Koronarbirusa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Oposizioa ez dago ados, eta Urkulluren «jarrera alderdikoia» salatu du

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen arabera, Urkulluk «interes propioen» alde egin du. PSE-EEk adierazi du «garai berri bat» iritsiko dela bozekin

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bildukoak, joan den ostegunean. EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi duenez, alderdi politikoen hitza entzun eta gogoeta egin ostean hartu du hauteskundeak uztailaren 12an egiteko erabakia. Hain zuzen, joan den ostegunean bildu zen taldeekin azkenekoz, baina ez ziren ados jarri. Lehendakariaren arabera, talde guztiek bat egiten dute bozak egin beharrarekin, baina ez noiz egingo diren erabakitzearekin. Oposizioak adierazi du bozak bi hilabete barru egitea ez litzatekeela lehentasuna izan beharko.

EH Bilduren arabera, EAJk hartutako erabakia ez da inongo osasun arrazoitan oinarritu, eta helburu bakarra du: hain zuzen, «interes elektoralak eta alderdikoiak» babestea. Azaldu du joan den asteko batzarrean beste aukera batzuk proposatu zizkietela taldeek, baina Urkulluk ez dituela gogoan izan: «Bileran zeuden alderdi politikoak entzun zituen, baina ez zituen aditu, erabakia aldez aurretik hartua zuelako». EH Bilduren ustez, zailtasun handiak egongo dira, besteak beste, hauteskunde kanpainan aukera berdintasuna bermatzeko, eta baita herritarrek beren botoaren inguruan gogoetatzeko ere. Haren arabera, hauteskundeak «berme osoz» egin ahal izateko, osasunari dagozkion gaiak konpontzea beharrezkoa da.

Elkarrekin Podemosek ere ez du bat egiten bozak egiteko hautuarekin. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiaren arabera ere, jarduneko lehendakariak «interes pertsonalengatik eta alderdikoiengatik» hartu du bozak egiteko erabakia, gainontzeko talde politikoekin ezer adostu aurretik eta pandemia gainditu gabe dagoela. «Euskadiko osasun larrialdia bertan behera uztea erabaki du lehendakariak, berarentzat oztopo bat baita», salatu du Gorrotxategik. Gainera, gehitu du herritarrak ez direla hauteskundeetan pentsatzen ari, ezta alderdiak ere. Hala ere, nabarmendu du «bestelako gobernu baten alde» jardungo duela borrokan, eta dei egin die EH Bilduri eta PSE-EEri «fitxak» mugitzera. «Soilik Confebasken interesak defendatzen dituzten taldekoak dira, edo krisi hau betikoek ordaintzea nahi ez dutenekin bat egiten dutenak».

PSE, hauteskundeen alde

Azken bileraren ostean, oposizioko taldeek argi adierazi zuten desadostasuna, baina talde batzuek adostasuna ere bai. Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiaren arabera, hauteskundeek «esperantzarako eta konponbiderako» garai berri bat ireki dezakete. Erronkak jarri ditu mahai gainean, hala nola birusari aurre egitea, ekonomia berpiztea eta bertako komertzioari eustea. «Inoiz baino gehiago, Euskadik gobernu indartsu eta egonkor bat behar du, krisiari aurre egiteko, akordioak lortzeko eta langileen eskubideak defendatzeko», azaldu du; eta, gaineratu duenez, alderdi sozialistak bide horretan egingo du lan, elkarlana oinarri nagusienetako bat izanda. «Hori da euskal gizarteak eskatzen diguna».

Carlos Iturgaiz PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioko lehendakarigaiak, berriz, hauteskundeak egin ahal izateko osasun bermeak eskatu ditu, herritarrek era lasai eta normal batean bozkatu dezaten. Adierazi du Espainiako Gobernuak osasun larrialdiaren kudeaketa «txarra» egin duela, eta EAJk ere baduela erantzukizuna. Haren arabera, egoera horri irtenbide bat emateko ordua da, alderdiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.