Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Bermeon ere 'malumeraz'

Jose Mari Pastor -

2022ko azaroak 5

Katalunian gaztelera katalana bezain etxekoa dela adierazi du unionista batek Twitterren bidez. Joel Joan aktore katalanak bi datu eman ditu iritzi hori oinarririk gabe uzteko. Lehena: gaztelera ez zen Katalunian sortu. Bigarrena: 1990. urtean Kataluniako herritarren % 5 baizik ez ziren espainieraz bizi.

Euskara ala espainiera: zein zen Bermeoko mintzaira 1900ean? Zein hizkuntzaz maitatu eta gorrotatzen zuten elkar orduko bermeotarrek? Nongo hizkeraz lotu zituzten azken pentsamenduak, azken berbak, azken oihuak 1912ko galernan hil ziren arrantzale bermeotarrek? Eta haiekin batera zihoazen Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako itsasgizonek?

Begi bistakoak dira galdera horiei dagozkien erantzunak. Gaztelera ez zen Matxitxako aurrean jaio; Gaztelako hizkuntza ez zen bertako herritar gehienek eguneroko bizitzan erabiltzen zutena.

Orain, mende luzetxo pasatu ondoren, bestelako egoera dugu Bizkaiko herrian. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Bermeon eginiko hizkuntzaren erabileraren datuak ez dira pozteko modukoak: euskararen kale erabilerak behera segitzen du bertan. Egun %29,4koa da. Duela sei urte, %33,6koa. Beherakadari lotutako datu negatiboena gazteei dagokie. 15 eta 24 urte bitarteko bermeotarren %8,4k baino ez dute kalean euskaraz egiten. 2016an %14,8koa zen portzentaje hori. Hala ere, gazte horien %84,3 gai dira euskaraz egiteko.

Bermeon gazte gehienek dakite euskaraz. Egin, gero eta gutxiagok egiten dute, baina. «Aldatz-behera eta freno barik goaz Bermeon», esan dit hango lagun batek. Ondorioz, Eustatek kaleratu berri dituen datuak ez dira gandorra ateratzeko modukoak: EAEn gora egin du euskara dakiten herritarren kopuruak. Zenbateko hori zortzi puntu handitu da 2011tik. Nola neurtzen da hori, baina? Autoebaluazioaren bidez eginez gero, noraino dira fidagarriak datu horiek?

Gero eta jende gehiagok daki euskaraz; gero eta gutxiago erabiltzen da hainbat lekutan. Eskualde euskaldunetaraino iritsi da fenomenoa. Txorierriko lagun bati entzun nion, aspaldi: «Francoren garaian erdaraz egiten genuen eskolan, baina kalean euskaraz egiten genuen olgetan». Orain ez dugu zuzeneko errepresiorik. Unibertsitateko tabernan erdaraz ari diren euskarazko ereduko hiru ikasleek ez dute guardia zibil edo polizia nazional baten pistola buruan, erdaraz egitera behartzen dituena. Ez. Oso gustura ari dira. Erdara nagusitu zaigu. Euskaraz gelan eta erdaraz patioan. Hori gutxi ez, eta geletan ere erdara hedatzen hasi da euskarazko ereduetan. Argi gorria Ipar Euskal Herriko ikastoletan ere piztu da. Lehen euskararen gotorlekua zen eremuan erdara hasi da hedatzen.

Prestigioa behar du euskarak. Nik ez dut uste egun unibertsitatean euskaraz ikasten duten eta erdaraz alai egiten duten gazte euskaldunek euskara txorimaloen hizkuntzatzat dutenik. Seguru nago euskararen defentsa sutsua egingo dutela... espainieraz. Orduan?

Hizkuntza gutxituek eta haien hiztunek erreferentziak behar omen dituzte. Ez da abiapuntu txarra. Hortik haratago? Katalunian pozik daude. Baliteke 2023ko Eurovision kanta lehiaketan bertako talde batek katalanez abestea. Benidorm Fest festibalean erabakiko dute Espainia zein taldek ordezkatuko duen. Siderland taldea Eurovisionera joango balitz, milioika eta milioika lagunek entzungo lukete hizkuntza katalana zuzenean. Ederto. Berdin gertatuko litzateke festibal horretan Euskal Herriko musika talde batek euskaraz abestuko balu. Pop, rock, trap-a? Berdin dio. Nahi duzuna.

Ordea, biharamunean, zer? Eurovisionek salbatuko al du euskara? Zertarako itsutu hango argiekin biharamunean errealitate ilunera itzuliko bagara? Geure burua apur bat kontsolatzeko, goratzeko? Espainia demokratikoari aurpegia garbitzeko bere legeek eta epaileek euskara normaltzea etengabe oztopatu eta debekatzen duten bitartean? Zertarako balio digu Eurovisionen euskaraz kantatzeak, gero Bermeoko gazteek Malumaren hizkuntza erabiltzen badute eguneroko bizitzan?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian. ©JON URBE / FOKU

Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Torrealdairen lanari «jarraipena» emanez, MHLI taldeak 1975. eta 1983. urteen arteko zentsurari buruzko liburu bat ondu du. Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

Joxerra Senar

Ustekaberik ez zen izan atzo Nafarroako Parlamentuan, baina Mañerun «amorruz eta etsipenez» hartu dute albistea, euren nahiari jaramonik ez dietelako egin Navarra Sumak eta PSNk. Alkateak salatu du «bigarren mailako herritar» sentitzen direla.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...