Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Â
Usaian saskibaloi gela den aretoan, Beatrice Legendre Parisko hainbat kontserbatoriotako irakasleak ariketa batzuk egin ditu 50 ikasle neraberekin. «Ireki gehiago zango horiek, hatsa ongi hartu, eta luzatu gero». Delikatuak dira dantzariek egiten dituzten jestuak. Lurreko beroketa finiturik, piano jole batek klasea janzteko doinu batzuk jo ditu. Ikasleak bat-batean altxatu, eta hainbat itzuli eman dituzte irakaslearen doinu markatuei segituz. «Bat, bi, hiru eta bat, bi, hiru». Masa turismoak eragin auto metaketen artean, Miarritzen (Lapurdi) bada arte koreografikoari eskaini arnasgune bat. Geltoki ondoko auzoan, Fal gimnasioaren eta ostalaritza lizeoaren artean antolatu ohi dituzte Nazioarteko Dantza Akademia egonaldiak astebetez, agorrilean.
9 eta 18 urte bitarteko Europako dantzariak datoz dantza klasikoa ikastera. Carole Philipp egonaldien antolatzailearen erranetan, Dantzaren Maitaldia festibala duela 36 urte sortu bazen orotariko dantza estiloak plazaratzeko asmoz, garai bertsuan hasi zen Nazioarteko Dantza Akademia, eta 2015az geroztik antolatzen ditu egonaldiak Malandain balletak. Helene Gillet dantzariak sortu zituen horiek, eta Malandainek jatorrizko ildo «zorrotzari» segitu diola zehaztu du Philippek. Hain zuzen ere, dantza klasikoa «zorroztasunez» eta kalitate «handiz» transmititzeko helburua du akademiak.

Legendrez gain, bertze hamar irakaslek osatzen dute akademiako talde pedagogikoa. Orotariko estiloak ekarri nahi ditu urtero Philippek eta, beraz, hainbat lekutatik jinarazten ditu irakasleak. Bertzeak bertze, Carole Arbo Parisko Operatik, Isabel Hernandez Marseillako (Frantzia) dantza eskolatik, Jason Beechey Zuricheko (Suitza) dantza akademiatik eta Lienz Chang Oliva Kubako balletetik heldu dira aurten.
Legendrek ematen duen klasearen ondoan, oihu azkarragoak entzuten dira. Ezkerpareta ere dantza estudio bihurtu dute ikasle profesionalentzat. Justuki, Chang ballet irakaslea klase bat ematen ari da bertan. Ikasleei itzuliak nola egin erakusten ari da, ezkerparetaren erdian. Pilotan aritzeko terrenoari beroketak egiteko barrak gehitu dizkiote, baita dantzarien zakuak eta zapatak uzteko leku bat ere. Betoiaren gainean dantzatu ordez, Philippek zehaztu du egurrezko zoladura bat instalatu dutela dantzariek sufri ez dezaten. Horrez gain, tapiz beltz bat gehitu diote zurezko zoladurari, zangoak ontsa eta egoki lerra daitezen.
Kubako teknika
Dinamikoa eta lasterra da Changen klasea. Philippen arabera, 60 dantzarik eman dute izena harekin izateko; partikularki, Kubako teknika lantzeko. «Lienz Changen klaseak beti zanpez betetzen dira, ikasle anitzek ikasi nahi dute eta Kubako teknika». Laurent Choukroun Parisko Operako piano jolearekin antolatu du klasea Changek, eta, crescendo, barrako beroketatik itzuli handietara eraman ditu dantzari guziak.
Hain zuzen ere, Choukroun pianoan hasi bezain laster, Changek erritmoa markatu die dantzariei, eta, taldeka, lerro ahal bezain zuzenak eginez lehen-lehenik, zangoak kanpo aldera zabaldu dituzte dégagé urratsa eginez, ondotik pirouette franko eginez, eta grands sauts salto handiak eginez bukatu dute saioa.

