Bingen Zupiria. Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

«Erabakiak hartu beharko dira, baina ezin dira hartu arrapaladan»

Egoeraren «konplexutasunaz» mintzo da Zupiria «erantzun errazak» alboratzeko, eta ez du uste lehendakaritzaren egituraketa berriak kalte egingo dienik berdintasun politikei.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
jon olano
Gasteiz
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Ikastaldi prozesu batean» dago Bingen Zupiria (Hernani, Gipuzkoa, 1961): bozeramaile lan berriari «neurria hartzen». Lau urte eman ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu, eta, zeregin horrekin jarraitzeaz gain, Jaurlaritzari ahotsa jarriko dio aurrerantzean: «Jaurlaritzaren ardura nagusia da bere eskumena diren arloen kudeaketa. Hori adostuta dago, eta asko mugatzen eta arautzen du bozeramailearen lana».

Lehen agerraldian, greba batez hitz egitea egokitu zitzaizun.

Gobernuaren sorrerak bat egin du egutegiz kurtsoaren hasierarekin, eta hori kudeatzea egokitu zaigu. Huelgara deitu zuenak bazekien sortu berri zen gobernu baten aurkako deialdi bat zela. Huelga egun hori baino askoz gehiago da hezkuntza, eta Jaurlaritzari erantzukizun handia dagokigu, baina egoera potolo baten aurrean gaude, eta denon erantzukizuna beharko da honi aurre egiteko.

Batasun bat dago hezkuntzan: sindikatu guztiek eskakizun eta protesta bateratuak egin dituzte. Horri buruzko analisirik egin al du Jaurlaritzak?

Ez. Jaurlaritzan egin dugun azterketa da martxotik eskolara joan ez diren neska-mutil askori zor diela hezkuntza bermatzea. Hezkuntza komunitate osoak bat egiten du eskubide horrek modu presentzialean bermatua izan behar duela; gure gogoetak horri buruzkoak dira. Gure autonomia erkidegoan, hezkuntza oso mundu konplexua da. Konplexutasun hori da Jaurlaritza aztertzen ari dena, eta konplexutasun horren arlo guztiak landuz bakarrik atera gaitezke hemendik. Arazo konplexuek ez dute erantzun errazik.

Hainbat irakaslek diote bakarrik sentitu direla ikasturte hasieran; irizpide argirik gabe.

Argi dago herritarrok erantzukizunaren parte handi bat uzten dugula gobernuen esku. Seguruenera, egoera konplikatuak direnean, aginteak ez ditu asetzen dauden eskari guztiak. Baina nabari dut gizon-emakume asko daudela, batzuk beldurtuta, beste batzuk haserre... Krisi emozional bat ere badaukagu, eta hori ere kudeatu behar da. Gure erkidegoan erresistentzia handiak egon dira lanera bueltatzeko, eskolara bueltatzeko, eta argumentua beti izan da aurrena segurtasuna bermatu behar zela. Baina segurtasuna egunez egun eta tokiz toki bermatu beharko dugu.

Ikasturtea hasi aurretik, mila irakasleren kontratazioa iragarri zuen Jaurlaritzak. Kurtsoa hasita, kopuru hori birplanteatu du?

Errazena litzateke esatea baietz, baina ez litzateke egia izango. Egia konplexua da. Herri eta gizarte moduan dugun erronka handiena ez da nola hasten den kurtsoa, baizik eta nola pasatzen dugun eta nola iristen garen amaierara, jakinda birus batekin batera biziz pasatuko dugula eta birus hori oso kutsakorra dela. Konbentzituta gaude hezkuntzak eta irakaskuntza prozesuak presentziala izan behar duela, eta denoi eskatzen digu ahalegin izugarri bat; Jaurlaritzari ere bai.

Zer ahalegin?

Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio ikastetxez ikastetxe gogoeta partekatu bat egitea. Joan beharko dugu egunean-egunean erabakiak hartzen; batzuek zerikusia izango dute ikasgelak ixtearekin edo zabaltzearekin, haur eta familia batzuk etxean egotera behartzearekin... Ikusiko dugu. Sortuko dira espazio eta pertsona premiak, eta erabakiak hartu beharko dira, baina ezin dira hartu arrapaladan eta modu orokorrean; pausoz pauso, pazientziarekin eta komunitatearekin batera lan eginez hartu behar dira.

Uste baino lehenago heldu da bigarren olatua. Azkarregi sozializatu gara lehengo neurrian?

Kosta egin zaigu denoi sinistea zeren aurrean gauden. Ez genuen onartu nahi izan birus hau segur aski denbora askoan bizitzeko etorri dela eta horrek behartuko gaituela beste era batera bizitzera. Hori ikasi egin beharko dugu.

PCRen positibitate tasari begiratuta, beherantz doa, baina ospitaleak betetzen ari dira. Zer puntutan gaude?

Osasun arloko lankideei entzuten diedana da martxoan eta apirilean baino hobeto gaudela. Nekane Murgari entzun nion gertatzen ari ziren kutsatzeek hildakoak ekarriko zituztela; oso gaizki hartu zituzten batzuek, baina hori gertatzen ari da. Joan den astean irakurri ditut Europa erdialdeko epidemiologo batzuk esanez udazkena oso gogorra izango dela. Ez dakit; susmoa daukat hau ekonomia bezalakoa dela: gertatutakoa aztertzen jakingo dugu, baina zer datorkigun aztertzea askoz zailagoa da.

