Hezkuntza

Zortzi eguneko greba egingo dute itunpeko hezkuntzako sarean

iraia vieira gil
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarean greba egingo dute urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez. Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte grebara —ikastolek ez dute bat egin, eta, sindikatuen arabera, 9.000 langile daude deituta. Lan hitzarmena hobetzeko negoziazioetan oraindik ere «immobilismoan errotuta» daudela leporatu diete patronalei, eta horregatik erabaki dute, hain zuzen, mobilizazio dinamika indartzea.

Apirilaren 25ean egin zuten gizarte ekimeneko langileek azkeneko greba, aurretik izan zituzten negoziazio mahaietan «edukizko proposamenik» jaso ez zutelako. Sindikatuek salatu dutenez, hamahiru batzar izan zituzten guztira, eta, ordutik, ez dira berriz bildu. Patronalek negoziazioak blokeatzen jarraitzen badute, ordea, urtarrilean ere grebak egingo dituztela aurreratu dute langileek eta sindikatuek. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari laguntza eskatu diote, irtenbideren bat aurkitzeko.

Beste askoren artean, aldarri hauek egin dituzte: langile guztien lanaldiak murriztea; Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko langileen homologazioan aurrerapausoak ematea; hezkuntza laguntzako espezialistek lanaldi osoak izatea; KPIaren araberako soldata jasotzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; DBHko lehen eta bigarren mailako irakasleen soldatak sektore publikoko soldatekin parekatzea; lanpostu aldaketen prozedurak erregulatzea; eta Lanbide Heziketa hobetzeko, euskara ikasteko, lan osasuna bermatzeko eta arrisku psikosozialen prebentziorako planak garatzea.

Sare publikoko langileek, sindikatu horiek deituta, grebak egingo dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an lan hitzarmena hobetzeko eskatzeko, gainerako funtzionarioekin batera. ELAk, CCOOk eta Steilasek, gainera, urriaren 24rako lanuzteak antolatu dituzte hezkuntzako sektore publikoan.

EHUko egoera

Bestalde, gaur egun dituzten «lan baldintza prekarioak» salatzeko agerraldia egin zuten atzo EHUko irakasleek Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Gasteiz). ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuen deiari erantzun zioten eta, sindikatuek helarazitako datuen arabera, 30 pertsona inguru bildu ziren protestan. Urriaren 11n ere lanuztera deitu dituzte irakasleak, martxoan indarrean sartu zen LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurka protestatzeko.

Aurreko astean egin zuten EHUko irakasleek lehenengo agerraldia, Leioako campusean (Bizkaia). Aldarrikapen berdinak egiten dituzte: erosahalmena berreskuratzea, ordainsari osagarriak eguneratzea, plantilla handitzea, lanaldi osoko ordezkapenak egitea, lan zama murriztea eta EHUko finantzaketa publikoa EAEko BPGaren %1 izatea. Azaldu dutenez, erosahalmena %20 murriztu da irakasleen artean, eta, gainera, lan zama eta burokrazia handitu egin da.

Ordezko irakasleen kontratuen hobekuntza ere eskatu dute. Izan ere, lege berriarekin irakaskuntza orduak betetzeko baino ezin dira ordezkoak kontratatu. Hau da, langileei ez zaie ikerkuntzarako ordaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.