Martinezen hautagaitzak Ahal Dugu-ren zirkuluen %83ren babesa jaso du

Gorrotxategik EH Bildurekin eta PSE-EErekin itunak egitea lehenetsi du. Zerrenda bakarra osatu du Ezker Anitzak, Isabel Salud buru duela

Rosa Martinez, atzean Lander Martinez eta Cristina Makazaga dituela. E. P. / FOKU.
jon olano
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte apirilaren 5ean, eta Ahal Dugu-n abian da Jaurlaritzarako lehendakarigaia aukeratzeko prozesua. Lehia horretan ari dira Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi; aurrenekoak Lander Martinez Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiaren babesa dauka, eta bigarrenak,Madrilgo zuzendaritzarena. Hori horrela, Guztion Aukera hautagaitzak, Rosa Martinez buru duenak, jakinarazi du Ahal Dugu-ren zirkuluen %83ren babesa eskuratu duela primarioen prozesuan. Horrek erakusten du, hautagaitzaren arabera, Martinezen hautagaitzak «oinarrietan duen babesa». Martinezek azaldu du abalen emaitzek aukera ematen diotela primarioen prozesuan «energia, ilusio eta gogo handiagoz» jarraitzeko.

Bermeak jasotzeko epea igandean amaitu zen. Babes nahikoa jaso duten hautagaitzak bihar proklamatuko dituzte, eta etzi hasiko da kanpaina, hilaren 25era bitartean. Otsailaren 27an jakinaraziko dituzte emaitzak.

Gorrotxategik azaldu du 150 abal pertsonal beharrezkoak direla primarioetan aurrera egiteko, eta bere hautagaitzak hiru bider gehiago eskuratu dituela: 450 inguru. Gaineratu du apirilaren 5eko emaitzak edozein direla ere bere helburua izango dela «aldaketa politikorako bide progresista bat adostea» eta, bide horretan, EH Bildurekin eta PSE-EErekin aliantzak egitea: «Hauteskundeen biharamunean hots egingo diet, minutu bat itxaron gabe».

Xede horren adibide gisa aipatu ditu Elkarrekin Podemosek Errenterian EH Bildurekin eta Irunen PSErekin (Gipuzkoa) eginiko hitzarmenak; hain justu, Ion Collar Errenteriako alkateordea eta David Soto zinegotzia Gorrotxategiren zerrendetan aurkeztuko dira. Era berean, Gorrotxategiren asmoa da EAEko Ahal Dugu-n «batasuna» lortzea, eta berriro ere eskua luzatu dio Martinezi bere hautagaitzan —Zubiak— txertatzeko Guztion Aukerakoak.

Bi hautagaitzak bateratzeko aukerak urrun daudela dirudi, ordea. Atzo, Andeka Larrea Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak garrantzia kendu zion bi hautagai aurkezteko aukerari, esanaz, zerrenda bateratu bat osatzerik ez badute, bozketa «normaltasunez eta dramatismorik gabe» egingo dutela, Ahal Dugu-ren «barne demokraziari» jarraituz.

Zerrendaburua edozein dela, Ahal Dugu-k Ezker Anitzarekin eta Equorekin adostu beharko ditu zerrendak, oraingoan ere koalizioan aurkeztuko baitira hiru indarrak. Ezker Anitzak ere hauteskunde primarioak egin ditu, eta zerrenda bakarra osatu dute. Isabel Salud alderdiko koordinatzailea izango da zerrendaburua, eta harekin aurkeztuko dira, besteak beste, Arantza Gonzalez Gipuzkoako batzarkidea eta Eder Alvarez Elkarrekin Podemosek Barakaldoko Udalean duen bozeramailea. Erabakia zuzendaritzak berretsi beharko du otsailaren 29an.

Antikapitalistak, aparte

Aldiz, koaliziotik aparte geratuko da orain arte Ahal Dugu-ren barne ildo gisa aritu den Antikapitalistak alderdia. Podemos eta Ahal Dugu sortu zirenetik, horien parte izan dira Antikapitalistak, baina kritiko azaldu dira alderdiak hartutako erabakiekin. Horregatik, Miguel Urban europarlamentariak azaldu du Antikapitalistek «norabidea birpentsatuko» dutela eta ez direla hauteskundeetara aurkeztuko: «Pentsatu behar dugu nola berreraiki ezker politiko eta soziala luze gabe eta luzera begira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.