Euskara

Euskaralditik Euskaraldirako Euskararen Eguna

Aparteko ekitaldirik gabe dator aurten abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskaraldiak jarri zion puntua joan den urtean, eta datorren urtean ere bai: hamabost eguneko ariketa orduan burutuko da. Tarteko urtea da aurtengoa: bigarren Euskaraldia prestatzen ari dira bete-betean.

Euskaraldia izan zuten ardatz iazko Euskararen Egunean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko abenduaren 3a
09:19
Entzun

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Ekitaldiak izango dira han-hemen, bai herriz herriko euskara taldeek antolatuak, bai erakundeenak. EAEko instituzioek, adibidez, Bilbon egingo dute urteroko ekitaldi instituzionala, iluntzean. Hakoba batzordean dauden erakundeek —Eusko Jaurlaritzak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek; Eudel udal elkarteak; eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak— adierazpen bat onartu dute Euskararen Egunaren harira: elkarlana eta «estrategia berriak» aldarrikatu dituzte.

Euskaraldia da, hain justu, bi ardatz horien zutabe nagusietako bat. Hura izan zen iaz Euskararen Eguneko protagonista: 11 eguneko ariketa abenduaren 3an amaitu zen. Datorren urtean ere hura izango da Euskararen Eguneko ardatza: hamabost eguneko ariketa izango da bigarren Euskaraldia, azaroaren 20an hasita. Lehen Euskaraldia gainditzea dute erronka: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa hartu dute. Beste urrats bat egin nahi dute, eta norbanakoak ez ezik, entitateak ere mugiarazi nahi dituzte hizkuntza ohiturak aldatzeko. Arigune kontzeptua sartu dute: euskaraz eroso egiteko eremuak izango dira, barrura begirakoak nahiz kanpora begirakoak.

Euskalgintzan mugarri nabarmena izan da Euskaraldia. Batetik, sortu duen mugimendua ikusita: 225.000 lagunek parte hartu zuten lehen ariketan. Bestetik, balio izan duelako ohituretan aldaketak eragiten hasteko, Soziolinguistika Klusterraren ikerketak erakutsi duenez. Hizkuntza ohiturak aldatzeari dagokionez, beste proposamen bat aurkeztu du Soziolinguistika Klusterrak aurten: Ulerrizketa metodologia. Euskaraz eroso aritzeko mugak dituztenekin nola jardun, bitarteko batzuk aztertu dituzte.

Hizkuntza ohiturena da euskararen erabilera hauspotzeko ardatzetako bat, baina ez bakarra. Joan den astean egin zuen Kontseiluak urteko balantzea, eta hizpide izan zituen hainbat erronka; besteak beste, ohartarazi zuen ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak falta direla egiteko, herritar gehienek ez baitakite euskaraz. Egunotan hizpide izan da beste esparru bat ere: kultura kontsumoa. Eusko Jaurlaritzak ikerketa baten berri eman du: ahozko adierazpideetara herritar gehiagok jotzen dute, baina irakurmena beheraldian dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.