Voxek hauteskunde kanpaina egiteko gune bat jarri du gaur arratsaldean Atxuriko Enkarnazio plazan, Bilbon. 17:15 aldera, protesta egitera joan zaizkie herritar ugari, eta Ertzaintzaren hainbat furgoneta joan dira bertara; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hiru lagun atxilotu dituzte.
Atxilotuak polizia etxean daude, eta agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea egotzi diete. Gainera, beste sei lagunen aurkako diligentziak zabaldu dituzte, Hauteskunde Legea urratzea leporatuta.
Apirilean ere liskarrak izan ziren Bilbon, Voxek Euskalduna jauregian eginiko ekitaldi baten kontra eginiko protestetan. Urriaren 20an, berriz, Ertzaintzak dozenaka lagunek osatutako elkarretaratze bat desegin zuen, Bilbon bertan, Voxen ekitaldi baten kontra protestan ari zirela.
Gaur bertan jakinarazi dutenez, sei lagun deklaratzera deitu dituzte abenduaren 2rako eta 3rako Donostiako epaitegian, apirilaren 13an Errenterian (Gipuzkoa) Ciudadanosek antolatutako ekitaldiaren aurkako protestan parte hartzea egotzita. Tentsioa izan zen, eta Ertzaintza oldartu egin zitzaien protestan ari zirenei. Ciudadanosek gertatutakoa salatu zuen Espainiako Estatuko fiskalaren aurrean, eta Gipuzkoako fiskalak ikerketa abiatu zuen maiatzean, aztertzeko mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin ote zen.