zen Suro».

Ikusi gehiago:Kritika. Andoni Imaz: 'Resten af livet'

Bikote harremana, haien tentsio eta krisiak, eta bakoitzaren bilakaera jarri ditu ardatzean zuzendariak; baina, fokua zabaldu, eta beste hainbat auziri ere egin die lekua, hala nola arrazakeriari, klima aldaketari eta genero rolei. Bi aktore protagonisten lana ere aipagarria da. Bere rola prestatzeko «barrura begiratu» behar izan zuela zehaztu du Luengok, eta Lopezek, berriz, kontraesanak ulertzen saiatzean jarri zuen fokua.

Christophe Honorek, berriz, Le lycéen aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian, zuzendari frantsesaren hamabosgarren lana. Lucas (Paul Kircher) 17 urteko nerabea da, gurasoekin bizi dena, nahiz eta astea barnetegi batean igarotzen duen. Halako batean, ordea, aita auto istripu batean hilko zaio, eta horrek dena aldatuko du bere bizitzan. Baita anaiarekin (Vincent Lacoste) eta amarekin (Juliette Binoche) duen harremana ere.

Ikusi gehiago:Kritika. Andoni Imaz: 'Le lycéen'

«Nik ez dauzkat 17 urte, eta, ondorioz, niretzat erronka bat izan da nerabe baten lekuan jartzea», aitortu du zuzendariak, eta erronka hori istorioa kontatzeko modura ere eraman duela gaineratu: «Nerabe baten erretratua egiteko orduan, iruditzen zitzaidan filmaren formak ere nerabea izan behar zuela: informala, lirismo puntu bat duena, zalantzatia...». Honoreren iritziz, gainerako pertsonaien begiradarekin harremantzean hartzen du balioa nerabezaroak filmean: «Egin nahi nuen forma ez erabat amaitua duen film bat, ez gauza oso solemne bat». Hain zuzen, margolaritzarekin alderatuta, zinema arte «nerabea» dela uste du.

Azkeneko partean filmaren begirada amarena bilakatzen bada ere, Le lycéen Lucasen begietatik dago kontatua, eta Kircher protagonista ia erabatekoa da. Hark azaldutakoaren arabera, Honorek «beti» gidatu zuen filmean. «Nire pertsonaia den horretara modu gozo eta atseginean eraman ninduen». Honorek zehaztu zuen Kircher aukeratu baino lehen, 300 bat aktoreri egin zizkiotela hautaprobak. «Nahi genuen gazte bat, indarra izango zuena. Eta pertsonaia ere Paulengandik hasita joan ginen eraikitzen».

Ikusi gehiago:Kritika. Andoni Imaz: 'Sparta'

Binochek amarena egin du filmean, eta ez da pelikula batean norbait galtzen duen lehen aldia, Trois couleurs: Bleu-n (1993) ere senarra eta semea hiltzen baitzitzaizkion. Film haren oihartzunaren ondorioz, dolua igaro behar duen emakume rol ugari eskaini zizkioten aktoreari, eta guztiak baztertu zituen. Honoreri, baina, baiezkoa eman zion, harekin lan egiteko «irrikaz» zegoelako.

Hiru mende atzera egin, eta ikusleak XVIII. mendeko Italiara eraman ditu Petr Vaclav zinemagile txekiarrak arratseko emanaldian. Il Boemo filmak Josef Myslivecek musikagilearen hastapenak, porrotak eta arrakastak aletzen ditu. Opera konpositorea izan nahian, Pragatik Veneziara joko du, baina kostako zaio hirian eta musikaren munduan lekua egitea. Prekaritatean biziko da, baina pixkanaka ateak irekiko zaizkio, eta enkargu garrantzitsuak jasoko ditu azkenerako. Horrek, baina, ez ditu une ilunak bere bizitzatik uxatuko.

Ikusi gehiago:Kritika. Andoni Imaz: 'Il boemo'

Vaclaven ustez, Myslivecen figura interesgarria da, hain ezaguna ez bada ere, garrantzitsua izan zelako musikaren historian. Konpositoreak 30 bat obra utzi zituen idatziak, baina oso datu gutxi daude haren bizitzaz; hala, haren musikaren nahiz fikzioaren bidez berregin ditu haren ibilerak, eta Vojtech Dyk aktore eta musikariak gorpuztu du. Filmeko beste protagonista nagusia, musika, berriz, Vaclav Luksena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.