Angela Cobian. Planned Parenthoodeko, Laguntzen zuzendaria

«Argi esango dugu gehiengoa garela. Amorruaren uda izango da»

URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Angela Cobian abortatzeko eskubidearen aldeko ekintzailea da, eta osasun zerbitzuak eskaintzen dituen Planned Parenthood elkarteko Laguntzen zuzendaria.

Ikusi gehiago:Gizarte zibilaren txanda abortatzeko eskubidearen alde

Astebete joan da Gorenak erabakia kaleratu zuenetik. Zein da sentipen orokorra?

Kolpea oso handia izan da: oso larria da; babesik gabe geratu dira herrialde honetako milioika lagun. Baina argi esaten dugu ez dugula atzera egingo; ez dugu etsiko, eta borrokan jarraituko dugu gure pazienteen alde, denoi zilegi zaizkigun eskubideak bermatzeko, abortatzeko eskubidea, zehazki.

Planned Parenthoodek dauka klinika sarerik zabalena, eta, leku batzuetan, lortu duzue abokatuen bidez debekuak bertan behera uztea, behin-behinean bada ere.

Erakunde gisa, eskueran ditugun tresna guztiak erabiltzen ari gara Gorenaren aurka egiteko, eta klinikak ahal beste zabalik izateko; egun bakoitza garaipen bat da. Maila federalean eta estatuka, hor eutsiko diogu, gure gorputzei buruz erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen, merezi ditugun politikak onar daitezen.

Desobedientzia protesta antolatu duzue. Argi duzue bide garrantzitsua dela hori ere?

Ondo prestatutako desobedientzia ariketak dira; edozein arlotan, trebakuntza ariketak egiten ditugu gure kideekin eta abokatuekin. Mezu garrantzitsua dauka hautetsientzat, baina baita herritarrentzat ere: denok dugu ardura bat, jokatzeko rol bat. Gure fokua da gehiengoa garela. Auzitegi Gorenak AEBetako herriaren kontra ebatzi zuen: gehienak abortatzeko eskubidearen alde gaude.

Eta hemendik aurrera?

Maiatzean manifestazio erraldoi bat izan zen hemen, Washingtonen. Epaia irten zen ostiralean ere ozen salatu genuen; argi esan genuen ez dugula atzera egingo, eta uda osoan jarraituko dugu. Argi esango dugu gehiengoa garela. Amorruaren uda izango da.

Protestetatik harago, zein da antolakuntza abortuak debekatu diren lekutan?

Albistea irten eta berehala deitu zidan koordinazioan zebilen Coloradoko lagun batek. Han, abortua legala da, eta esan zidan boluntario asko zituztela etxean gelaren bat hutsik izan eta prest zeudenak estatura zetozenak hartzeko. Abortua osasun zerbitzu bat da, hala ulertu behar da, eta horretarako ditugu abortu funtsak.

Norbaitek beste estatu batera joan behar badu, garraioarekin laguntzen diogu: autobus txartela, hegazkina ere behar bada... Aseguru medikorik ez badu ere, babesa ematen diogu, eta umeen zaintza bermatu. Beltzei, latinoei, indigenei, eta paperik ez dutenei eragingo die bereziki debekuak.

Ikusi gehiago:Donna Davis, Black Lives Matter: «Ez dugu esan nahi, baina emakumeak hilko dira lege hauengatik»

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.