Fiskalak Ernai ikertuko du, Jaurlaritzak gorroto delitu bat egotzi eta gero

Erkorekak uste du gazte antolakundeak «gorroto diskurtsoa» darabilela Ertzaintzaren aurka. Ernaik agerraldi bat egingo du gaur Donostian

Ernaik maiatzaren 7an Sabin Etxe parean eginiko protesta. O. MATXIN EDESA / FOKU.
jon olano
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Fiskaltzari eskatu dio aztertu dezala ea Ernai gazte antolakundearen zenbait jokabide Ertzaintzaren aurkako gorroto delitu izan daitezkeen, eta Arabako Fiskaltzak ikerketa abiatu du, deliturik baden argitzeko. Poliziak fiskalaren esku utzi zuen atestatua, pintaketak, pankartak eta abarrak azter ditzan. Ernaik berak gaur eguerdian egingo du agerraldi bat, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren salaketari erantzuteko.

Horren harira, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ezker abertzaleari eskatu dio zaindu dezala «bere talde eta elkarteek demokrazian behar den bezala» jarduten dutela. «Arduraz» jokatzeko ere galdegin dio. Onda Vasca irratian elkarrizketatu zuten atzo Zupiria: «Gizartearen parte handienak ez dugu dudarik nor dagoen egunez egun mailaz igotzen ari diren pintaketa eta akusazio horien atzean. Urte askoan ikusi gabeak ginen esaldiak ikusten ari gara, ETAri ere erreferentzia egiten diotenak», esan zuen. Zupiriaren arabera, ez daki EH Bilduk «zer egingo duen», baina adierazi zuen «haiekin zerikusia» duela eta, beraz, gaiaz hitz egin beharko luketela.

Auzibideaz, Zupiriak azaldu zuen orain epaileek erabaki beharko dutela gorroto deliturik antzematen ote duten, baina gaineratu zuen, edozein modutan, «izaten ari diren portaerak eta egiten ari diren adierazpenak» ez direla «onargarriak».

Zupiriak ez ezik, gaiaz hitz egin zuen Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakarigai eta Segurtasun sailburuak ere. Hark ziurtzat jo zuen Ernairen erantzukizuna, «esplizitua eta argia» iruditzen zaiolako Ernaik «gorroto mezua» darabilela Ertzaintzaren aurka: «Mezuak esplizituak eta argiak dira, eta gorrotoaren inguruan antolatuta daude. Hori delitua den edo ez, ez dagokigu guri erabakitzea, eta fiskalak eta epaileek esango dute nola kalifikatzen duten».

Bizkaia Irratian eginiko elkarrizketa batean mintzatu zen Erkoreka, eta esan zuen Fiskaltzara jotzearen asmoa dela «argibideak» izatea: «Argibideak daudenean, mundu guztiak daki nola jokatu, eta gorroto mezuekin dabilenak ere jakin dezake zeintzuk diren igaro ezin diren mugak».

Ertzaintzaren jokabideaz ere galdetu zioten Erkorekari. Argudiatu zuen Poliziaren jarduna «jendearekiko errespetuan» oinarritzen dela, eta, indarkeria erabiltzen dutenetan, «proportzionaltasun printzipioan». Printzipio horiek errespetatzen ez diren «kasu bakanetan», Erkorekak gogorarazi zuen «ardurak kitatzeko mekanismoak eta barne diziplinako espedienteak» daudela jokabide horiek arauaren aurkakoak diren eta, hala badagokio, neurriak hartu behar diren erabakitzeko.

«Astakeria bat»

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, berriz, uste du «astakeria bat» dela pintaketak gorroto delitutzat jo eta Fiskaltzara eramatea: «Astakeria juridiko eta politiko bat da, ondorio larriak izan ditzakeena gazte batzuentzat». Iriarteren hitzetan, salatzeko erabakiak «muga guztiak gainditzen» ditu, eta erantsi du Jaurlaritza «etengabe gezurretan eta gazteriari eta mugimendu subiranista osoari eraso eginez» ari dela «bere gabeziak estaltzen» saiatzeko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak ere Eusko Jaurlaritzak auzitara jo izana kritikatu du; haren ustez, erabakiak ez du «inolako zentzurik», argudiatuta gorroto delitua sortu zela kolektibo «jazarriei eta baztertuei» babesa emateko eta ez botere publikoak babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.