UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (V). Mikel Zalbide

«Formulazio berria posible eta egoki da»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Eskolak asko egin du euskararen biziberritzean, baina mugak ditu: ezin liteke guztia haren gain ipini. «Barizentroa» beste nonbait jarri behar dela azaldu du Zalbidek.

Inork baino hobeto daki euskarak nola egin duen aurrera eskolan, alor horretan baitaramatza urteak Mikel Zalbidek (Donostia, 1951). Euskaltzaina da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara zuzendaria. Ezagutzan nabarmen egin da aurrera, baina erabilera atzenduta dagoela aitortu du. Berritzeko garaia dela adierazi du.

Euskararen gorabidea hezkuntzaren gain jarri da batez ere. Zama handiegia eskolarentzat?

Gatozen filosofia sozioedukatibotik gatoz. Eskolak haurren ongi izatea eta «gizarte berria» ekar dezakeela eta ekarri behar duela dioen filosofiatik. Gizarte desoreka larrien konpontzailetzat hartu izan da eskola. 1960ko hamarkadan pentsatu genuen eskola izan zitekeela gurea bezalako hiztun elkarteek dituzten muga, eragozpen eta ezintasunen konpontzaile. Erdarak esparru zabaletan irabazitako terrenoa eskola bidez berreskuratuko genuela: etxetik erdaldun ziren haurrak —populazioaren %80tik gora— elebidun sendo bihurtuko genituela, batetik, eta etxetik euskaldun edo elebidun zirenei euskaraz ondo irakurtzen eta ondo idazten erakutsiko geniela, bestetik. Bide batez, hizkuntza xaharra edo larrekoanoranahiko bihurtuko genuela.

Eta lortu dira helburu horiek?

Neurri batean, bai. Askok uste duen baino neurri handiagoan. Euskaraz zerbait zekiten irakasleak ez ziren 1976-77an %5era iristen Hego Euskal Herrian; EAEn %85eko mugaz gainetik gabiltza, eta, erretiro kontuengatik besterik ez balitz ere, gora egingo du portzentajeak hurrengo urteotan.

D eredua nabarmen hazi da.

Gero eta ikasle gehiagok euskaraz ikasten du EAEn —nagusiki D ereduan; gainerakoek Bn—. Zenbakiak oso dira deigarri. Gurasoen eta ikasleen beren desioz edo onarpenez, nagusitzen ari da euskarazko ikasbidea: enrichment education da D eredua etxetik euskaldun direnentzat, eta immersion education program etxetik erdaldun diren gehienentzat. Asko lortu da; atzerriko hainbat adituren ustez, izugarri.

Erabilerarako jauzian, hutsune handia dago gaztetxoen artean.

Neska-mutilek, adin batetik aurrera bereziki, erdaraz egiten dute beraien artean, batez ere ikasgelatik kanpora. Oinarrizko eskola aldia 16 urterekin amaitzean, gutxienek dakite euskaraz gaztelaniaren pare, hitzez bereziki. Normalizazioa Legeak ezarritako xede nagusia, desideratum elebidun orekazko hura, urruti dago egia oso izatetik. Bistan da zergatik: helburu eta ahalmen jakinak ditu eskolak nonahi. Edozer gauza ezin du bere kontura egin: eskola ez da munduko gaitz guztien sendagai miragarria. Muga jakinak ditu gizarte bizitzan gogor erasanik —are aspalditxo galdurik— dagoen hizkuntza ahulduaren belaunez belauneko transmisio betea eskuratzeko eta, bereziki, kate hori etena dagoen kasuan —leku gehienetan— berrosatzeko.

Eskolaren rola birplanteatzeko ordua iritsi da?

Euskara indarberritzeko orduan ezinbestekoa da eskola. Behar-beharrezkoa da. Baina beste nonbait behar du formulazioak bere barizentroa: belaunez belauneko transmisioaren sostengu eta indargarri diren iturburu demoterritorial, sozioekonomiko, kultural eta politiko operatiboen konstelazio zabalean.

Ereduen sistemaz asko eztabaidatu da. Gaindituta dago?

