Ernairen aurkako ikerketa

Ernaik esan du ez dagoela deliturik, Polizia ez delako talde zaurgarri bat

Arabako Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi du Ertzaintzaren aurkako ustezko gorroto delituengatik. Antolakundeak adierazi du polizia gehiegikeria salatzea ez dela delitua, eta «kriminalizazioa» salatu du

Ernai gazte antolakundeak Donostian egindako agerraldia, atzo. ANDONI CANELLADA /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

Arabako Fiskaltza Ernai gazte antolakundea ikertzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eskatuta, Ertzaintzaren aurkako ustezko gorroto delituengatik. Lehen aldia da Iñigo Urkulluren gobernuak gorroto delituak Fiskaltzara eramaten dituena. Gazte antolakundeak adierazi du gorroto delitua kolektibo zaurgarrienak babesteko sortutako tresna bat dela, eta «gazteak, langileak eta migratzaileak borraz jipoitzen dituen Ertzaintza» ez dela kolektibo zaurgarri bat. Atzo Donostian eginiko agerraldian, Izar Hernando Ernaiko bozeramaileak azaldu zuen polizia gehiegikeria salatzea ezin daitekeela gorroto delitua izan: are gehiago, esan zuen Poliziaren gaineko kontrola eta eredua berriz pentsatzea «edozein herri demokratikok» egin beharreko ariketa dela.

Azken asteotan Ernairen izenean agertu diren pintaketak, kartelak eta mezuak dira Jaurlaritzak salatu eta Fiskaltzari igorri dizkionak, gorroto delitua izan daitezkeelakoan. Talde baten edo pertsona baten aurka «bereizketa, gorrotoa edo indarkeria» eragitea zigortzen du delitu horrek, arraza, ideologia, erlijio edo etnia batekoa izateagatik: urtebete eta lau urte bitarteko kartzela zigorra du. Ez da lehen aldia delitu hori polizien aurka ikertu dena, ordea, eta badago, Ernaik egindako irakurketaren ildo beretik, poliziaren aurkako gorroto delitua egon daitekeela zalantzan jartzen duen sententziarik. Hain zuzen ere, Tarragonako Lurralde Auzitegiak (Herrialde Katalanak) jite bereko salaketa baten harira emandako epaiak ukatu egin zuen polizien aurkako gorroto delitua egon zenik, hau argudiatuta: «Hainbat epaik ulertu dute ezin daitezkeela gorroto delituen biktimatzat hartu poliziak eta funtzionario publikoak, ez baitira kolektibo zaurgarri bat».

«Arreta desbideratzeko»

Horiek horrela, Hernandok salatu du Jaurlaritzak egindako ikerketa eskaera «arreta desbideratzeko estrategia» bat dela. Izan ere, gogorarazi du azken egunetan bi langilek istripua izan dutela AHTaren obretan, eta Bidasoako uretan migratzaile bat hil dela; baita Iñigo Cabacasen hilketaren erantzuleak nor diren oraindik argitzeke dagoela ere. Eta ondorioztatu du Ertzaintzak horiek ikertzeko eskaerei oihartzunik ez emateko estrategia bat dela: «Gestio onaren domina erortzen ari zaio, eta arreta desbideratu beharra du. Erkoreka jaunak ez du Ernai seinalatzea baino lan garrantzitsuagorik. Antza, kartel eta margoketak gorroto delituarekin lotzea da Segurtasun sailburu gisa gizarte honi egin diezaiokeen ekarpenik onena». Uste dute «ezker independentismoaren aurkako kanpaina mediatiko eta politikoan urrats bat gehiago» dela ikerketa eskaera.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta zenbait komunikabidek egin dioten «kriminalizazio» kanpaina ere salatu du antolakundeak. Aipatu dute EAJri ez zaiola interesatzen gazteen «larrialdi egoera» salatzeko egindako lana. Are gehiago, salatu dute enplegu duinak, emantzipaziorako neurriak eta kalte psikologikoetarako baliabide publikoak aldarrikatu dituztenean gazteak «jipoitu eta kriminalizatu» dituztela. Eta Hernandok salatu du azken asteotako polemika dela-eta gazte antolakundeaz asko hitz egin bada ere beraiei ez dietela ahotsik eman: «Gazteon eta Ernairen inguruan hainbeste hitz egiten ari den honetan, komunikabideek eta, batez ere, komunikabide publikoek guri ahotsa behin ere eman ez izana eskandalu hutsa iruditzen zaigu».

Antolakundeak gaitzetsi egin du Jaurlaritzaren jarrera, eta beraiek «seinalatzeari eta kalumniatzeari» uzteko eskatu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.