HILBERRIA

Joxan Artze hil da

Poeta, txalapartaria, Ez Dok Amairuren sortzaile eta parte, euskal literaturaren zutabe garrantzitsuenetako bat izan zen Joxan Artze (Usurbil, 1939). 60ko hamarkadan euskal kultura berritu eta bizitu zuen artista klabea. Gorpua Donostiako Errekalde auzoko Vascongada beilatokian egongo da eguerditik aurrera. Hileta bihar egingo dute, Usurbilgo parrokian (Gipuzkoa), 19:00etan.

Oihana Elduaien Uranga.
2018ko urtarrilaren 12a
09:10
Entzun

Gaixo zegoen Joxan Artze, eta gaur hil da, etxean, 78 urterekin. 12:30etik aurrera, Errekaldeko Vascongada beilategian egongo da haren gorpua, eta hileta elizkizuna bihar egingo dute 19:00etan Usurbilen. Bere heriotzaren berri izan ondoren, hainbatek agertu dituzte doluminak eta Artzek kantagintzari eta kulturari egindako ekarpena nabarmendu dute. Adinean aurrera joan arren, azkeneko hamarkadatan hainbatetan lagundu zien sortzaile gazteei eta haren poesia belaunaldi berriei transmititzeko borondatea ere izan zuen.

Poesia idatzi du Joxan Artzek, eta hamar liburu argitaratu zituen. Euskal kantagintzan oso ezagunak diren hainbat hitz harenak dira, hala nola Mikel Laboaren Txoriak Txori eta Gure bazterrak. Laboarekin batera hainbat sormen lan egin zituen, eta ezaguna da anaia Jexuxekin batera txalaparta birsortzen egindako saioagatik ere. Bideoa: Bi anaiak, 2.000 urtean txalaparta jotzen.

[youtube]https://youtu.be/nkTSL9B4zq8[/youtube]

Ez Dok Amairuren sortzaile eta kide izan ziren anaia eta biak Benito Lertxundirekin, Jorge Oteizarekin, Jose Angel Irigarairekin, Julen Lekuonarekin, Lourdes Iriondorekin, Mikel Laboarekin, Nestor Basterretxearekin eta Xabier Leterekin batera, eta lan handia egin zuen 60ko hamarkadan euskal kultura berritzen eta bizitzen.

Bereziki aipatzekoa da Isturitzetik Tolosan Barru liburua. Bere lehen liburua izan zen, 1969an argitaratua, eta, garai hartarako, erabat aitzindaria. Lehen lan multimediatzat ere jo izan da liburu hori disko bat zekarrelako, ilustrazioak zeudelako, koloreen jokoa. Eta han daude gerora hainbat euskal abestitan jasoak izan ziren abestiak. Besteak beste, Mikel Laboak ez ezik BAPek ere musikatu zuen Ama hil zaigu abestia.

Txalaparta eta poesia zutabe, molde berriak ekarri zituen idazkuntzara. 70eko hamarkadan Ikimilikiliklik ikuskizun multimedia ere sortu zuen, eta, gerora, han oinarritutako erakusteka ere jarri zuten San Telmo museoan. Artzeren beraren lanaren gainean ere izan da sormen lanik gerora ere: Metrokoadroka kolektiboak eta Bide Ertzean-ek haren azken bi liburuetako poesiekin bat egin zuten, eta DVDan jaso zuten gero. Leku asko agertzen dira Artzeren poesian. Haiekin erreportajea osatu zuen Iñigo Astizek.

Duela hiru urte elkarrizketa mamitsua egin zion Juan Luis Zabalak BERRIAn, azkeneko 26 urteotan idatzitako poemak plazaratzen hasia zelako. Olerkiek ideien kritika egiten dutela esaten zuen han.

Harena da Euskal Herriko hainbat txokotan ikus daitekeen esaldia: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitzegiten ez duelako baizik".

Sareetan berehalakoa izan da jendearen erreakzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.