Albistea entzun

EHUk lantokira ez joateko eskatu die haurdun edo edoskitzaroan dauden Eibarko Ikastegiko langileei

HHn eta LHn haurrak ez dira kalera aterako jolasgaraian, dioxina eta furano ugaritik babesteko.

Telebista kate bateko bi langilek, Zaldibarko zabortegiaren inguruan, airetik babesteko maskarak jarrita.
Telebista kate bateko bi langilek, Zaldibarko zabortegiaren inguruan, airetik babesteko maskarak jarrita. Juan Herrero/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2020ko otsailak 17

Prebentzio neurriak ikastetxeetara zabaltzen ari dira gaur Zaldibarko zabortegiaren inguruetan. Posta elektronikoz zabaldutako zirkular baten bidez, EHUk  Eibarko ikastegiko langileei eskatu die ez joateko lanera baldin eta haurdun edo edoskitzaroan badaude. Hala baieztatu du BERRIAk, sare sozialetan erabiltzaile batek oharraren berri eman ondoren.

Zirkular baten bidez egin die eskaera EHUk bere langileei. Unibertsitateko Prebentzio Zerbitzuak egin duen eskaera bat da: «Baldin eta ikastegian haurdun edo bularra emateko egoeran dauden emakumeak badaude, ikastegira ez joateko, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eta egon litekeen arriskutik urrun egoteko». EHUk gaineratu du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, haurdun eta edoskitzaroan dauden langileak «bereziki sentiberak» diren langile gisa identifikatzen dira. Kanpoko kontratei ere helarazi die eskaera, mezuan dioenez.

BERRIAk eskuratu duen zirkular horretan, ostiralaz geroztik Eusko Jaurlaritzak emandako prebentzio neurrien berri eman du EHUk. Azaltzen du atzemandako dioxina eta furano mailek ez dakartela «berehalako arriskurik osasunarentzat», baina kautela neurriak hartzeko gomendatu duela Osasun Sailak. Haurdun eta edoskitzaroan dauden langileei egin zaien eskaera gutxienez ostegunera arte luzatuko da «harik eta normaltasuna adierazten duten ebidentzia objektiboak eduki arte». Ostegunean dioxina eta furano mailaren gaineko emaitzak berriak emango dituzte.  

Prebentzio neurriak HHn eta LHn

Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko HH eta LHko ikastetxeetan ere ezohikoa da gaur eguna. Ostiralean jakin zen airearen analisiaren emaitzaren eraginez, ikasle horiek gaur ez dira kanpora aterako jolasgaraian, eta eskola barruan egingo dituzte tarte horri dagozkion jarduerak. Hala erabaki dute hiru herri horietako ikastetxeetako zuzendaritzek, haurrak airean neurtu den dioxina eta furano ugaritik babesteko.

«Eusko Jaurlaritzak adierazitako prebentzio neurriei jarraituz (ahal den neurrian, aire zabaleko kirol jarduera intentsiboak murriztea gomendatzen da neurri horietan), honako hau jakinarazten dizuegu: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen eskola jarduera guztia eraikin barruan eta gimnasioan egingo da. Ez da Gorputz Hezkuntzako jarduerarik izango, igeriketa ikastaroa izan ezik. Komunikazio gehiago jaso ahala, zuek informatzen jarraituko dugu». Ohar hori jarri zuten atzo Ermuko San Lorenzo eskolan, Zaldibarko zabortegitik 400 metrora.

Joan den astean airearen kalitatea ona zela esan ostean, ostiralean jakinarazi zituzten hilaren 9an hartutako aire laginen analisien emaitzak. Normalean baino 40 eta 50 aldiz handiagoa da dioxina eta furano maila Verter Recyclingen zabortegiaren inguruan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak zenbait aholku eman zituen: etxeak ahalik eta gutxien egurastea, batez ere gauez leihoak itxita edukitzea, eta kanpoan kirola eta ariketa fisiko gogorrik ez egitea.

Ermuan bilera batera deitu dituzte herritarrak gaur arratsalderako. Ostiralean, Osasun sailburuorde Iñaki Berraondok, Osasun Publikoko zuzendari Juanjo Aurrekoetxeak eta Jesus Ibarluzea adituak lasaitasun mezua eman nahi izan zuten: dioxinak soilik epe luzera dira kaltegarriak, gorputzean kantitate handian metatzen badira; epe laburrean ez dira arriskutsuak, eta nazioarteko osasun erakundeek ez dute ezarri kaltegarria izan daitekeen gehieneko maila bat. Atzo mezu hori berretsi zuen Jaurlaritzak. Hala ere, bertan behera utzi zuten atzo jokatzekoa zen Eibarren eta Realaren gizonezkoen taldeen arteko futbol partida. Eskola kirolik ere ez da izan asteburuan.

Airearen analisiaren emaitza jakin ondoren, herritarren kezka agerikoa zen larunbatean inguruko herrietan, eta «inpotentzia», «kezka» eta «mesfidantza» adierazi zioten larunbatean BERRIAri. Larunbat arratsaldean manifestazio jendetsu bat egin zuten, oraindik ere desagertuta dauden senideei babesa emateko eta erantzukizunak eskatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasleak euskararen aurkako erasoak salatzen, atzo, Donostian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Hezkuntza propioa eta euskalduna aldarrikatu dute kalean

Irati Urdalleta Lete

Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko eta NUPeko euskara taldeek eta Ikamak deituta, manifestazioak egin dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan
EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute
Euskarazko ikasketak aldarrikatzeko afixa bat, NUPen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Osasun Legearen erreforma aurrera atera du Txibitek, eztabaida itxi gabe

Ion Orzaiz

Aldeko 49 boto jaso ditu legeak, eta abstentzio bakarra: Ezkerrarena. SMN, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako neurriak jasotzen ditu arauak. Auziari «azken unean» heldu izana egotzi diote gobernuari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...