Eudel Euskal Udalen Elkartearen presidentetzaren inguruan EH Bilduren eta EAJren artean sortutako ika-mika ez da baretu. Asteon, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak adierazi zuen koalizio subiranistari dagokiola elkartearen presidentetza hartzea, maiatzeko bozetan zinegotzi gehien lortu zuen indarra izan zelako. EAJk, baina, berehala itxi zion atea aukera horri, argudiatuta jeltzaleek lortu zutela boto gehien eta haiei dagokiela kargu hori hartzea. Baina EH Bilduk azpimarratu du ez duela zertan horrela izan, eta eskatu du beste aldagai batzuk kontuan hartzeko: zinegotzi eta alkatetza kopurua. Koalizioak 1.050 zinegotzi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk baino 70 gehiago , eta 107 udal —EAJk 90 ditu—.
Atzo, Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak EH Bilduri erantzun zion Eudelen estatutuek ezartzen dutela alderdi bakoitzakzer ordezkaritza izan behar duen, «eta ez EAJk». Eta gogorarazi zuen alderdi subiranistak berak estatutu horien alde bozkatu zuela 2019an.
«Koherentziarik eza»
Atutxak Euskadi Irratian adierazi zuen EH Bilduk Eudeleko presidentetza aldarrikatzeak «koherentziarik eza» islatzen duela: «Hauteskunde gauetik behin baino gehiagotan ikusi dugunez, koalizio independentistak ez dio eusten koherentziari». Izan ere, gogoratu zuen EH Bilduk elkartearen estatutuak onartu zituela 2019an, eta erabaki hura errespetatzea galdegin zion.
Are: 2019an egin bezala, alderdi bakoitzari dagokion ordezkaritzaren araberako zerrenda bateratua aurkezteko proposamena babestu zezala eskatu zion Atutxak EH Bilduri. Koalizioaren jarrera deitoratu zuen Atutxak: «Guk ez dugu aldatu jarrera, eta, ez dakit EH Bildu zergatik ari den orain iruzur egiten. Badakit ordezkaritza nabarmena lortu dutela, baina argi dago EH Bilduk berak onartutako estatutuek zehazten dutela bakoitzari zer ordezkaritza dagokion».
Udal eta foru hauteskundeak. Udalen eraketa
EAJk EH Bilduri esan dio Eudeleko ordezkaritza «estatutuetan zehaztua» dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu