Katalunia

Torra maiatzaren 15erako deitu dute deklaratzera, xingola horien auziarengatik

Kataluniako Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu du Kataluniako presidentea, fiskaltzak haren kontra jarritako kereilarengatik. Fiskaltzak desobedientzia leporatzen dio, Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari muzin egin ziola iritzita.

Quim Torra Kataluniako presidentea, JxCren hauteskunde ekitaldi batean, joan den apirilean. TONI ALBIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 3a
13:45
Entzun

Espainiako hauteskundeetarako kanpainan, Generalitatearen eraikinetatik xingola horiak eta esteladak erretiratzeko agindu zion Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako Gobernuari. Hasieran, espetxean diren buruzagi independentisten askatasuna eskatzeko sinboloak eraikin publikoetan mantentzeko asmoa agertu zuen Torrak, eta horiek beste sinbolo batzuekin ordezkatu zituen Generalitateak—xingola zuriekin eta politikari presoen aldeko mezuekin—. Azkenean, baina, sinboloak erretiratzea erabaki zuen gobernuak, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz.

Hala ere, Torraren aurka egitea erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari. Hark Kataluniako Fiskaltzari eskatu zion ikerketa abiatzeko, eta, gertakariak aztertu ondoren, Torraren aurkako salaketa aurkeztu zuen azken horrek. Orain, deklaratzera deitu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, TV3 telebista kataluniarrak aurreratu duenez. Torrak maiatzaren 15ean deklaratu beharko du.

Fiskaltzak leporatzen dio Hauteskunde Batzordearen aginduari "kontzienteki" muzin egitea eta Generalitatearen eraikinetan "sinbologia alderdikoia" mantentzea, "ezkutuko eran bada ere".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.