«Aldebikotasuna eta ituna oinarri» duen estatus bat eskatu du legebiltzarrak

Mozio bat adostu dute EAJk eta EH Bilduk, «erabaki eskubideari bide» emango dion estatus baten alde. «Mendetasuna» txarretsi du Iriartek

jon olano
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuarekin «harreman eredu berri bat» eskatu du Eusko Legebiltzarrak, «aldebikotasuna eta ituna oinarri» izango duena, erabakitzeko eskubideari «bide» emango diona eta «dagokion berme erregimena edo sistema» izango duena; estatus politiko berri bat, «elkarrekiko errespetuzko kultura zintzoa eta erakunde arteko leialtasuna finkatu ahal izateko, legea eta lortutako akordioak ez betetzeko aukerarik emango ez duena, eta, ondorioz, ekidingo duena ez betetze horien erabilera politikoa egitea».

Mozio bat aurkeztu zuen atzo EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, «Espainiako Estatuko egoera politikoak Euskal Autonomia Erkidegoari ixten dizkion aukeren inguruan». Proposamen horren erdibideko zuzenketa bat adostu zuten ondoren EAJk eta EH Bilduk, eta egitasmoak bi talde nagusien babesarekin egin zuen aurrera. Kontrako botoa eman zuten PSE-EEk eta PPk, eta abstentziora jo zuen Elkarrekin Podemosek. Mozioaren arabera, Eusko Legebiltzarrak «berretsi egiten du Gernikako Estatutua erabat garatzen amaitzeko exijentzia, berretsiz estatutuan bertan aitortutako botere espazio oraindik transferitu gabeak». Era berean, arbuiatu ditu «euskal autogobernuaren garapena galaraztea, hustea eta baldintzatzea» helburu duten adierazpenak, eta, ildo horretan, LOMCE hezkuntza legea, lan erreforma eta mozal legea «lehentasunez indargabetzeko» eskatu du. Estatuko sektore ugariren inboluzioaz ere mintzo dira mozioan: «Eusko Legebiltzarrak arbuiatu egiten du estatuko hainbat sektorek eta alderdi politikok oinarrizko eskubideen kontra aritzea, ideologien ilegalizazioa eskatzeraino».

Bestalde, bi indarrek hitzartutako testuan jasotzen denez, euskal autogobernua eguneratzeak «barnebildu behar du dauzkagun eskumenen berritzea eta egokitzea euskal gizartearen eskari eta premietara». Zehazki, euskal herritarren «eskubideak bermatzeko» beharrezko eskumenen artean jarri dituzte konpetentzia politikoak, ekonomikoak, sozialak, linguistikoak eta kulturalak.

«Harreman eredu berri bat»

Tribunan hitza hartzean, Joseba Egibar EAJko legebiltzar taldeko bozeramaileak gogorarazi zuen 40 urte direla aurten 1979ko estatutua onartu zenetik eta, lau hamarkada igarota, oraindik ez dela hura bete. Horregatik, beharrezko iruditzen zaio egoera hori gaindituko duen «harreman eredu berri bat» ezartzea estatuarekin. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, argudiatu zuen Espainiako Estatuarekin izan beharreko harremana ezin dela «morrontza harreman bat» izan: «Ezin dugu azken 40 urteotan bezala jarraitu, Madrili baimena eskatuzlanaldiaren iraupena ezartzeko edota irakasle eta mediku gehiago kontratatzeko». Iriarteren esanetan, «menpekotasunean oinarritzen den eredu hori ez da XXI. mendeko Euskal Herriak behar duena».

Gaiarekin EH Bilduk «obsesioa» duela nabarmendu zuen Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, eta erantsi horrek koalizioa eramaten duela herritarren «kezkei» arretarik ez jartzera. Martinezek EAJren eta PSE-EEren kontra ere egin zuen, uste baitu jeltzaleek Espainiako Gobernuarekiko harremanetan «truke» gisa darabiltela autogobernua eta sozialistek «aukera» gisa ikusten dutela «ultraliberalismoarekin, zentralismoarekin eta espainolismo zaharrarekin» akordioak egitea. Bestalde, legebiltzarreko eztabaida «kanpainaurreko ekitaldi gisa» erabiltzea eta «espainiar ere sentitzen diren euskal herritarrak ikusle soil gisa tratatzea» leporatu zion Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak EH Bilduri.

Borja Senper PPko bozeramailea ere kexu azaldu zen autogobernuari buruzko eztabaidarengatik; haren iritziz, horren atzean dago EH Bilduren eta EAJren arteko «lehia, nor izango abertzaleagoa eta puruagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.