Espainiako bozak

EAJk irabazi ditu hauteskundeak Hegoaldean; Espainiako eskuinak soilik bi ordezkari lortu ditu 23tik

Oihana Elduaien Uranga - Amagoia Mujika Tolaretxipi
2019ko apirilaren 29a
11:17
Entzun

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrek 23 hautetsi aukeratu dituzte Espainiako Diputatuen Kongresurako. EAJk lortu du herritarren babes gehien, eta sei eserleku eskuratu ditu. PSEk eta PSNk ere sei batu dituzte, Elkarrekin Podemosek bost, EH Biduk lau eta Navarra Sumak bi.

Espainiako Eskuinak, beraz, ez du babes handirik lortu. PPk ez du hautetsi bakar bat ere lortu,eta galdu egin ditu lehen zituen laurak. Ciudadanosek eta Voxek ere ez dute ordezkaritzarik lortu. Nafarroan, PPk zituen bi aulkiak Navarra Sumak eskuratu ditu, baina ez da ordezkaritzarik handitu.

EH Bilduk dantzan izan ditu bi eserleku azken unera arte; bat Araban eta bestea Nafarroan. Araban beretzat gelditu da azkenean, PPren kaltetan. Javier Maroto kongresutik kanpo gelditu da. Nafarroan, berriz, PSNren esku gelditu da dantzan ibili den aulkia. Nolanahi ere, atzerriko botoak zenbatzeko daude oraindik, eta astearen amaieran argituko dira behin betiko emaitzak.

BERRIAk Hego Euskal Herriko emaitzak aztertu ditu alderdiz alderdi, baita Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan izan diren emaitzen berezitasunak ere. Horrez gain, udalerri guztietako emaitzak kontsulta daitezke eta aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatu, BERRIAk prestatu duen mapa interaktiboan.

Espainian akordioen premia

Hauteskundeen emaitzek nabarmen aldatuko dute Espainiako Kongresuaren osaera. PSOE nagusitu da Espainian 123 botorekin. Nagusitu bai, baina gehiengorik gabe. Pedro Sanchez zerrendaburua presidente aukeratzeko aski zaio gehiengo sinplea, eta beraz, nahikoa izango du Unidas Podemosek babesa. Baina, gobernu sendo bat osatu nahi badu, hortik aurreragoko akordioak egin beharko ditu.

Ciudadanosekin elkartzea du aukeretako bat, hark lortutako 57 eserlekurekin gehiengo osoa osatzen baitute. Aukera hori ez duela baliatuko iradoki arren ez du argi esan Sanchezek kanpainan. Eta emaitzak baloratzeko agerraldian harekin ez elkartzeko eskatu diote jarraitzaileek, baina ez du erantzun argirik eman. Nolanahi ere, Riverak bere burua oposizioan kokatu du.

Beste aukera, Unidas Podemosekin ez ezik alderdi abertzaleekin elkartea da. Hala ere, horrek ez dirudi oso bideragarria, Sanchezek berak esan baitu akordioetarako “baldintza bakarra” Konstituzioa errespetatzea izango dela.

Konstituzio hori aldatu nahi duten alderdi abertzaleak indartsu agertu dira Katalunian, eta 1,5 milioi boto baino gehiago eskuratu dituzte. ERC izan da lehen indarra, eta 15 hautetsi eskuratu ditu. Junts per Catalunyak (JxCat) 7 lortu ditu, eta Front Republica (FR)k beste horrenbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.