Europako Batasuna

Sassoli sozialdemokrata aukeratu dute Europako Parlamentuko presidente

Italiako Alderdi Demokratikoko kidea da. Gehiengo osoz aukeratu dute, bigarren bozketan.

David Maria Sassoli Europako Parlamentuko presidente berria, gaur, parlamentuko saioan. PATRICK SEEGER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 3a
07:31
Entzun

Antonio Tajani ordezkatuko du beste politikari italiar batek Europako Parlamentuko presidentetzan. David Maria Sassoli sozialdemokrata izango da presidente berria. Sassolik 63 urte ditu, Florentzian jaiotakoa da, eta kazetaria da ofizioz. Gehiengo osoz aukeratu dute. 345 boto jaso ditu alde, balekoak izan diren 667 botoetatik.

Europako Parlamentuko jarduna ez zaio arrotza Sassoliri. Hirugarren legealdia du europarlamentari gisa, eta ganberako presidenteorde izan zen azken agintaldian. Oraingoan, bi urte eta erdirako hartuko du kargua, hura berritzeko aukerarekin. Oso litekeena da, ordea, legealdiaren bigarren erdian Europako Alderdi Popularreko Manfred Weberrek hartzea parlamentuko presidentetza.

Parlamentuko presidentetzarako hautagaitza aurkeztu dute Jan Zahradil kontserbadore eta erreformisten taldekoak —160 boto eskuratu ditu—, Ska Keller berdeen taldekoak —119 boto—, eta GUE/NGLko Sira Regok —43 boto—.

Sassolik, Europako Alderdi Sozialistaren babesaz gain, liberalena eta kontserbadoreena ere jaso du. Bi indar horiek uko egin diote hautagaia aurkezteari, EB Europako Batasuneko beste erakunde batzuetan karguak eskuratzearen truke. Estatu kideek atzo itxi zuten batasuneko agintari karguak banatzeko akordioa.

Lehenengoz, emakume bat proposatu dute Europako Batzordearen presidente gisa: Ursula von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroa. Beste emakume bat aukeratu dute EBZ Europako Banku Zentralerako hautagai. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren presidentea. Kargua utzi du behin-behinean, EBZko presidente ardura hartzeko. Alemaniak eta Frantziak proposatu dituzte agintari postu garrantzitsuenetarako hautagaiak. Ez dira bakarrak izan, ordea. Espainiak Josep Borrel Atzerri ministroa kokatu du EBko diplomaziaburu. Kanpo Politikarako eta Segurtasun Komunerako goi ordezkaria izango da.

Italiak, berriz, eragin ahalmena galdu du EBko erakundeen gidaritzan. EBZko presidente Madrio Draghi Lagarde frantziarrak ordezkatuko du, eta batasuneko diplomaziaren buruan Borrel espainiarrak hartuko du Federica Mogheriniren lekua. Kargu horien aldean, garrantzia gutxiagokoa da Europako Parlamentuko presidentetzarena. Gainera, Italiako gobernua sostengatzen duten Lega Nordentzat eta 5 Izar Mugimenduarentzat Sassoliren izendapena ez da pozerako arrazoia. Sassoli Matteo Renziren Alderdi Demokratikoko kidea da, eta oso kritiko agertu izan da Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren migrazio politikarekin.

Kataluniako auziari dagokionez, Sassoli "guztiz" bat dator Espainiako Gobernuaren jarrerarekin, Iratxe Garcia sozialista europarren taldeko presidenteak adierazi duenez.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.