Jaurlaritza neurri murriztaileagoak hartzea aztertzen ari da?

Une honetan, Jaurlaritzak uste du azkenekoz hartu ziren neurriekin egoera hau kudeatu daitekeela. Baina lehentasunak finkatu behar ditugu; erabakiak hartzen joan beharko dugu pixkanaka. Argi daukagu jardun ekonomikoa mantentzea lehentasuna dela, hezkuntza presentziala lehentasuna dela... Ez dago erantzun bat denerako. Lasaitasunez, zuhurtziaz eta pausoz pauso hartu behar dira erabakiak, pentsatuz denbora luzerako erabakiak hartzen ari garela.

Emakunderen kokapen organiko berriak kritikak eragin ditu. Zergatik mugimendu hori?

Ardanza lehendakariarekin lan egin nuen 1989tik 1998ra. Iritsi nintzenean, Lehendakaritzan zeuden Berdintasun Zuzendaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza, Droga Menpekotasunen Aurkako Idazkaritza eta Europa 93 proiektuari lotutako idazkaritza bat. Ardanzak ikusi zuen gizarte hark zituen lau arazo potolo zirela, eraman zituen urte batzuetarako Lehendakaritzara, eta gero horiek joan dira arloz arlo beste era batera kudeatuak izaten. Urteotan, Lehendakaritzan izan dira lehendakariak arreta bereziz zaindu dituen arlo batzuk. Orain, lehendakariak erabaki du beste era batera antolatzea, baina ez dut uste hizkuntza politika lehendakaritzan ez egoteagatik arreta gutxiago jartzen dionik. Urteotan aldaketa potolo bat gertatu da Jaurlaritzan berdintasunaren arloan. Berdintasunaren aldeko politikak guztiz txertatuta daude sail guztietan: sail bakoitzak dauka berdintasun unitate bat, eta iaz Ogasun Sailak berdintasunaren ikuspegitik eraiki zituen aurrekontuak. Gaur, berdintasunaren aldeko politikak txertatuta daude modu transbertsal batean Jaurlaritza osoan.

Degradazio bat dela salatu dute Emakundeko buru ohi batzuek.

Jaurlaritzaren eta lehendakariaren helburua ez da hori. Praktikan, neurri eta erabaki asko hartu dira urteotan hori horrela ez dela izango sinisteko.

Kritikak entzunda, Jaurlaritzak pentsatu al du atzera egitea?

Jakitun nago lehendakariak denbora asko eskaini diola gobernu berria nola antolatu pentsatzeari. Eta Emakunderi buruz hartutako erabakia, beste zenbait bezala, oso pentsatua du.

Bake eta Bizikidetza Idazkaritza ere lehendakaritzatik atera da. Zer gogoeta dago aldaketa horren atzean?

Euskal gizartean elkarbizitzak dauzkan arazoak ez direla duela zortzi urte zeudenak; gauza asko gertatu dira zorionez, pauso asko eman dira, eta oraintxe pauso asko ematen ari dira. Gainera, bizikidetzak badu beste tresna bat, Gogora, agintaldi honetan esanahi berezia hartuko duena.

Bozen aurretik, «euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat eskatu zuten 400 kazetarik baino gehiagok. Zer iruditu zitzaizun?

Badakit zeintzuk diren lehendakariaren hizkuntza ohiturak eta euskararen normaltasunaren inguruan dauzkan kezkak. Lehendakariak ez zuen inoren eskaririk behar egin behar zuena egiteko; bere ekintzekin demostratu du zer zeukan buruan. Egia da 400 pertsonak sinatu zutela, baina izen askoren falta sumatu dut; batzuek euskaraz egiten dute lan, eta ez dut ikusi gaztelaniazko hedabideetan lan egiten duen inor, salbuespen batekin.

Zein da horren ondorioa?

Gure gizartean batzuk elebidunak gara, baina gehienak ez. Hizkuntzaren inguruko kezkak eta konpromisoak oso diferenteak dira, eta ez dakit hori beti kontuan hartzen dugun.

Hau izango al da estatutu berriaren legealdia?

Lehendakariak nahi luke horrela izatea. Urkulluk eta EAJk argi adierazia dute ez dutela bide hau bakarrik egin nahi, adostasun bat lortu nahi dutela esparru ideologiko ezberdinak barnean hartuko dituena. Adostasun hori lortu behar da legebiltzarrean, testu bat artikulatu, Madrilera joan, Madrilekin negoziatu, kontsulta bat egin... Horrek denbora eta zailtasunak izango ditu. Gobernuak hartu du konpromisoa prozesu horri bultza egiteko.

Legebiltzarrean akordiorik ez badago, Jaurlaritzak har dezake ekimena?

Jaurlaritza osatzen duten alderdiek hartu dute konpromisoa estatutua betetzeko eta estatutu berri bat edo horren moldaketa egiteko. Ez da beste biderik egon, eta gaur-gaurkoz ez dago beste biderik autogobernu handiagoa lortzeko: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa da bide bakarra. Bide horretatik kanpo egon dira proklamak eta aldarriak 40 urtez, eta bide horretatik gauza gutxiago etorri da. Seguru nago negoziazioaren eta akordioaren bitartez etorri beharrekoa etorriko dela. Noiz? Ikusiko dugu.

[Youtube]https://youtu.be/yQjikmx9ze8[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.