Xavier Bonal. Txostenaren egilea

«Hizkuntzaren arabera bereizteak segregazioa iraunarazi dezake»

Eskola segregazioa «handia» da, Xavier Bonalen esanetan. Uste du Eusko Jaurlaritzaren neurriek lagun dezaketela murrizten, baina garrantzitsua iruditzen zaio horiek ebaluatzea.

Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Izan liteke maila sozioekonomikoagatik, jatorriagatik edo hizkuntzagatik. Jakinekoa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskola segregazioa bazegoela; orain, Xavier Bonal (Bartzelona, 1963) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologia irakasle eta eskola segregazioko adituak aztertu ditu fenomenoaren ezaugarriak, arrazoiak eta ondorioak, Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan txostenean, Gerard Ferrerrekin eta Adrian Zancajorekin batera. Eusko Jaurlaritzaren aholkulari ere aritu da segregazioaren aurkako neurriak diseinatzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nolakoa da egoera eskola segregazioari dagokionez?

Beste hezkuntza sistema askotan gertatzen den bezala, eskola segregazio handia dago, batez ere atzerriko ikasleei eta maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleei dagokienez. Ausartuko nintzateke esatera hezkuntza politikan egon den pasibotasunaren ondorioa dela, urteetan egon den gobernuaren pasibotasunarena, planifikazio estrategiarik ez baitute garatu.

Nola banatzen dira ikasleak?

Hiriburuetan, errazagoa da ikasle mota batzuen edo besteen polarizazio prozesuak gertatzea, eta herrietan ere dezente gertatzen da, errentaren eta osaera sozialaren arabera. Normalean, sozioekonomikoki zaurgarriak diren ikasleen eta ikasle etorkinen proportzioa handiagoa denean, arrisku handiagoa dago segregazioa gertatzeko.

Zer dela-eta dago eskola segregazioa?

Eskola segregazioaz hitz egiten dugunean, ezin da aipatu arrazoi bakarra; fenomeno konplexua da, eta multidimentsionala. Zenbait faktore daude. Bat: pasibotasun politiko historikoa. Gero, bizitoki segregazioa ere adierazgarria da enklabe batzuetan. Ez da ahaztu behar sistema dual bat dela, hezkuntza pribatuaren presentzia oso handia dagoela, eta, gainera, eskaintza hori plurala dela barne mailan. Jaiotze tasaren jaitsiera ere badago; beraz, eskola lekuak sobran daude, eta horrek ez du laguntzen desberdintasunak murrizten.

Eskola segregazioa murriztu daiteke itunpekoaren eskaintza mugatu gabe?

Zaila da. Eskaintza planifikatu behar da: ez itunpekoarena bakarrik, baita publikoena ere. Hezkuntza Sailak tradizionalki ez du lekuen eskaintza mugatua egin sektore batean ere: eskariari jarraitu dio. Hori amaitu behar da; bestela, litekeena da mekanismoek eraginkortasunik ez izatea.

Beste zein faktore daude lotuta ikasleen pilaketarekin?

Desberdintasun ekonomiko bat dago, kuotak kobratzen dituen itunpeko sektore bat dagoelako. Ez bada doakotasunera jotzen, langa ekonomikoa desberdintasunerako gakoetako bat da.

Nola eragiten du segregazioan hiru hizkuntza eredu izateak?

Ez du laguntzen, noski. Hizkuntzaren arabera bereizteak eskola segregazioa iraunarazi dezake. A eredua aukeratzen duten ikasleek —aberatsagoak edo pobreagoak diren alde batera utzita— arrisku handiagoa dute segregatuta egoteko, pilatuta egoteko eskola batzuetan. Faktore hau berrikustea beharrezkoa da.

Eta esaten duzue eskola segregazioa handiagoa dela bizileku segregazioa baino, ezta?

Umeak autobusean leku batetik bestera bidali behar izan zituzten Ameriketako Estatu Batuetan 60ko hamarkadatik. Gurean, ez da beharrezkoa. Askotan, nahikoa da barruti bereko ikastetxeak berriro orekatzea maila ekitatiboagoak lortzeko.

Jaurlaritzak neurri batzuk ezarri ditu segregazioari aurre egiteko. Baliagarriak izango al dira?

Uste dut ondorio positiboren bat edukiko dutela; pauso garrantzitsua iruditzen zait bide politiko hau hartzea. Beste herrialde batzuetako ereduetan oinarrituta aholkatu ditut, baina argi gera dadila azken erabakiak Eusko Jaurlaritzak hartzen dituela, ez Bonalek. Uste dut oso garrantzitsua izango dela ebaluatzea. Lehenengo aldiz lekuen erreserba bat egoteak lagundu behar luke eskola segregazioa murrizten.

Neurri gehiago har daitezke?

Neurri batzuk estrukturalak dira, eskola segregazioa murriztu dezaketenak epe ertainera eta luzera begira: orain hartzen ari direna, eskola eskaintzaren planifikazioa, doakotasunera jotzea... Oso garrantzitsua da zentroen kalitatea ere. Europa iparraldeko estatu askotan hau gertatzen da: gurasoek eskola aukeratzeko aukera dezente daukate, adibidez, Finlandian, baina inork ez du erabiltzen, eskolak oso antzekoak direlako eta denak onak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.