Urkulluk dio «lau urrats» egingo direla estatutua betetzeko

«Pozik» agertu da Batzorde Mistoak egingo duen bilera dela eta. EH Bilduren ustez, «azoka» bihurtu da estatutua.

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria «pozik» agertu da datorren astean bilduko delako eskumenen inguruko Batzorde Mistoa. Bileraren helburua izango da Madrilek Jaurlaritzari lau eskumenen transferentzia egitea: «Gernikako Estatutua betetzeko lau urrats gehiago izango dira», azaldu du lehendakariak. AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutako ohiko erretiroaren aurretiko laguntzen kudeaketa eta eskola asegurua dira eskumen horiek. Edonola ere, Urkulluk oroitarazi du «urrats gehiago» egin behar direla.

Urtarrilean Pedro Sanchezen gobernuak eta Jaurlaritzak adostu zituzten 33 eskumenen egutegiko lehen faseko zazpi eskumenetako lau dira eskualdatuko direnak. Urkulluk nabarmendu du, nahiko lukeela datorren astea baliatzea bloke horretatik eskualdatzeko gelditzen diren beste eskumenen transferentzia egiteko: «Lanean jarraituko dugu».

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak berretsi egin du Sanchezek duen «konpromisoa»: «Presidentearen borondatea da bere mandatuaren azken egunera arte lanean segitzea». Urkulluk ere esan du pauso «gehiago» nahi dituela. Eta Mendiak goraipatu egin du «legearen barneko elkarrizketa instituzionala».

EH Bilduko Maddalen Iriartek, berriz, gaitzetsi du estatutua betearaztea «azoka» bat bihurtzea: «Azoka bat bihurtu da hau, eta beherapenekin dator, gainera: zazpi izan beharrean lau direlako eskumenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.