«Pausoak» egon arren, akordiorik ez transferentzien mahai teknikoan

Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua gaur dira Batzorde Mistoa egitekoak, baina bi aldeek ez dute xehetasun teknikoetan ados jartzea lortu

jon olano
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin aurretik, 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumen gehienak eskualdatzeko negoziazioetan ari dira bi gobernuak. Atzo, bi delegazioetako ordezkariek lau eskumenen transferentzia lantzeko bilera teknikoa egin zuten, baina akordiorik gabe amaitu zen batzar hori, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi zutenez. «Negoziazioan aurrerapausoak» antzeman zituzten, hala ere. AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutakoentzat eta eskola asegurua dira mahai gainean dauden eskumenak.

Bideokonferentzia bidez egin zuten batzarra, hiru ordukoa, eta hamar lagunek hartu zuten parte Jaurlaritzaren izenean; Gobernantza Publiko eta Autogobernu, Garapen Ekonomiko, Ogasun eta Ekonomia, Osasun eta Lan eta Justizia sailetako zuzendari eta kontseilariordeek. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, esaterako, bertan behera utzi zuen arratsaldeko agenda, negoziazioetan parte hartzeko, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hots egin zion Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, akordioa azkartzeko asmoz. Jaurlaritzako iturriek zehaztu zutenez, atzo arratsalde-iluntzean lanean jarraitzekoak ziren bi aldeak, gaur bertan egin ahal izateko eskumenei buruzko Batzorde Mistoa. Edizio hau ixterako, ordea, ez zen bi gobernuen arteko adostasunik egon. Transferentzien Batzorde Mistoan ematen diote oniritzia mahai teknikoan adostutakoari, eta bi aldeen asmoa zen batzar hori hauteskunde kanpaina hasi aurretik egitea. Gaur gauerdian hasiko da kanpaina.

Betetzeko «konpromisoa»

Edozein gisara, Pedro Sanchezen gobernua autogobernuaren alorrean egiten ari den lana goraipatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Esan duenez, Sanchezek eskumenen eskualdaketarako egutegia beteko du, «ahal badu». Egutegi horrek 2020ko urtarrilera arteko epea jasotzen zuen 33 eskumen Jaurlaritzaren esku uzteko. ETB1en eginiko elkarrizketa batean, Mendiak azaldu du «konpromiso bat» dagoela Sanchez berriro presidente izanez gero «egutegi hori betetzeko eta lanean jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.