60 dantzariak ez direnez aldi berean pasatzen ahal irakaslearen aitzinean, tarteka pausak egiten dituzte ura edateko. Gorputza hidratatu bakarrik ez, botilatik ur tanta batzuk lurrera bota dituzte batzuek, ballet zapatak bustitzeko. Saltoek eta urratsek zapatak berotu dituztenez, dantzariek uretan torratu ohi dituzte zango azpiko jantziak, saio bukaerako urratsak minik hartu gabe eta goxotasunez egin ahal izateko. Bertzalde, hatsankatu bitartean, dantzari batek zapatak kendu eta aztalari kuter batekin marka batzuk egin dizkio. Piano joleari keinu eginez, eta zapatak zorroztu orduko, pistara itzuli da saio bukaerako saltoak irriz eta zut finitzeko.
«Kubako eskolak Frantziako, Errusiako eta Italiako estiloak barnebiltzen ditu», kontatu du Changek, klasea bukaturik. Badu hogei urte baino gehiago jiten dela Nazioarteko Akademiara klaseak ematera, eta erran du ez dela «sekula» akitu. «Urtero nator biziki kontent. Orain Parisko Operan dauden izar batzuk hemen ikusi baititugu handitzen».
Gelako dantzari guziak lasterka joan dira bazkaltzera, baina Salome Goualle gimnasioan gelditu da bere puskak altxatzeko. Dantzari guziak ez dira balleteko izarrak izaten, urrundik ere. Errate baterako, badu bi urte Goualle dantza akademiara datorrela, gorputza trenpuz izateko. Dantza kontratuak geroz eta urriago dira, leku gutirentzat dantzari anitz baitira. «Biziki zaila da zerbait atzematea orain. Hirurehun dantzarirentzat anitzetan leku bakar bat libratzen da».Â
«Biziki zaila da zerbait atzematea orain. Hirurehun dantzarirentzat anitzetan leku bakar bat libratzen da»SALOME GOUALLE Dantzari profesionala
Akademiari esker, espero du irakasle batek begiztatuko duela haren taldera etortzeko. Philippek ere esplikatu du akademiako irakasleei esker ikasle batzuk sartu ahal izan zirela ballet handietan. Bertzeak bertze, Hugo Marchand dantzaria Miarritzeko akademiatik pasatu ondotik joan zen Parisera. «Dantzarien gorputzak markatzen ditu akademiak. Balletetara kontratu bila doazelarik, ikusten da hemendik pasatuak direla».
Urteko prestaketa
Dantzari gazteen egonaldia prestatzeko, urtero urrian hasten da lanean Philipp. Fal gimnasio handian, lau gela egokitu ditu Malandain balletak Europatik etorri dantzari gazteek klaseak hartzeko. Lo lekua eta jantokia, berriz, lizeoan dituzte urrundik etorri dantzari horiek.
Philippentzat lan handiena lizeoa antolatzea eta Carlier ostalaritza zerbitzuekin otorduak lotzea dira. Gainera, irakasleak gomitatzeaz eta haien lanegunak antolatzeaz ere arduratzen da. «Dantza irakasleen ordutegia eta lanegunak antolatzen ditut, eta batzuetan zaila da dena ongi lerrokatzea».
«Ez dugu egonaldia dirua egiteko antolatzen. Gazteak laguntzeko eta udan ere dantza dezaten antolatzen dugu akademia»CAROLE PHILIPP Akademiaren antolatzailea
Hori bakarrik ez, dantzarien izen emateak ere kudeatzen ditu. Aurten, «anitzek» eman zuten izena eta, urtero bezalaxe, itxaron zerrenda ireki zuen. Badira azken momentuan ere etorri nahi dutenak, udako akademia ezagutu berri baitute. «Ingalaterratik deitu zidan familia batek errateko prest zela berehala hegazkina hartzeko hona etortzeko».

Philippen ustez, familia horrek ez zuen neurtu agorrilean alokairuen prezioak nolakoak ziren Miarritzen. Ondorioz, ezin izan dute bertaratu lizeoan leku guziak bete-beterik eta etxeen alokairuak karioegi zirelako. «Uste dut kostaldeko alokairuen prezio handiek dietela muga ezarri hona etortzeko».
Akademian dantza klasikoaren izarrak formatzen badituzte ere, Philippek nabarmendu du prezio «nahiko mugatuak» proposatzen dituztela egonaldirako. Egonaldiaren prezioa ikasleek hartzen duten klase kopuruaren araberakoa da. Egunean klase bakarra hartzen badute 240 euroan dute egonaldia, eta, klase mugagabeak hartzen badituzte, berriz, 520 euroan. «Ez dugu egonaldia dirua egiteko antolatzen. Gazteak laguntzeko eta udan ere dantza dezaten antolatzen dugu akademia».
Esperantza bakarra du Philippek: Martin Harriaga Malandain balleteko zuzendari berriak ere ildo beretik segitzea hurrengo urteetan. «Zinez, espero dut zuzendari berriak bide beretik segituko duela eta gazteek dantza klasikoaz gozatzen ahalko dutela oraino luzaz».