Egungo eredu sistemak hemen eta orain nekez hobetu zitezkeen ondorio-emaitzak ekarri ditu. Guztia hobetu liteke. Dena den, lau polo oso kontuan hartu behar dira. Batetik, marko politiko nagusiarekin bateragarri izan behar du; lege aldaketarik gertatzen ez den artean, burugabea da marko hori kontuan hartuko ez duen formulazioa. Bigarrenik, bat etorri behar du ikasleen jatorrizko hizkuntza gaitasunarekin eta eskola bidezko garapen bidearekin. Hirugarrenik, elementu operatiboak kontuan hartu behar dira: ditugun baliabideak ditugu. Aldatu eta garatu litezke —hala egin da 35 urtez—, baina bere timing baldintzak izan ohi ditu horrek. Eta, laugarrenik, baldintza muga soziologikoak. Gizarte bizitzan txertatuz, bere beharrak, ahalmenak eta gogo-nahiak aintzat hartuz, moldatu behar da edozein formulazio berri. Hiztunek, hiztun taldeek dituzte beharrak eta gogoak, ez hizkuntzak berak.

Ez duzu proposamen sendorik ikusten?

Gaur-gaurkoz, eredu sistema honen alternatiba argirik ez dut ezagutzen. Halakorik agertzen eta adostasun basikoa lortzen ez den artean, eutsi egin behar zaio, hortaz, indarrean dagoen eta ezin ukatuzko emaitza baikorra ekartzen ari den eredu sistemari.

Egoera honetan, erabilera handitu daiteke eskolaren bidez?

Bai. Bide bat da orain arteko normalizazio proiektuak indartzea eta kualitatiboki zorroztea. Asko egin da, asko eta onik. Hori ere hobetu liteke. Saio horrek ere bere mugak ditu, ordea, eta ez da komeni helburu osoa saio bakar baten esku uztea. Euskararen erabilera indartzeko bide nagusia, jakina, eskolaz kanpoko mintza jardunaren giza arteko moldaera birmoldatzea da, euskararen beharra edo komenentzia hedatuz. Bigarren saio lerro horretan daukagu defizit nagusia.

Beste jauzi baterako ordua dela uste dute zenbaitek. Bat zatoz? Nork gidatu behar du gogoeta?

Erabat konforme nago: paradigma berria eztabaidatzen, zehazten, adosten eta aplikatzen hasteko ordua da. Hainbat gauza ikasi dugu, eta ikasitakoa aintzakotzat hartuz formulazio berria posible da. Posible eta, nire ustez, egoki. Gogoeta nork gidatu behar duen ez dakit: unibertsitatearen zain bagaude, jai dugu.

Bide horretan, arnasguneen garrantzia asko nabarmendu dute. Zuk zeuk asmatua da kontzeptua. Hor ikusten duzu gakoa?

Lehentasun osoa du: eguneroko bizimodu arruntaren adierazpide eta bilgune euskara duten gizataldeak, harreman sareak eta jarduera esparruak babestu, segurtatu eta zabaltzea hil ala bizikoa da. Itzali aurreko txondorretik mila bider errazagoa da sua piztea, aspaldi itzalitako enborrondotik baino. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena berez bere segurtaturik duten arnasguneak lehentasun osoko esku-hartze gune ditugu. Kontzentrazio demolinguistiko aktiboari aparteko atentzioa jarri behar diogu: askok askotan euskaraz egitea ezinbesteko ikergune izan behar du arnasguneak arnasgune izaten jarraitzeko. Baita arnasguneetan erdarak edo erdarek izan beharreko lekua argitzea eta mugatzea ere.

Eta horretarako bidea hasia da?

Ahultze lan handia eragin dugu—guk geuk— azken berrogei urtean, gure arnasguneetan. Lehen baino zailagoa da orain esku hartze hori formulatu, adostu eta aplikatzea. Gaur zail dena zailago izango da bihar, eta ezinezko etzi. Bitartean beste mila eginkizunetan katramilatzea ez da bidea: arnasguneak eta haien eskualde buruko populazio haziak sendotzea dugu eginkizun nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.