Albistea entzun

Gizarteak behar duen eskola publikoa hobetzen jarraitzeko abagunea

Lurdes Imaz - EHIGEko koordinatzailea

2021eko urriak 31

Euskal Autonomia Erkidegoan egin diren finantzaketa politikek ez dituzte konpondu gure hezkuntza sistemak dituen erronkak, Euskadiko Eskola Kontseiluak bere txostenetan etengabe gogorarazten dizkigunak, hain zuzen ere.

Ekitate arazoak ditugu. Desberdina da bi sareek eskolaratzen duten ikasle mota, hauen ezaugarri sozioekonomikoek eragin handia daukate emaitzetan, eta ekitate arazoak daude gela barruan.

Helburu linguistikoak ez dira lortzen. D eredua hegemonikoa bihurtu da sare publikoan, baina horrekin ez da nahikoa, desorekak daudelako ikastetxeen artean eta arazoak ditugulako aniztasunari erantzuteko. Metodologiak aldatu behar ditugu, baliabideak gehitu behar dira eta politika zehatzak behar ditugu euskara indartzeko arlo ez formalean.

Bikaintasun falta. Askotan entzun dugu erdi-goi mailako ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeek erantzungo ziotela bikaintasunaren helburuari, eta hauek lagunduko zutela sistemaren emaitzak hobetzen. Baina ikerketek erakusten duten moduan, ez da horrela izan. Bikaintasunari aniztasunetik erantzun behar zaio. Ikasle guztiek izan behar dute bikaintasuna lortzeko aukera.

Efizientzia falta. Ikerketek etengabe adierazten digute gure hezkuntza sistemaren emaitzak ez datozela bat egiten diren inbertsioekin.

Asko ebaluatzen dugu, datu asko ditugu gure ikastetxeei buruz, baina ez dira kontuan hartzen neurriak jartzeko momentuan. Horrez gain, ez dugu frogatzen programen eta ipinitako neurrien efikazia.

Hezkuntza Lege berri bat egiteko presak

Euskal Eskola Publikoaren Legea (1993) da EAEn hezkuntza arautzen duen araudia. Ia 30 urtetan berau osorik garatu ez den arren, batez ere ikastetxe publikoen autonomiari dagokionez, lege berri bat egiteko asmoa azaldu du gobernuak azken bi legegintzaldietan, eta oraingoan azeleragailua sartu du: 2023an onartu nahi du Hezkuntza Hitzarmena, ondoren Euskal Hezkuntza Legea egiteko.

Egun indarrean dagoen legea bete ez izanak eta lege berria egiteko presak deskonfiantza sortzen digute. Izan ere, oraindik ez dago argi zein izango den hau guztia adosteko prozesua. Benetako prozesu parte-hartzailea egin nahi al da hezkuntza-eragile eta hezkuntza-komunitatearekin, edo akordio politiko bat baino ez da izango egun daukagun eredu duala legitimatzeko?

Gure susmoa da itunpeko sarearen eskaera historikoei erantzutea baino ez dela nahi, hezkuntza zerbitzu publikoa arautzea eta baldintza berdinetan finantzatzea bi sareak, hain zuzen ere, sare publikoaren eskaera historikoei erantzun gabe (eskola publikoarentzako plan estrategikoa berezko finantzaketa eredu batekin, hazten lagunduko diona eta hezkuntza-sistemaren ardatz bihurtuko duena).

Gogoratu behar da ere 2022-2028 eperako itunak negoziatzea tokatzen dela eta horrek baldintzatu dezakeela etorkizuna.

Guk ez daukagu presarik lege berri bat egiteko. Gure gizarteak behar duen eskola publikoa garatzen jarraitu nahi dugu. Ez al da hobe gure hezkuntza sistemak dituen arazoak konpontzeko politikak abiatzea eta ondoren lege bat egitea? Hezkuntza-sisteman ondo funtzionatzen duena legitimatzeko balio behar dute legeek.

Publiko-pribatu 'statu quo'-a aldatu eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea izan dadin

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE ) prest dago eskola publikoaren hazkundea ekarriko duten hezkuntza-politikak adosteko, zeintzuek eskola publiko guztien kalitatea hobetu eta erreferentziazko bihurtuko dituzten ekitatearen, aukera berdintasunaren eta hezkuntza-kalitatearen printzipioetan oinarrituta.

Horretarako, ezinbestekoa da:

-Eskola publikoaren balio soziala indartzea, euskal gizarteak justizia eta gizarte kohesioaren helburuetan aurrera egin dezan.

-Eskola publikoarentzako plan estrategikoa diseinatzea gero eta familia gehiago erakarriak sentitu daitezen euren seme-alabak bertan eskolaratzerako.

-Eskola publikoaren finantzaketa hobetzea ikasle guztiei hezkuntza formal eta ez-formal integrala eskaini ahal izateko inolako diskriminaziorik gabe.

-Plaza pribaturik ez finantzatzea plaza publiko hutsak dauden bitartean. Horrez gain, zonalde berrietan plaza publikoak sortu behar dira eskolaratze-eskaera berriei erantzun ahal izateko.

-Ikasle guztien eskola-arrakasta hobekien bermatuko duten estrategia pedagogikoak inplementatu behar dira eskola publikoan. Horretarako, eskolaren eraldaketa eta modernizazioari lagunduko dioten baliabideak, eskola-antolakuntza eta ikerketak garatu behar dira.

-Ikastetxe publikoen sare solidarioa eta orekatua antolatzea, zeinetan ikastetxe publiko guztiak kalitatezkoak izango diren eta berdin erantzungo dioten ekite eta hezkuntza-inklusioaren helburuari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...