Ikastetxe publikoetan ikasten dute atzerrian jaiotako ikasleen %69k

Emaitza okerragoak dituzte A eta B eredu publikoko ikasleek: erdiek ikasturteren bat errepikatu dute

Hezkuntza batzordea bilduta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Segregazioa da «euskal hezkuntza sistemaren erronka nagusia». Hala ziurtatu zuen atzo Eva Silvanek, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean eginiko agerraldian. EH Bilduk eskatuta, Silvan&Miracle aholkularitzak eginiko Evolución sociodemográfica del alumnado en Euskadi (Euskadiko ikasleen bilakaera soziodemografikoa) txostena aurkeztu zuen bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman ikasleen jatorriaren eta maila sozioekonomikoaren arabera egiten diren bereizketak hizpide hartuta.

Azkenaldian eztabaidagai den eskola segregazioaren zenbakiak jasotzen ditu txostenak. Hasteko, datu adierazgarri bat: atzerrian—Espainia hartu dute erreferentzia gisa— jaiotako 25.770 ikasle daude eskolatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietako %69,4 sare publikoan daude.

Sarearen arabera ez ezik, desberdintasunak daude hizkuntza ereduaren arabera ere. Batez ere, A ereduan —ikasgai denak gazteleraz egiten dituzte, euskara ikasgaia izan ezik— eta B ereduan—ikasgaien erdiak gazteleraz egiten dituzte, eta beste erdiak, euskaraz— pilatzen dira jatorri atzerritarreko ikasleak. Datu zehatzak ematearren: A eta B eredu publikoko ikasleen %33 atzerrian jaiotakoak dira, eta %11 atzerrian jaiotakoen seme-alabak; itunpekoak edo pribatuak diren A eta B ereduko ikastetxeetan, berriz, %8 dira kanpoan jaiotakoak, eta %2 haien seme-alabak. Kopuruak apalagoak dira D ereduan: sare publikoan, %5 jaio dira kanpoan, eta %3 dira haien seme -alabak; itunpeko sarean, berriz, %3 eta %1 dira, hurrenez hurren.

Maila sozioekonomikoaren araberako segregazioa ere bistaratzen du txostenak. ISEK Indize sozioekonomiko eta kultural baxukoak dira A ereduko publikoko ikasleen % 81, B eredu publikoko %50, eta D eredu publikoko %32. ISEK altuagokoek ikasten dute itunpeko ikastetxeetan: itunpeko A ereduko ikasleen %6k dute ISEK baxua, B ereduko %9k, eta D ereduko %3k.

Bereizketa horrek isla du emaitza akademikoetan. Ohikoagoa da ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleek errepikatzea: A eta B ereduko ikastetxe publikoetako ikasleen erdiek ikasturteren bat errepikatu dute, baita D ereduko eskola publikoetako ikasleen %19k ere; aldiz, A eta B ereduko itunpekoak edo pribatuak diren ikastetxeetan %16k errepikatu dute, eta D eredukoetan,%7k.

Etorkizunean ere eragin dezake segregazioak. 15 urteko ikasleei 20 urte dituztenean zer egiten ariko direla pentsatzen duten galdetu diete. A eta B ereduko eskola publikoetako %34k ikasten jarraitzeko asmoa dute,eduki nahi duten lanposturako behar dutelako. Beste muturrean daude itunpeko sareko ikasleak: %56k ikasten jarraitzeko asmoa dute, arrazoi berarengatik. Aldiz, independentzia ekonomikoa behar dutelako lan egiteko asmoa dute eskola publikoetako A eta B ereduko ikasleen %17k. Bestelakoa da egoera itunpeko sareko D ereduko ikasleen artean: %8k dute asmo hori.

Aurre egiteko gakoak

Egungo egoeraren argazki bat egitearekin batera, segregazioa murrizteko gakoak ere eskaini ditu Silvanek. Besteak beste, nabarmendu du «gakoa» dela udalen protagonismoa areagotzea eta adostasunak lortzea. Hezkuntza legean segregazioaren erronka kontuan hartzekoa dela iruditzen zaio: «Luzerako erronka bat da segregazioa murriztea». Eta ohartarazpen bat ere egin du: «Euskal gizarteak etorkizuna jokoan du hurrengo hezkuntza legean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.